Amaia Barredo eta Eneko Goia: "Donostiako Portuko Kontseiluarekin kaiaren kudeaketa hobetuko da"

Argitalpen-data: 


      04_04_2025_cons_port_dss__8_.JPG

DSS 2025 04 02

  • EKPk ontziei ura eta elektrizitatea hornitzen dizkieten egungo dorreen ordez telekontrolatutako beste batzuk jarriko ditu
  • Portuko segurtasuna, botiloiak, bainuak eta jauziak ere aztertu dituzte
  • Klub Nautikoko kaia eta metalezko ontziralekua zaharberritzeko proiektuen eta “Moierdi” konpontzeko eta indartzeko proiektuaren lizitazioa laster
  • Urritik bata bestearen atzetik eratu dira EAEko kostaldeko herrietako Portuko Kontseiluak

 

Gaur goizean, Amaia Barredo sailburua eta Eneko Goia alkatea buru direla, eratu da Donostiako Portuko Udal Kontseilua Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako hiriburuko kaian dituen bulegoetan. Kontseilu hori eratuta, Euskal Autonomia Erkidegoko kostaldeko herri guztiek dute portuen arloko aholkularitza-, kontsulta- eta eztabaida-organo hori, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikita. Biak bat etorri dira “organo berriarekin eta itsasertzeko eskumen berriarekin kaiaren kudeaketa hobetuko da” adieraztean.

Donostiako Portuko Udal Kontseiluaren lehenengo bilera honen eduki nagusia Kontseiluaren aurkezpena eta ordezkarien izendapena izan da. Joan de urritik eratu dira bata bestearen atzetik Hondarribia, Orio, Getaria, Zumaia, Deba, Mutriku, Ondarroa, Lekeitio, Ea, Elantxobe, Mundaka, Bermeo, Armintza eta Plentziako Portuko Udal Kontseiluak. Donostiakoa eratu ondoren, guztiak jardun betean daude.

Donostiako portuak bi dartsena ditu. Horietan aisialdiko 175 ontzi, 3 arrantza-ontzi eta Santa Clara uhartera bidaiariak garraitzeko eta Pasaiara txangoak egiteko hainbat ontzi amarratzen dira.

Donostiako Udalak emakidan ditu portuko jabari publikoan uraren eta saneamenduaren sarea, hiri-hondakin solidoen edukiontzien arloa, zurezko zorua duen begiratokia metalezko ontziralekuaren ondoan, mareografo bat eta oinezkoen ibilbideen seinaleak eta monumentuen informazio-zutoinak. Portuko eremuan daude, halaber, udalak kudeatuta, “Portaviones” izeneko eraikinean, komun publikoak.

Itsasertzaren Garapenaren eta Portuen Zuzendaritzak bi proiektu idazteko lizitazioa egingo du aurten: Donostiako Klub Nautikoaren egoitza dagoen kaia eta metalezko ontziralekua zaharberritzekoa eta erdiko kaia edo “Moierdi” konpontzeko eta indartzeko proiektua

EKP´k, Portuetako dartsenak kudeatzen dituenak, ontziei ura eta elektrizitatea hornitzen dizkieten egungo dorreen ordez telekontrolatutako beste batzuk jartzeko lanarekin jarraituko du. Donostiako Portuko Kontseiluaren lehenengo bileran portuko segurtasuna, botiloiak, bainuak eta jauziak ere aztertu dituzte.

Ordezkaritza zabala

Kontseiluaren bileran izan dira Eusko Jaurlaritzaren izenean, Amaia Barredo, Leandro Azkue, Koldobika Goitia, Edurne Egaña, Eneko Goia alkatea, Iñigo Garcia Aniztasuneko, Inklusioko eta Ingurumeneko zinegotzia eta Borja Isturiz Donostiako Kofradiako presidentea, Miren Garmendia Gipuzkoako Kofradien Federazioko idazkaria, Pío Agirre Donostiako Klub Nautikoko presidentea, José Maria Elizalde Kaiaberri Amarratzaileen Elkartearen presidentea eta Ion Aramendi Donostiako Kaiako Bizilagunen Elkartekoa.

Portu batek barne hartzen duen eremu fisikoa portu hori dagoen udalerriko zati da, eta lotura estua du kokatuta dagoen kostaldeko herriko bizitza sozial, kultural eta ekonomikoarekin.

Portuko Udal Kontseiluen eginkizunen artean daude portu-eremu bakoitzean dauden beharrak aztertzea eta bertako instalazioen eta azaleren erabilerak hobeto kudeatzea ekarriko duten jarduketak proposatzea; portuetan eta itsas gaietan eskumena duen Sailak idazten dituen gidalerro eta planei buruz aholku ematea; eta Autonomia Erkidegoko Administrazioak portuen arloan egiten dituen erregelamenduzko xedapenen proiektuei buruzko txostena egitea.

Kontseiluek neurri egokiak ere proposatzen dituzte portuen ustiapenaren arrazionalizazio eta optimizazio handiagoa lortzeko; administrazio autonomikoaren eta portuko lurraldearen gainean erantzukizuna duen toki-administrazioaren arteko koordinazioa sustatu eta babesten dute; eta portuko jabari publikoaren ezagutza, kontserbazioa eta babesa bultzatzen dituzte.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)