Poesiak aberriaren gaia nola jorratu duen aztertuko da "Irailekoak" egitasmoaren hirugarren aldian

  • Poesiak aberriaren gaia nola jorratu duen aztertuko da

  • Irailaren 26an, 27an eta 28an izango da aurtengo "Irailekoak" poesia-jaialdia, Lekeition (Bizkaia). Euskaltzaindiak antolatu du, Lekeitioko Udalaren babesarekin eta Kitto eta Recreatiba elkarteen laguntzarekin
  • Aurten egun bat gehitu zaio egitasmoari, antzerki-lan batekin estreinatuko baita "Irailekoak". Hain zuzen, Formol Laborategiko Heriotzak Eduardo du izena antzezlanarekin (irailaren 26an, 20:30ean, Ikusgarri zineman)
  • Honela, asteburu biziak hitzaldiak, errezitaldiak, antzerkia, errezitaldi musikatuak eta omenaldiak hartuko ditu. Besteak beste, hitzaldi mamitsua izango da larunbatean, Hedoi Etxarte idazleak poesian aberriaren gaia nola jorratu den aztertuko baitu Recreatiba elkartean
  • Jaialdiaren bitartez, euskal poeten lana gizarteratu nahi da. Halaber, beste bazter batzuetako poetek ere parte hartuko dute: Chus Pato eta Miriam Reyes galiziarrak dira aurtengo gonbidatuak

Aurten 700 urte bete ditu Lekeitioko (Bizkaia) hiribilduak, eta urte osoa daramate ekitaldiz ekitaldi. Euskaltzaindiak ere bat egin nahi izan du urtemugarekin, eta "Irailekoak" poesia-jaialdia antolatu du, Lekeitioko Udalaren babesarekin eta herriko Kitto eta Recreatiba elkarteen laguntzarekin. Gogoratu behar da 2023ko edizioa, estreinakoa, Lekeition bertan egin zela, arrakasta handiz gainera. Aurten, baina, hiru egun hartuko ditu jaialdiak, irailaren 26a, 27a eta 28a.

Aldi berria aurkeztu da gaur Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Aurkezpen-ekitaldian parte hartu dute Ander Aldazabal Lekeitioko alkateak, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Miren Agur Meabe Euskaltzaindiko idazkariak. Antton de la Lama Lekeitioko Kultura zinegotzia ere hurbildu da bertara.

Egitasmoaren nolakotasunak Andres Urrutia euskaltzainburuak laburbildu ditu bere berbaldian: «"Irailekoak"-en helburuak hasierakoak dira: euskal poesia sustatu eta euskal poetei plaza erakargarri bat eskaini beraien lanak ezagutarazteko». Era berean, erakundeen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu du euskaltzainburuak: «Ez dago beste modurik, eta Euskaltzaindia beti ahalegintzen da horretan, hau da, kultur eragile eta erakundeekin batera jokatzen». Ander Aldazabalek ere bat egin du Urrutiaren hitzekin, eta aitortu du 2023ko edizioa ederra eta mamitsua izan zela, herritarrek emandako erantzuna gogoratuz. «Jardunaldi hauek paregabeak dira euskal poesiaren tradizioa eta gaurkotasuna hobeto ezagutzeko, eta, horrez gain, gure hizkuntza eta kultura bizi-bizi mantentzen laguntzen duten sortzaile eta adituen lana balioan jartzeko. Erdu Lekeitiora, poesia guztiona baita!», gaineratu du alkateak.

Jarraitu irakurtzen

 


  • DataIrailak 16
  • Gaia Literatura