- Euskaraldia.eus gunean, modu errazean, egongo da zein rol hartuko duten jakinarazteko aukera
- Euskaraldia hasteko bi hilabete falta direla ireki dute herritarrek izena emateko epea Gasteizen egindako ekitaldian; bertan izan dira erakundeetako ordezkariak, herritarrak eta entitateetako kideak, besteak beste
- Euskaraldiak euskara gehiago erabil dadin egiten duen ekarpena azpimarratu dute bertaratutako guztiek
Bi hilabete baino ez dira gelditzen Euskaraldia hasteko, eta hori probestuta ireki dute gaur laugarren edizio honetan belarriprest edo ahobizi moduan izena emateko epea. Maiatzaren 15etik 25era izango da aurten ariketa masiboa, eta jakina denez, txapa paparrean jantzita ibiliko dira Euskal Herri osoko milaka eta milaka lagun.
Herritarren izena emateko epea ireki dela iragartzeko antolatu dute ekitaldia Gasteizko Izaskun Arrue kulturgunean, eta bertan bildu dira dozenaka lagun, herritarrak, erakundeetako ordezkariak, batzordeetan aritzen direnak eta entitateetako kideak, besteak beste. Euskaraldiaren nondik norakoak azaltzen, berriz, oholtza gainean egon dira: Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza politikako sailburua; Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordea eta memoria eta bizikidetzako, kanpo ekintzako eta euskarako kontseilaria; Irati Iciar, Taupako lehendakaria; eta Goiatz Urkijo, Euskaraldiko koordinatzaile orokorra.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)