AEBn euskal ikasketak eta euskararen irakaskuntza sendotzeko konpromisoa berretsi du Etxepare Euskal Institutuak
Euskal diasporaren mundu mailako hitzordu esanguratsuenetakoa den Boiseko Jaialdira egindako bidaia instituzionalaren baitan, Etxepare Euskal Institutuak euskal ikasketak bultzatzeko eta euskararen irakaskuntza sustatzeko akordio zenbait izenpetu ditu. Alde batetik, lankidetza-hitzarmen estrategiko bi sinatu ditu Eusko Jaurlaritzarekin eta BSU Boise State Unibertsitatearekin batera, eta, bestetik, lankidetza-akordioa izenpetu du NABO Ipar Amerikako Euskal Elkarteen federazioarekin batera, Etxepare Euskal Institutuak 2018tik kudeatzen duen Euskara Munduan programaren baitan garatuko dena.
Lehen bi hitzarmenak uztailaren 31n sinatu dira, Boiseko Jaialdiaren baitan antolaturiko ZORTZIAK BAT sinposioaren bukaeran. Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Hizkuntza Politika sailburuak, Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak, Marie-Anne de Graaff BSUko Arte eta Zientzen Fakultateko dekanoak eta Cara Greenle BSUko Finantzatutako Programak sailaren zuzendariak hartu dute parte, eta lau ordezkariek euskal ikasketen presentzia eta garapena bermatzeko konpromisoa berretsi dute.


