Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak azpimarratu du garrantzitsua dela ikasle guztientzako etorkizuneko aukerak sortzea "beren etorkizuna eraiki dezaten, abiapuntua edozein delarik ere".
Hezkuntza Sailaren lehentasunetako bat da ikasgeletako aniztasunari eta, bereziki, ikasle bakoitzaren beharrei erantzutea. Horixe da Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburuak ZUR-EKIN mentoretza-programaren amaiera-ekitaldian nabarmendu duen ideietako bat.
Deustuko Unibertsitateko auditorioan egin dute ekitaldia eta, bertan, agerian utzi du Hezkuntza Sailak lidergoa duela gaitasun handiko ikasleentzako hezkuntza hobetzeko lanean. Hezkuntza Sailak eta Deustuko Unibertsitateak elkarrekin sustatutako ekimena da, eta gaitasun handiko ikasleei aukera ematen die mentoretza-prozesuen bidez beren interesak eta bokazioa bilatzeko, beren ahalmena garatzeko eta unibertsitate-munduarekin lotzeko.
“Ikasturte honetan, DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako 124 ikaslek parte hartu dute, eta Deustuko Unibertsitateko eta Adimen-gaitasun Handien Garapenerako Laguntza Unitateko 14 tutorek gidatu dituzte”, azaldu du Pedrosak. Neurri hori bereziki interesgarria da Bigarren Hezkuntzan, aukera ematen baitu laguntzeko ikasle horien garapen emozionalean, behar bezalako autokontzeptua eraikitzen, eta lanbide- eta bokazio-orientazioan gidatzen.
ZUR-EKIN Eusko Jaurlaritzaren Gaitasun Handiko Ikasleen Planaren barnean kokatzen da. Plan horren barruan, Euskadik identifikazio, erantzun eta laguntza-eredu propioa garatu du. 2022-2023 ikasturtean egin zen lehen baheketa sistematikoa, % 3,1eko prebalentziarekin, eta zifra hori bat dator UNESCOk, OMEk edo Haur Supergaituentzako Mundu Kontseiluak ezarritako nazioarteko estandarrekin.
Edizio honetako tailerrek zuzenbidea, estatistika, hizkuntzalaritza, ingeniaritza, psikologia edo ekonomia bezalako diziplina anitzak jorratu dituzte, ikasleak unibertsitate ireki, irisgarri eta bizigarri batera hurbilduz.
ZUR-EKIN programaren helburua ikasleen gaitasunak indartzea eta garapen sozioemozional egokia lortzen laguntzea da. Horrela, unibertsitateko ateak zabaltzen zaizkie beren interesei eta kezkei buruz iker dezaten, mentoreen eskutik, helduaroan garatu daitezkeen esparruetan arakatu eta ikas dezaten.
Hezkuntza sailburuak berretsi du Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa dela hezkuntza inklusiboa, pertsonalizatua eta hezkuntza-emaitzen hobekuntzan zentratuan aurrerapausoak ematea. "Gure lehentasuna argia da: ikasle guztiek izan behar dute aukera bere potentzial handiena garatzeko. Badakigu gaitasun handiko ikasleek arreta espezifikoa behar dutela, eta tresna egokiak eman behar dizkiegula, bai akademikoki, bai pertsonalki hazteko ", azpimarratu du.
Amaiera-ekitaldi hau, gaurko egunez, maiatzaren 14an egin dute, Gaitasun Handien Egunean. Ekitaldiak ikasle hauek ikusarazteko eta hezkuntza sisteman duten lekua aitortzeko balio izan du.ZUR-EKIN programak Hezkuntza Sailak euskal hezkuntza-sisteman ekitatea eta bikaintasuna indartzeko zabaltzen duen estrategia globalari erantzuten dio.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)