Hezkuntza sailburuak Euskadiko Olinpiada Filosofikoaren itxiera ekitaldia egingo du

Argitalpen-data: 

Lehiaketaren helburua hausnarketa filosofikoa, pentsamendu kritikoa eta eztabaida sustatzea da, eta Euskadiko DBHko eta Batxilergoko ikasleei zuzenduta dago.

Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan (Vitoria-Gasteiz) Euskadiko VII. Olinpiada Filosofikoaren finala jokatzen ari dira. Filosofia-zaleentzako ekitaldi hau 10:30etik 13:00etara izango da, eta Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak parte hartuko du amaieran.

Aurtengo edizioak parte-hartze handia izan du, 45 ikastetxetako ikasleek 524 lan filosofiko aurkeztu baitituzte. Olinpiadaren gaia hau da: "Zainketak: ingurunea zaintzea, pertsonak zaintzea eta norbera zaintzea". Argudio horrek gizarte-zerbitzuen irismenari, iraunkortasunari edo osasunari buruzko egungo erronkei buruzko hausnarketa sustatu du. Parte-hartzaileek bost modalitate dituzte proposatutako gaiari heltzeko: hitzaldia, dilema morala, bideosorkuntza, argazkia eta marrazki filosofikoa; azken modalitate hori EAEn soilik lantzen da. Euskadiko Olinpiadako irabazleak izango dira Euskadiren ordezkariak aurten Mallorcan egingo den Estatuko Olinpiadetan.

Filosofiako Olinpiada irabazi-asmorik gabeko kultura- eta hezkuntza-ekimen bat da, 2018an sortu zena bigarren hezkuntzako irakasle talde baten ekimenez eta Agora Filosofia Elkartearen laguntzarekin. Urte hauetan EHUren eta Deustuko Unibertsitatearen babesa jaso izan du, eta gaur egun UEUren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren laguntza du.

Ekimen honen helburua da filosofia ikasleen errealitatera hurbiltzea, eta, curriculum-edukiekin lotutako gaiei helduz, ikastetxeetan duten presentzia areagotzea. Irakasleen arteko harremanak ere indartzen ditu, eta unibertsitatearekiko komunikazioa indartzen du.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)