- Lehena, berria, “euskara hutseko argitalpenak sendotu, garatu eta normalizatzeko” dirulaguntza deialdia, eta, bigarrena, dirulaguntza zuzena Elkar Argitaletxeari, “BAGOAZ proiektua” 2025 urtean garatzeko
Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu ditu euskarazko komunikazio proiektuak garatzeko eta sendotzeko bi dirulaguntza. Guztira 804.000 euro bideratuko dira.
Alde batetik 554.000 euro bideratuko dira dirulaguntza deialdi berri batera: 2025 urtean euskara hutseko argitalpenak sendotu, garatu eta normalizatzeko deialdia. Lerro berri honen xedea da, euskara hutsean eta paperean argitaratzen diren argitalpenak sendotu, garatu eta normalizatzea. Gobernuaren konpromisoa da euskarazko hedabideak indartzeko eta sustatzeko ekimenak bultzatzea eta euskarak hedabideetan duen presentzia sustatzeko ekimenak bultzatzea. Laguntza honek konpromiso horri erantzuten dio.
Hala, deialdi honetara aurkezten diren egitasmoek, baldintza hauek bete beharko dituzte:
- 2025eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, laguntza mota honetara aurkezten den paperezko argitalpenak epealdi horretan kalean izan behar du, ohiko maiztasunarekin edo jardunarekin.
- Ekoizpen propioa eta euskara hutsean ekoitziak izan beharko dute.
- Banaketa-sistema gardena eta agerikoa izatea
- Salneurriaren berri ematea, eta harpidetza-sistemaren bat erabiltzen denean argi adieraztea ale bakoitzean; dohainik zabaltzen diren argitalpenen kasuan ez da aurreko hori bete beharrik izango
- Aleek zenbakikuntza jakin bati jarraitzea eta data jarrita edukitzea.
Hortaz gain, defizitarioak diren argitalpenei bakarrik eman ahal izango zaie dirulaguntza. Paperezko argitalpen orok gutxieneko finantzaketa-maila propioa izan behar du, ezinbestean eta, ondorioz, finantzaketa-maila horretara iristen ez den argitalpena kanpo utziko da.
Eskabideak deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hamabost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira.
Bestalde, Elkar Argitaletxeak SL entitateari 250.000 euroko dirulaguntza zuzena ematea onartu du Gobernu Kontseiluak, “Euskal Herri euskaldun garaikidea helburu duen BAGOAZ proiektua” 2025. urtean aurrera eramateko. Jadanik sortuta dauden ekoizpenak katalogatzea, saretzea, eta dauden premiak estaltzeko baliabide berriak sortzea eta zabaltzea da laguntza zuzen honen helburua.
Honako lan ardatzak zehazten dira proiektuan:
- Markoa/Agenda: Zehaztu diren helburuak lortzeko markoa. Agenda edo ibilbide proposamena. Markoa, eremu bakoitzeko eragile zein pertsona ezberdinekin kontratatu eta landuko da.
- Eskaintza. Aipatutako marko horren baitan eragiten duten baliabideak bildu eta eskainiko dira, bi jardun hauen bitartez:
- Katalogazioa: Askotariko eragileek jadanik sortuak dituzten baliabideak identifikatu eta katalogatuko dira. Horrela, duplizitateak saihestuko dira eta ekarpena egin dezaketen baliabideak kontuan hartu.
- Ekoizpena: Gabezia eta hutsune asko aurreikusten dira eta katalogazio lanak hutsune horiek osatuko duten elementuak sortzen lagunduko die. Ekoizpen berriak proposatuko eta ekoitziko dira hutsune horiek asetzen hasteko.
- Sozializazioa: Hiru eremutan: helburuak, ikusgarritasuna eta baliabide eskaintzaren formazioa. Baliabideen eskaintza gauzatuko den plataformaren garapena eta argitaratzea izango da mugarri garrantzitsuetako bat, aurrerago bukatuko dena.
- Finantzazioa: Lan-ildo honetan beste zigilu baten lanketa bideratuko da Elkarretik.
Hala, dirulaguntza zuzen honen bidez, 2025 urterako programatu diren lan hauek lagunduko dira:
- Markoa argitaratuko da.
- Zehar lerroen inguruko gida argitaratuko da.
- Katalogazio prozesuan bildutako baliabideen datu basea garatuko da.
- Identifikatutako hutsuneak betetzeko hainbat ekoizpen argitaratuko dira.
- 2026rako edizio-plana landu eta garatuko da.
- Komunikazio-plana landu eta garatuko da.
- Babesle zigiluaren markoa landu eta garatuko da.
- Bestelako lan-ildoetan egindako lanen memoriak aurkeztuko dira.
Gobernuaren konpromisoa da euskal-kulturaren arloan dabiltzan organismo eta elkarteekin batera, euskararen erabilerako interes globaleko proiektuak garantzea Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren bidez. Besteak beste euskara euskal herritar guztion ondarea dela defendatzeko duelako Gobernuak eta euskarak gure gizartean eta mundu digital konplexu eta aldakorrean lekua hartzen jarrai dezan beharrezkoak diren politikak bultzatu behar dituela sinisten duelako. Laguntza honek konpromiso horri erantzuten dio.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)