TKNIKA, 20 urtez Euskadiko Lanbide Heziketako berrikuntzaren motor gisa

Argitalpen-data: 


      Tknika_20_2.jpg

Lanbide Heziketako 2030eko Euskal Estrategiaren funtsezko pieza da Tknika eta bi hamarkadatan aritu da Euskadiko Lanbide Heziketa bere bikaintasun, berrikuntza eta pertsonekiko konpromisoagatik nazioarteko erreferente gisa finkatzen.

Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburua buru izan da gaur goizean Tknika Lanbide Heziketarako ikerketa eta berrikuntza aplikatuko zentroaren 20. urteurrena ospatzeko ekitaldian. Ekitaldian, Pili Alonso Tknikako zuzendariak eta Jon Labaka Lanbide Heziketako sailburuordeak ere parte hartu dute, laurogeita hamar pertsona ingururekin batera —Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuetako eta erakunde laguntzaileetako zuzendaritzen artean— eta zentroaren instalazioak bisitatu dituzte Errenterian.

Tknika duela bi hamarkada sortu zen, helburu argi batekin: Euskadiko Lanbide Heziketako berrikuntzaren motor bihurtzea. “Ikuspegi hori, denboraren poderioz, errealitate bihurtu da, ez bakarrik gure ingurunean, baita gure mugetatik harago ere”, adierazi du Pedrosak. Sailburuak nabarmendu duenez, gainera, hogei urte hauetan Tknika “lankidetzarako, ikaskuntzarako eta eraldaketarako gune gisa finkatu da; hezkuntzaren, enpresaren eta gizartearen arteko topagune gisa, non berrikuntza aurrerapenaren eta ongizatearen zerbitzura jartzen den”.

Lan horri esker, Lanbide Heziketako euskal sistema bikaintasuna, berrikuntza eta pertsonekiko konpromisoa uztartzen dituen nazioarteko erreferente bihurtu da. Sailburuaren hitzetan, “Tknika Lanbide Heziketa ulertzeko dugun modurik onenaren ikurra da: lurraldean errotutako Lanbide Heziketa bat, mundura irekia, enpresen errealitatearekin konektatua eta pertsonengan eta haien garapenean oinarritua”.

Tknika, Lanbide Heziketa 2030eko Euskal Estrategiaren palanka

“Euskal Lanbide Heziketa eredu arrakastatsua da, eta hazten jarraitzen du”, azpimarratu du Pedrosak. Lanbide Heziketa Integraleko sistema hori garatzen jarraitzeko —eragile sozioekonomikoekin lankidetzan—, sailburuak gogorarazi duenez, Hezkuntza Sailak 2030erako Lanbide Heziketako Euskal Estrategia jarriko du abian. Estrategia horrek, azaldu duenez, norabide argia markatzen du, eta “konfiantza sortzea eta ekintza inspiratzea du helburu, funtsezko bost ardatzen bidez: talentua, berrikuntza, jasangarritasuna, digitalizazioa eta nazioartekotzea”.

Erakunde, ikastetxe, enpresa eta gizartearen arteko elkarlanaren ondorioz, Euskadiko LH sistema sendo gisa finkatu da, betiere hazten ari den eta etorkizuneko aldaketen buru izateko prestatuta dagoen sistema gisa. Apustu horren garapenak 65 milioi euro izango ditu 2026an, eta 325 milioi baino gehiago mobilizatuko ditu indarraldi osoan. “Lanbide Heziketan inbertitutako euro bakoitza gizartearekin egindako kontratua da: enplegua, berrikuntza eta ongizatea itzultzen ditu. Eta Tknika apustu horren parte da”, azpimarratu du.

Azkenik, Pedrosak zentroko kide diren pertsona guztien lana aitortu nahi izan du: “Zuen eguneroko lanak, ezagutzak eta inplikazioak ahalbidetu dute proiektu hau gaur egun dena izatea”.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)