Eraikal programak bikoiztu egin du industrializazioaren aldeko apustua, eta irisgarritasunaren berrikuntzarako ildo berri bat gehitu du 2026ko deialdian

Argitalpen-data: 


      Balkoitu___proyecto_de_implementacion_de_balcones_en_edificios_de_viviendas_existentes.jpeg
  • Eraikuntzako kalitateari eta berrikuntzari laguntzeko programak 2,2 milioi euro izango ditu, eta proiektuko 150.000 eurora arteko laguntzak emango ditu

Eraikal programaren 2026ko deialdi berria onartu du Eusko Jaurlaritzak, Etxebizitza eta Hiri Agenda Saileko Etxebizitza Sailburuordetzak bultzatua, Euskadiko bizitegi-eraikuntzaren sektorean kalitatea, jasangarritasuna eta berrikuntza hobetzeko. Programa horrek 15 urte baino gehiagoko ibilbidea du, eta sektorean erabat finkatuta dago. 2,2 milioi euroko zuzkidura du guztira, eta industrializazioari ematen dion laguntza indartu du batez ere; irisgarritasunaren berrikuntzara bideratutako lerro berri bat gehitu du.

Aurreko legealdietan, esparru estrategikoak txertatzen joan zen Eraikal, hala nola bizigarritasuna eta ziurtapen jasangarria —Passivhaus, BREEAM, LEAN Construction, ISO edo BIM estandarrak barne—.2021-2023 Etxebizitza Gida Planean jauzi kualitatiboa eman zuen programak, lehen aldiz txertatu baitzuen industrializazioko ildo espezifiko bat, eta 150.000 eurorainoko laguntzak eman zituen ikerketarako eta prototipoak egiteko. Ildo horretan erreferentziazko proiektuak sortu dira, hala nola Kabian edo Indushouseko bainu modulu industrializatuak, dagoeneko etxebizitza publikoen sustapenetan erabiltzen direnak, Zarauzko Salberdinen esaterako.

Ildo horren arrakasta eta sektorearen modernizazioan duen eragina kontuan hartuta, 2026ko deialdiak bikoiztu egiten du industrializaziora bideratutako zuzkidura —600.000 milioi eurotik 1,2 milioi eurora pasatu da—, eta proiektu bakoitzeko 150.000 eurorainoko laguntzei eutsiko die. Apustu horrek eraikuntza-metodo eraginkorragoak, jasangarriagoak, seguruagoak eta lehiakorragoak lortzeko trantsizioa indartzen du.

Gainera, Denis Itxaso sailburuak duela hilabete batzuk Donostian egindako ‘Euskadi Irisgarria. Denok batera’ jardunaldian iragarri zuen bezala, Eraikalek VI. lerro berri bat txertatu du, irisgarritasunean berrikuntza berariaz sustatzeko asmoz; 480.000 euroko zuzkidura izango du. Ildo horrek eraikuntza-soluzioak, prototipoak, tresna teknologikoak eta azterketak garatzea bultzatuko du, pertsona guztientzat irisgarriak eta egokituak diren etxebizitza eta eraikinetarantz aurrera egin ahal izateko.

Deialdia eta epeak

Laguntzak eraikuntza sektoreko enpresei, arkitektura eta ingeniaritzako estudioei, etxebizitza-sozietate publikoei, klusterrei, entitate teknologikoei eta sektoreko profesionalei daude zuzenduta. Eskabideak elektronikoki izapidetu beharko dira, Agindua EHAAn argitaratu eta hilabeteko epean.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)