Itxasok eremu tentsionatuen euskal eredua aldarrikatzen du, itunean oinarritua, eta bere irismen handiagoa lege-neurri osagarriengatik

Argitalpen-data: 

  • Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Euskadiko udalerri “tentsionagarrien” zerrenda eguneratu du. Zerrenda horretatik 11 udalerri ateratzen dira eta 14 udalerri berri sartzen dira.
  • Denis Itxaso sailburuak, Etxebizitzako sailburuorde Miguel de los Toyosekin eta Etxebizitzako Plangintzaren eta Prozesu Eragileen zuzendari Mario Yoldirekin batera, informazio-kanpaina bat eta webgune bat aurkeztu ditu, bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuetan maizterrek eta jabeek dituzten eskubideak eta betebeharrak ezagutarazteko.

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak gaur aurkeztu du Euskadin eremu tentsionatu izendatu daitezkeen udalerrien zerrenda eguneratua, Etxebizitza Eskubideari buruzko Estatuko 12/2023 Legean zehaztutako irizpideetan oinarrituta. Txosten horrekin batera, informazio-kanpaina bat eta webgune berri bat abiarazi dira, herritarrei horrelako arloetan maizter edo jabe gisa dituzten eskubide eta betebeharren berri emateko.

Aurkezpenean, Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburu Denis Itxasok euskal eredua aldarrikatu du ikuspegi berezi eta itundu gisa, zerga-ereduekin kontrastean: “Eusko Jaurlaritzak eremu tentsionatuak izendatzeko eredu bat aukeratu du, udalekin egindako itunean oinarritua, eta udalok dira hiru urteko ekintza-plan bat egiteko arduradunak. Plan horren helburu nagusia babestutako etxebizitzen eskaintza handitzea da, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritza prest dago babes ofizialeko etxebizitzak alokairu-erregimenean eraikitzen laguntzeko”. Horretarako, gaineratu duenez, Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak “udalei eskatzen die lurzoruak detektatzeko eta eskuragarri jartzeko, udal-ordenantzak aldatzeko, etxebizitza hutsen fenomenoari aurre egiteko estrategiak ezartzeko, eta udal-eskumeneko beste neurri batzuk hartzeko, horiek gabe zaila izango bailitzateke tentsionamendutik ateratzea”.

Sailburuaren arabera, ikuspegi horrek beharrezkoak ez diren konfrontazio juridikoak saihesten ditu, eta etxebizitzako politika kooperatibo eta eraginkorra eraikitzea ahalbidetzen du. “Udalekin filosofia bat partekatzen dugu, bizitegi-merkatuan estres-egoera horretatik lehenbailehen ateratzeko helburuan oinarrituta. Eremu tentsionatuen izendapenak udalei beren borondatearen gainetik ez inposatzeak auziak eta segurtasun juridikorik eza saihesten ditu, eta herrialdearen konpromiso sendo eta partekatuaren irudia ematen laguntzen du”, azpimarratu du Itxasok. Eremu tentsionatu izendatzeak atea irekitzen die etxebizitzaren arloko politika publikoaren esku-hartze espezifikoei, “tentsionagarri” gisa identifikatutako udalerrientzat. Ildo horretan, “Eusko Jaurlaritza lege-erreformak sustatzen ari da, eremu tentsionatuaren figurari irismen handiagoa emateko. Gaztelagun edo Bizigune bezalako programak, Erabilera Turistikoko Etxebizitzak mugatzea, eremu tentsionatuaren figurari indexatuta egon ahal izango dira, Jaurlaritzak premiazko neurrien dekretu bat izapidetzen duen bakoitzean eta talde parlamentarioekin lankidetzan aritzen den bakoitzean figura horri ibilbide luzeagoa emango dioten lege erreformak lortzeko”, azpimarratu du Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak. Bere jardun amaitzeko, balioan jarri du honako hau: “Hiru euskal lurraldeetako Batzar Nagusiek onartu berri duten zerga-erreformak eremu tentsionatuaren figura hartu izana etxebizitzak alokairu-merkatura ateratzen dituzten jabeentzako pizgarriak hobetzeko irizpide gisa”.

EAEko 32 udalerrik betetzen dute Eremu Tentsionatu izendatzeko irizpideren bat

Euskadiko eremu tentsionatuei buruzko txostena. 2025eko apirila dokumentuaren arabera, Etxebizitzaren Euskal Behatokiak gaur argitaratua, legez ezarritako hiru irizpideetako bat gutxienez betetzen duten 32 udalerri identifikatu dira: alokairu- edo salerosketa-prezioen igoera handia, edo familia-errentaren % 30etik gorako ahalegin ekonomikoa. Udalerri horiek 1,48 milioi pertsona baino gehiago biltzen dituzte, hau da, Euskadiko biztanleriaren % 67,3. Kalkulu hori egiteko, udalerri “tentsionagarrien” zerrendan sartu dira dagoeneko izendatu direnak edo izapidetze-prozesuan daudenak, tartean: Errenteria, Zumaia, Lasarte-Oria, Barakaldo, Irun, Galdakao (2. barrutia), Donostia, Astigarraga, Hernani, Usurbil eta Lezo.

Txosten eguneratuak 2024aren amaierara arteko datu ofizialak jasotzen ditu, alokairu- eta salerosketa-prezioak eta ahalegin ekonomikoaren maila barne, Autonomia Erkidego osoan metodologia zorrotz eta komuna aplikatuz. Araban, Gasteiz da hiru irizpideak betetzen dituen udalerri bakarra; Bizkaian, Bilbo, Basauri, Portugalete, Santurtzi nabarmentzen dira, eta Gipuzkoan, Pasaia, Zarautz, Hondarribia eta Orio.

 

Araba

Bizkaia

Gipuzkoa

-          Vitoria-Gasteiz

-          Balmaseda

-          Basauri

-          Berango

-          Bermeo

-          Bilbo

-          Derio

-          Elorrio

-          Erandio

-          Ermua

-          Gorliz

-          Lekeitio

-          Portugalete

-          Santurtzi

-          Sestao

-          Sondika

-          Sopela

-          Urduliz

-          Arrasate

-          Azkoitia

-          Bergara

-          Deba

-          Getaria

-          Hondarribia

-          Legazpi

-          Oiartzun

-          Oñati

-          Orio

-          Pasaia

-          Soraluze

-          Tolosa

-          Zarautz

 

Txosten berri horrek adierazten du Araban Dulantzi udalerria bizitegi-tentsionamenduko egoeratik aterako litzatekeela.

Bizkaian, Bermeo partzialki tentsionatua izatetik osorik tentsionatua izatera igaroko litzateke, eta eremu tentsionatu izenda daitezkeen udalerrien zerrendan sartu dira: Derio, Gorliz, Elorrio, Lekeitio, Ermua eta Sopela. Hala ere, eta Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txosten berri horren arabera, Etxebarri, Ortuella, Gernika-Lumo eta Trapagaran bizitegi-alokairuaren egoera tentsionatutik aterako lirateke.

Azkenik, Gipuzkoan ere aldaketak identifikatu dira. Zarautz partzialki tentsionatua izatetik erabat tentsionatua izatera igaro da, eta, gainera, zortzi udalerri tentsionagarri berri sartu dira: Bergara, Legazpi, Deba, Oiartzun, Getaria, Oñati, Hondarribia eta Orio. Hala ere, beste sei herrik galduko lukete kalifikazio hori: Andoain, Ordizia, Beasain, Urnieta, Lazkao eta Zestoa.

Euskadiko eremu tentsionatuei buruzko informazio-kanpaina eta web-ataria

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak https://eremutentsionatua.euskadi.eus webgunea jarri du abian, Euskadin bizitegi-merkatu tentsionatuko eremuei buruzko informazio argia, gardena eta eguneratua eskaintzera bideratutako tresna digital berria. Gaur aurkeztutako web-atariak informazio eguneratua jasotzen du eremu tentsionatu izendatutako udalerriei buruz, horietako bakoitzak datozen hiru urteetan bizitegi-tentsioari aurre egiteko garatuko dituen ekintza-planei buruz, eta gida praktiko bat, sarritan egiten diren galderak biltzen dituena eremu tentsionatuek maizter zein jabeei nola eragiten dieten jakiteko. Ekimen hau Etxebizitzaren Estatuko Legea bultzatzeko neurrien parte da, eta erakundeek etxebizitza duin eta eskuragarrirako eskubidearekin duten konpromisoari erantzuten dio.

Webgune honen bidez, herritarrek honako hauek kontsultatu ahal izango dituzte: zein udalerri edo eremu geografiko izendatu diren eremu tentsionatu, udalerri bakoitzeko alokairuaren prezioen bilakaera (mapa interaktibo bat eskaintzen du) eta euskal herritarrei zuzendutako zerbitzu publikoko informazio guztia, beren politikekin etxebizitzarako sarbidea hobetzen laguntzen duten administrazio guztiei buruzkoa. Hala, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak, Espainiako Gobernuaren Etxebizitza eta Hiri Agendako Ministerioak, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiek eta bizitegi-merkatu tentsionatuko eremu izendatutako udalek bultzatutako neurriak biltzen dira. Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoa Sailak eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak beren gain hartutako ekimenak ere gehitu dira.

Webgunean mapa interaktiboak, txosten deskargagarriak eta ohiko galderen atal bat biltzen dira, euskaraz eta gaztelaniaz eskuragarri.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)