-
Markekin, diseinatzaileekin eta kontsumitzaileekin lankidetzan arituz, hondakinak aukera bihurtzen ditu, moda kontzienteagoa eta arduratsuagoa bultzatuz
Duara, sormenaren eta ekintzaren bidez modaren industriaren ingurumen-inpaktua murriztea helburu duen berrikuntza jasangarriko agentziak, "Hondakinetik Modara Euskadi" ekitaldiaren final handia egingo du 2025eko otsailaren 21ean eta 22an Bilboko Erriberako Merkatuan.
Erronka berritzaile horrek hondakinak moda bihurtzeko ahalegin bateratu batean bildu ditu diseinatzaileak, dendak eta kontsumitzaileak, eta, horrela, sormen jasangarriaren potentziala erakutsi du. Lehiaketa Bilbon, Donostian eta Gasteizen egin da, eta irabazleak final honetan lehiatuko dira, bakoitzak bere hiria ordezkatuz.
Ekitaldia Bilboko hainbat gune enblematikotan egingo da, eta aurreko faseen formatu bera izango du. Lau orduz, talde finalistek —bakoitza hiru diseinatzailez osatua— jantzi berriak sortu beharko dituzte, tokiko markek emandako material birziklatuekin.
Ostiralean, hilak 21, Bilbao Berrikuntza Faktorian egingo den saio pribatu batean parte hartuko dute parte-hartzaileek, eta han ezagutuko dituzte zer material eta tresnarekin lan egingo duten. Larunbatean, hilak 22, Erriberako Merkatuan egingo da erronka, epaimahai espezializatu batekin eta jendeak parte hartu ahal izango duen bozketarekin. Sari-banaketaren saiorako sarrera doan erreserbatu daiteke Eventbrite-ren bitartez. Bestalde, Jardunaldia Zabalgune Eraikinean amaituko da, ehungintzaren sektoreko ekintzailetzari buruzko mahai-inguru batekin. Bertan, besteak beste, Héctor Viniegra eta Ariana Sánchez adituek hartuko dute parte BIAAFeko ordezkari gisa, eta, ondoren, pasarela bat eta sari-banaketa egingo da.
Talde irabazleak biomaterialen tailer baterako txartel bat eta tokiko produktuen kutxa bat jasoko ditu sari gisa, bertako kideen arteko lankidetzak aurrera jarrai dezan sustatuz. Gainera, lehiaketa bakoitzaren ondoren, parte-hartzaile guztien diseinuak hiru euskal hiriburuetako tokiko saltokietako erakusleihoetan erakutsiko dira, era horretan, moda jasangarria eta komunitatearekiko lotura sustatuz.
Ekintza honen bidez, Duarak pertzepzioak zalantzan jartzeko eta ehungintzaren ingurumen-inpaktua murrizteko moda kontzientea alternatiba bideragarria eta beharrezkoa dela erakusteko konpromisoa berresten du.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)