Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Lanzaroteri eman dio gaur Turismo Jasangarriaren Munduko Gutuna berritzeko lekukoa. Gutun hori 1995ean sinatu zen lehen aldiz uhartean, eta 2015ean berritu zen Gasteizen. Ekitaldian parte hartu dute, halaber, Unescoko Ekologia eta Lurraren Zientzien Dibisioko zuzendaria, Antonio Abreu, Turismoko Estatu Idazkari Rosario Sanchezek, Lanzaroteko Kabildoko presidente Oswaldo Betancortek eta Kanarietako Gobernuko Turismo eta Enpleguko kontseilari Jessica de Leonek.
Sailburuak gogorarazi du 30 urte hauetan bi erkidegoek gidatu dutela Gutunaren sinadura, "jasangarritasunaren aldeko apustua oso serio hartzen dugulako eta jakin badakigulako jasangarritasunak ez duela helmuga bat izan behar, bidea baizik".
Sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko turismo jasangarriaren eredua nabarmendu du, eredu hori honako honetan oinarritzen baita: "turismoak ez du errentagarria eta erakargarria izan behar soilik, baita bidezkoa, inklusiboa eta turismoa bera hartzen duten komunitateekiko errespetuzkoa ere. Euskal Autonomia Erkidegoan urrats ausart eta aitzindari batekin heldu diogu: Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa. Kode hori NBE Turismoak bermatzen du, eta hark Euskal Autonomia Erkidegoko turismo-eragile guztiek eguneroko praktikan erantzukizuna eta jasangarritasuna integra ditzaten du helburu. Dagoeneko euskal turismo-sektoreko enpresen herenak bat egin du horrekin eta urtero egiten jarraitzen du".
Hurtado sailburuak aitortu du enpresek konpromiso hori hartzen dutela, jakin badakitelako gure helmugarako, egoiliarren eta bisitarien bizi-kalitaterako eta beren negozioetarako positiboa dela.
"Euskal Autonomia Erkidegoan Kode Etikoa betetzen ari gara, baina horrez gain, gure kanpainak indartzen ari gara, gutako guztiok uneren batean turistak garela, eta bisitatzen gaituztenak gu turista garenean gu tratatzea nahi dugun bezala tratatu behar ditugula herritarrak sentsibilizatzeko".
Turismo Jasangarriaren Munduko Gutuna
1995ean, Lanzarotek une historikoa bizi izan zuen munduko turismorako. UNESCOk bultzatu eta Turismoaren Mundu Erakundearen (TME), Nazio Batuen Ingurumenerako Programaren (PNUMA), Europako Batzordearen, Mab Programaren, Munduko Ondarearen Zentroaren eta beste hainbat erakunderen laguntzarekin antolatutako Turismo Jasangarriari buruzko Munduko Biltzarrean Turismo Jasangarriaren lehen Gutuna onartu zen.
2015ean, Gasteizen egin zen Turismo Jasangarriaren Munduko Gailurrak (ST+20) ikuspegi hori eguneratu zuen, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) barne hartuz eta ekintza klimatikoa, gizarte-berdintasuna eta lankidetza globala turismo-politiken erdian kokatuz.
Turismoak aurre egiteko dituen erronkak konplexuagoak dira orain, baina aukerak, ezagutza eta erantzuteko gaitasuna ere handiagoak dira. Testuinguru horretan, Turismo Jasangarriaren Gutuna +30 (2025) esparru eguneratu gisa ulertzen da, haren irismena zabaldu eta zentzua sakontzen duena. Haren helburua jatorrizko konpromisoaren oinarri izan ziren balioak —errespetua, ekitatea eta erantzukizun partekatua— indartzea da, printzipio-esparru bat proposatuz, lurraldeak birsortzera, komunitateak indartzera eta etorkizun orekatuagoa eta bidezkoagoa sustatzera turismoa bultzatzeko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)