- Bidasoa ibaian 2023 eta 2024 urteetan ez da hildakorik egon
- Eusko Jaurlaritzak migratzaileei harrera egiteko beste administrazio batzuekin lankidetzan jarraitzeko konpromisoa hartu du
2024an 6.243 pertsonari eman zaie arreta, 2023an artatutakoen % 53 gehiago. 2024. urteko lehen hiru hilabeteak izan dira Irungo zerbitzuan arreta handiena jaso duten hilabeteak (urte osoan artatutako pertsona guztien % 41).
"Ezer baino aipagarriagoa da Bidasoan hildakorik gabeko bi urte igaro direla (2023 eta 2024) dagoeneko. Datu hori oso positiboa da, eta horri gehitu behar diogu aurten ere ez dugula kontingentzia-plana deitu behar izan" gaineratu du Nerea Melgosa sailburuak.
2024an “Hilanderas” baliabidean arreta jaso duten pertsonen profil nagusia, generoaren arabera, bakarrik dauden gizonena ( % 89,8) eta, batez beste, 25 urte dituzten gazteena da. Emakumeei eta adingabeei dagokienez, aurreko urteekin alderatuta, kopuruak behera egin du. 2024an, guztira 534 emakume artatu dira (artatutakoen % 8,5), aurreko urtean baino % 6 gutxiago. Jaitsiera hori artatutako adingabeen kopuruan ere islatzen da, guztira 103 adingabe izanik (artatutako pertsonen % 1,6). Familia motari dagokionez, ama bakarren familiak dira nagusi, eta 2024an Irungo baliabidean mota honetako 68 familia artatu ziren.
Nazionalitateari dagokionez azken bi urteekiko joera aldatu egin da eta nazionalitate nagusiak Ginea Konakry eta Boli Kosta izan dira 2024an. Maliko artatuen kopuruak gora egin du ( % 41.2), eta Ginea Konakrykoak, berriz, % 24. Aurreko urteetan ez bezala, 2024an Boli Kostan artatutako pertsonen kopuruak behera egin du. Senegaldik ( % 9,1) eta Mauritaniatik etorritako pertsonen kopuruak gora egiten jarraitzen du. Artatutako pertsona gehienak frankofonoak dira eta pertsona horien eta Irungo baliabideetako langile boluntario eta profesionalen arteko komunikazioa frantsesez izaten da.
Etorrerak eta gauen kopurua
Kanariar Uharteetatik, Ceutatik eta Melillatik iritsitako sarreren kopuruak eragina du Irungo harreran eskaintzen den arretan. Gaur egun, Irunen artatutako pertsonen % 90 Kanariar Uharteetatik heldu dira, eta % 4 Ceutatik eta Balear Uharteetatik. Nabarmentzekoa da Kanarietako Gobernuaren ordezkaritza batek lehen aldiz parte hartu duela migrazio prozesuan dauden migratzaileei harrera egiteko erakundeen arteko koordinazio-mahaiaren bileran.
"Gure konpromisoa, bai Euskadikoa baita Kanarietakoa ere, argia da, harrerak duintasunez eta gizatasunez egitean datza. Clavijo presidenteak eta Pradales lehendakariak jendaurrean aurkeztu zuten akordioa horren lekuko da. Akordio horretan, lehen aldiz, mahai gainean jarri zen Euskadik iparraldeko muga administratibo gisa jokatzen duen funtsezko papera ", adierazi du Nerea Melgosak, Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak.
Iritsitako egunaren arabera artatutako pertsonei dagokienez, ostegun eta ostiralak nabarmentzen dira, egun horietan (gizonez gain) iristen baitira emakume eta umerik gehien. Igarotze-zentroan emandako gau kopuruari erreparatuta migratzaileen % 36k heldutako egun berean alde egin dute. %56k gau bat igaro du, eta % 5ek hiru gau baino gehiago.
Informazio gehiago atxikitako prentsa-oharrean
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)