Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

"ABIAN" proiektuak gizartearen ideiak eta ekimenak jasotzen ditu, Arabako Errioxaren garapen-estrategia eguneratzeko eta indartzeko

Argitalpen-data: 


      ABIAN.jpg
  • Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak prozesuaren lehen fasea jarri dute abian, herritarrei, enpresei eta tokiko eta eskualdeko administrazio publikoei zuzendutako online galdetegietan oinarrituta
  • Joan den otsailean, Villabuena-Eskuernagan, mahastizainek, upategiek, eragile ekonomikoek eta erakundeek nabarmendu zuten “munduak azken urteetan izan duen aldaketa sakona, besteak beste, pandemiaren, krisi ekonomiko eta energetikoen eta merkatu globalaren bilakaeraren ondorioz”

Vitoria-Gasteiz, Guardia, 2025 04 29

Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak ABIAN proiektuko edo Arabako Errioxa eskualdeari bultzada berria emateko planeko prozesu parte-hartzailea hasi dute. Bide-orri partekatu horretan herritarrek, upategiek, enpresek eta elkarteek parte hartzen dute, erronka sozialei, ekonomikoei eta demografikoei aurre egiteko.

Prozesua Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatu dute, Arabako Errioxako Kuadrillarekin eta bertako udalekin lankidetzan, eta herritarrek, sektore ekonomikoek –bereziki mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreak– eta erakunde publikoek parte-hartzea eta iritzi zuzena ematea lortu nahi du, datozen urteetarako politikak eta jarduerak bideratuko dituzten lehentasunak, beharrak eta aukerak identifikatzeko.

Prozesuaren lehen fasean online galdetegiak egingo zaizkie hiru kolektibo handiei, hau da, herritarrei, oro har, lurraldeko zerbitzuei, bizi-kalitateari eta etorkizunari buruz duten ikuspegia jasotzeko; enpresei eta erakunde sozioekonomikoei, mahastizaintza eta ardogintzaren sektorearen beharrak, erronkak eta proposamenak jasotzeko, eta kasu honetan galdetegia espezifikoagoa eta zehatzagoa izango da, sektoreak Arabako Errioxan duen garrantzi berezia eta gaur egungo haren egoera kontuan hartuta; eta tokiko eta eskualdeko administrazio publikoei, euren ezagutza lurraldetik bertatik eman ahal izateko.

Galdetegiak

Galdetegiak inplikatuta dauden kolektiboei bidaliko zaizkie. Ondoren, bigarren fase batean, elkarrizketa sakonak eta lan-tailer sektorialak eta irekiak egingo dira, eta horiekin diagnostiko parte-hartzailea osatu ahal izango da eta etorkizuneko ABIAN Planaren oinarriak finkatuko dira.

Bi erakundeek prozesu honetan parte hartzera bultzatu nahi dituzte herritarrak eta sare sozioekonomikoa, “ABIAN eskualdeak nahi eta behar duenaren isla izan dadin. Guztiok parte hartuta bakarrik eraiki daiteke Arabako Errioxa kohesionatuagoa, biziagoa eta etorkizunerako hobeto prestatua”.

 Joan den otsailean, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Villabuena-Eskuernagan aurkeztu zuten “ABIAN”, Arabako Errioxaren etorkizuna epe luzerako ikuspegi integral batekin diseinatzeko prozesu parte-hartzailea. Ekimena 2019an hasitako Plan Estrategikoaren bilakaera gisa sortu da, gaur egungo errealitatera egokituz eta bere helmena mahastizaintza eta ardogintzaren sektoretik haratago zabalduz.

Ramiro González diputatu nagusiak aipatu zituen “Foru Aldundiak Arabako Errioxan izan duen eginkizun historikoa eta eskualdearen garapenari bultzada berri bat emateko beharra.  Orain dela 150 urte, Aldundiak aldaketa erabakigarria bultzatu zuen eskualdean, Jean Pineauren berrikuntzarekin eta kalitatezko ardoak bereiztearekin”.

Eusko Jaurlaritzak modu integralean parte hartzen du ekimen honetan, eta Amaia Barredo Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak azpimarratu zituen “eskualdearen ahalmena eta bere sailak mahastizainen eta upategien alde egiten duen ahalegina ohiko eta ezohiko laguntzen bidez, azken horiek Covid-19aren krisiari eta Ukrainaren inbasioak eragindako ezegonkortasunari lotuta. Arabako Errioxa legealdiko proiektu estrategiko bat da, eta hor daude 2019-2024 bitartean eman diren 123 milioi eurotik gorako laguntzak, eta deitzen ari garen laguntza berriak”.

Topaketan mahastizainek, upategiek, eragile ekonomikoek eta erakundeen ordezkariek parte hartu zuten, eta nabarmendu zuten “munduak azken urteetan izan duen aldaketa sakona, besteak beste pandemiaren, krisi ekonomiko eta energetikoen eta merkatu globalaren bilakaeraren ondorioz, eta horrek eskatzen du Arabako Errioxan garapen-estrategiak beste ere batera planteatzea”.

Abian” proiektuaren sustatzaileentzat, erronka nagusietako bat mahastizaintza eta ardogintzaren sektorearen eraldaketa da. 2020tik, ardoaren kontsumo globalak behera egin du funtsezko merkatuetan, hala nola Europan eta Ipar Amerikan. Belaunaldi berriek ardo gutxiago edaten dute, eta nahiago dituzte jasangarriagoak diren eta alkohol graduazio txikiagoa duten beste edari batzuk, eta horrek eragina izan du upategi askoren errentagarritasunean.  Hala ere, errealitate berri horrek aukera berriak irekitzen ditu premium sustapenean, digitalizazioan eta nazioartekotzean, bai eta enoturismoan ere.

Ekimenak hainbat alderdi jorratzen ditu, hala nola mahastizaintza eta ardogintzaren sektorea, berrikuntzaren, merkatuen dibertsifikazioaren eta jasangarritasunaren bidez haren lehiakortasuna indartuz; dibertsifikazio ekonomikoa, ardoaren osagarri diren eta enplegu aukerak sortuko dituzten sektore berriak babestuz; turismoa eta kultura, ondare-eskaintza eta eskaintza eno-turistikoa hobetuz bisitariak erakartzeko eta balio erantsia sortzeko; etxebizitza eskuratzeko aukerak, gazteak udalerrietan geratzea eta errotzea erraztuz; prestakuntza eta enplegua, eskualdeko sektore estrategikoen beharrei erantzungo dieten trebakuntza-programa espezifikoekin; zerbitzu publikoak eta mugikortasuna, garraioa hobetzeko neurriekin; eta digitalizazioa eta bizi kalitatea udalerrietan.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)