Lourdes Oñederra: «Isiltasuna zentsura edo auto-zentsura bada, bakerik gabe bizitzera kondenatzen gaitu»
- Donostiar idazleak Azken batean liburua argitaratu du, bere hirugarren eleberria. Ama-alaba heldu batzuen bizitzan sakonduz, absentzia, isiltasuna eta indarkeria kartografiatu ditu Oñederrak
Absentziak zeharkatzen ditu Elisa eta Elixabete ama-alaben bizitzak, kolpetik galdutakoaren uhinek atergabe jotzen dituzte beren gogo-bihotzak Azken batean (Erein, 2025) liburuan, Lourdes Oñederra idazlearen (Donostia, 1958) hirugarren eleberrian.
Elisari Donostian eta Elixabete alabari AEBn, iraganeko mamuak agertzen zaizkie atzera begira jartzen direnean, eta etengabe botatzen dute begirada atzera 158 orriko lanean; orain, fantasma horiek ernetako isiltasunak lausotzen die oraina eta ezkutatzen geroa. Zauri berdina dute, gainera, biek irekita: Ixaren, Elisaren koinatu eta Elixabeteren osaba gaiztoaren, indarkeria enigmatiko, aldebakarreko eta absolutuak eragindakoa.
Oñederra idazle eta erreferentziazko hizkuntzalariak (euskaltzain osoa da, eta ekarpen eskerga egin du batik bat fonetika eta fonologia alorretan), horrela, indarkeriaren ondorioei eta isiltasunaren zamari buruzko istorioa josi du Azken bateanen.
Nondik jaio zen Azken batean? Zerk eraman zintuen orri zuriaren aurrera eta zerk gidatu zaitu prozesu osoan?
Nik ez dut ia orri zuririk izaten... Ukitu bezain laster betetzen ditut paperak hitzez, marrazkiz, eskemez. Beti ari naiz gauzak apuntatzen: entzuten ditudanak, bururatzen zaizkidanak, buruan dabilkidan arazoren baten irtenbide litezkeenak, ideia interesgarri iruditzen zaizkidanak, ahoskera bereziak.
Nobela bat idazten hasten naizenerako, hamaika paper, fitxa, apunte, zirriborro hasita izaten ditut. Batzuetan, gauzak trinkotu ahala koaderno bat ere hasten dut, edo bi, desordenatu samarra bainaiz.


