0-3 urte bitarteko euskal eskolatze-ereduak gero eta interes handiagoa pizten du, eta hori ekitatean, kalitatean eta doakotasunean erreferente gisa duen balioaren seinale da.
Bartzelonako, Tarragonako, Gironako eta Lleidako diputazioetako Presidenteek Eusko Jaurlaritzaren egoitza bisitatu dute gaur, Haurreskolak Partzuergoaren esperientzia bertatik bertara ezagutzeko.
Kataluniako lau diputazioetako (Bartzelona, Tarragona, Girona eta Lleida) Presidenteek osatutako ordezkaritza instituzional batek Eusko Jaurlaritzaren Gasteizko egoitza bisitatu du gaur, 0 eta 3 urte bitarteko hezkuntza-arretaren euskal eredua bertatik bertara ezagutzeko. Hezkuntza-etapa horretan antolatzeko eta gobernatzeko modu berriak aztertu nahi dituzte diputazioek, eta horregatik bisitatu dute Hezkuntza Saila. Izan ere, Jaurlaritzaren eta Haurreskolak Partzuergoaren arteko elkarlana balioetsi dute eta uste dute Katalunian etorkizunean 0-3 urte bitarteko etapa garatzeko adibide gisa erabiltzeko modukoa dela.
Bileran Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak parte hartu du, Haurreskolak Partzuergoko arduradunekin batera. Euskadin azken urteetan hedatutako unibertsalizazio-estrategiaren eta hezkuntza-kalitatearen inguruko xehetasunak eman dituzte.
Hezkuntza goiztiar doakoa eta kalitatezkoa: ekitatearen eragile
0-3 urte bitarteko hezkuntza-arretako euskal eredua funtsezko hiru zutabetan oinarritzen da: zerbitzua doakoa da, bizitzako lehen urtetik dimentsio hezigarria du, eta txikitatik aukera-berdintasuna bermatzeko ahalmena du.
Haurreskolen sareak ingurune segurua, afektiboa eta estimulagarria eskaintzen die familiei, ikaskuntza eta garapen emozionala batera garatzen baititu. Haurreskoletako hezkuntza- funtzioak errekonozimendua du sistemaren baitan; langile kualifikatuak, ratio egokiak eta haurraren garapen integralera egokitutako proiektu pedagogikoak ditu.
Balio hezitzaileaz eta ekitateari egiten dion ekarpenaz gain, Haurreskolen sareak familia eta lana uztartzen laguntzen du, familiei eta tutoreei laguntzen baitie haurren hazkuntzaren une erabakigarri horretan. Laguntza horrek indartu egiten du Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa, haurren hezkuntzaz arduratzeaz gain, zaindu, ulertu eta familia bakoitzaren beharrizanetara egokitzen baita.
Gaur egun, Haurreskolak Partzuergoak 238 zentro kudeatzen ditu Euskadiko 180 udalerritan, eta 8.800 plaza publiko baino gehiago ditu 0 eta 2 urte bitarteko haurrentzat. Proiektuaren lurralde-hedapena eta Eusko Jaurlaritzaren eta udalen arteko koordinazioa ere interesgarriak izan dira Kataluniako diputazioentzat, eta positiboki baloratzen dute partzuergoaren figura erakundeen arteko lankidetzarako formula gisa.
Beste lurraldeentzat erreferente
Topaketa horretan, Kataluniako diputazioetako ordezkariek euskal ereduarekiko interesa adierazi dute, hezkuntzaren, gizartearen eta familiaren arloko helburuak egitura berean integratzeko arrakastaren adibidetzat hartuta.
Eusko Jaurlaritzak eskerrak eman dizkie interesagatik, eta berretsi egin du beste erakunde batzuekin ezagutza eta jardunbide egokiak partekatzeko borondatea. Europan hezkuntza goiztiarrari gero eta arreta handiagoa eskaintzen ari zaion testuinguruan kokatzen da bisita, eta euskal eredua erreferente gisa finkatzen du hezkuntza-etapa honetan, funtsezkoa baita ekitatea eta eskola-arrakasta lortzeko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)