Landarte 2025ek sorkuntza garaikideko bost prozesu hartuko ditu Nafarroako landa-eremuetako beste hainbeste herritan

  • Landarte 2025ek sorkuntza garaikideko bost prozesu hartuko ditu Nafarroako landa-eremuetako beste hainbeste herritan

  • Programa honen bederatzigarren edizioa urrira arte eginen da Arbontzen, Bargotan, Garden, Mélidan eta Puiun

Landarte 2025 programa bost herri txikitan gauzatuko da. Horren barnean, Nafarroan egoitza duten sortzaileek sorkuntza garaikideko prozesu parte-hartzaileak eginen dituzte. Zehazki, Ioana Hernández Arriaga artista Arbontzen izanen da; Marta Elía Aldave sortzailea, Bargotan; Asier Gogortza argazkilaria, Garden; Jara Calvo kazetari eta idazlea, Mélidan; eta Carmen Parrado Gil diseinatzailea, Puiun.

Vianako Printzea Erakundea–Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolatua, Landarte landa-eremutik sorkuntza garaikidea sustatzen duen programa da. Koordinazio-taldeak aukeratutako herriak martxoan eta apirilean bisitatu ondoren, aukeratutako parte-hartzaileek prospekzio-lana eginen dute uztailaren amaierara arte, eta landuko dituzten udalerriekin loturak ezarriko dituzte. Ondoren, komunitateekin batera, beren proiektuak definitu eta urriara bitartean landuko dituzte. Programari amaiera emateko, hainbat bilera eginen dira artistekin eta herriekin, bost proiektuetan egindako lana ebaluatze aldera.

Ignacio Apezteguiak, Vianako Printzea Erakundea-Kultura zuzendari nagusiak; Lorenzo Garcíak, Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendariak; eta Anne Ibañezek (Kanpoko Bulegoa kolektibokoa), proiektuaren koordinatzaile-taldeko kideak gaur goizean aurkeztu dute Landarte programaren bederatzigarren edizioa. Bertan izan dira, aurrekoekin batera, gainerako koordinazio-taldea (Estefanía Munárriz, Celia Martín, Mikel Ozkoidi eta Marc Badal) eta parte hartu duten sortzaileak. Horrez gain, tokiko garapen-agentzietako eta aukeratutako udalerrietako ordezkariek parte hartu dute ekitaldian; horiek, herriak aurkezteko landutako bideo batzuen bidez ere egon dira bertan.

Ignacio Apezteguiak nabarmendu duenez, Landartek "urtero Nafarroako landa-eremuko hainbat herritara gonbidapena luzatzen du kultura-sorkuntza garaikideko prozesu kolektiboetan inplika daitezen. Horretarako, egiten diren proiektuak sortzen eta garatzen zeregin aktiboa izan dezaten, beharrezkoak diren bitartekoak eta laguntza jartzen ditu tokiko komunitateen eskura. Bestalde, Landartek sortzaile guztiak gonbidatzen ditu herri bakoitzaren errealitatera hurbiltzera, gu hartzen gaituzten pertsona, kolektibo eta erakundeekin etengabe hitz egiteko bidean. Hori dela eta, Landarteren prozesuak irekiak eta aurretik suma ezinak dira, bai komunitateentzat eta sortzaileentzat, bai talde koordinatzailearentzat".

Lorenzo García Echegoyenek aurtengo edizioan parte hartuko duten artisten eta herrien berri eman du. Haren hitzetan, "lurralde horiek leku aproposak dira sorkuntza-prozesuak aktibatzeko, eta ez soilik noizean behin kanpotik iritsitako kultura-proposamenak jasotzen dituzten erakusketa-espazioak. Landarten leku horiek ez dira agertoki soil gisa erabiltzen, komunitate batek bizi den lurraldearekin dituen harremanen zehaztapen geografiko gisa baizik. Horregatik hartzen du garrantzia espazio horiek egituratzen dituzten dinamika sozioekonomiko, kultural eta lurraldekoei erantzuteak".

Bestalde, Anne Ibañezek iragarri du edizio honetan Nyamnyam kolektiboa Landarte Artxiboko kide izanen dela. Ekimen horretan parte hartu dute, 2023an abian jarri zenetik, Susana Cámara Leret artistak eta Fran Quiroga ikertzaileak, helburua izanik "programa zeharkatzen duten hainbat gairen inguruko hausnarketa elika dezaketen Nafarroatik kanpoko beste esperientzia eta ikuspuntu batzuk gerturatzea". Lan-ildo horrek Landarteko sortzaileekin topaketa bat egitea proposatzen du, baita elkarrizketa/solasaldi bat egitea ere; berau grabatu eginen da programaren webgunetik zabaltzeko.

Ariadna Rodríguezek eta Iñaki Alvarezek osatzen dute Nyamnyam kolektiboa, tokian tokiko testuinguru bakoitzean eta testuinguru globalean elkarrekintza-estrategien bidez ezagutza sortzea, difrakzioa eta trukea sustatze aldera. Beren lana proiektuen sorkuntzaren eta kuradoretzaren artean mugitzen da; alegia, harremanetarako eta disrupziorako diziplinarteko espazio gisa ulertuta, kulturaren merkantilizazioaren ikuspegi estandarizatuarekin frikzionatuz. Espainian, Portugalen, Frantzian, Italian, Suitzan, Norvegian, Grezian, Estatu Batuetan, Mexikon, Kolonbian eta Ekuadorren egin dute lan.

Ibáñezek gogora ekarri du, halaber, Landarte Kultura eta Landatartasun Foroan izan dela. Horren barnean, joan den ekainaren 11n, "Ziurgabetasunean sortu: sorkuntza-prozesuak Landarten" mahai-ingurua egin zen. Bertan izan ziren: Maria Azkarate Lete arkitektoa (Landarte 2024ko parte-hartzailea); Victor Masferrer artista (Landarte 2023); Itsaso Iribarren Muñoz artista eta ikertzailea (Landarte 2022); Estefania Munárriz Nuin Nafarroako Gobernuko Kultura Ekimen eta Berrikuntza Ataleko burua; eta 'Kanpoko Bulegoa' landa-kulturaren eta lurraldearen inguruan aplikatutako pentsamenduko artisau-lantegia.

Landarte 2025eko parte-hartzaileak

Landarte 2025eko sortzaileak hainbat diziplinatatik ari dira lanean. Asier Gogortzak, irudi analogikoan espezializatutako argazkilariak, hainbat euskarrirekin egin du lan; besteak beste, argazki-kamera estenopeikoekin eta kamera ilunekin. Azken urteetan argazkigintza hainbat diziplinarekin tartekatu ditu: land-art eta eskulturarekin, kasurako. Carmen Parradok, diseinatzaile eta artistak, objektu arruntekin eta ezagut daitezkeen egoerekin lan egiten du, egunerokotasuna hautemateko modu berriak aktibatze aldera; keinu txikien bidez, arrakalak irekitzen ditu arlo funtzionalean, sinbolikoan eta narratiboan. Jara Calvok Hizkuntza eta Literaturako irakasle-lana eta kazetari- eta olerkari-lana uztartzen ditu. Ioana Hernandez Arriagak zeramikari-lan artistikoan dihardu, eta Iruñeko tailer baten arduraduna da. Marta Eliak artearen eta hezkuntzaren arteko hainbat proiektu parte-hartzaile garatzen ditu.


  • DataEkainak 26
  • Gaia Ikusizko arteak, Literatura, Bestelakoak