Leioako kaleak antzerkiaren agertoki handi bihurtuko dira berriro Umore Azokaren 25. edizioan 100 ikuskizun baino gehiagorekin
- Taiwan, Japonia, Portugal, Belgika, Erresuma Batua edo Argentinako 50 konpainiak, Euskadiko 22k, Estatuko 21ek eta nazioarteko 7k hartuko dute parte
Umore Azoka 2025 Leioako Kaleko Artisten Azokaren atzerako kontaketari ekiteko gutxiago falta da. Azoka horrek 25. urteurrena ospatuko du aurten, eta ezinbesteko hitzordua izango da Euskadiko kultur egutegian. Maiatzaren 15etik 18ra bitartean, herriko kaleetan antzerki, dantza, zirku eta musika ikuskizunak izango dira 50 konpainiaren eskutik, jasotako 600 proposamen baino gehiagoren artean aukeratuak. Edizio honetan, 22 euskal konpainiak hartuko dute parte, 21 Estatuko hainbat tokitatik etorriak (Andaluzia, Katalunia, Madril, Valentzia, Nafarroa, Murtzia, besteak beste) eta nazioarteko 7 konpainia, Taiwan, Japonia, Portugal, Belgika, Erresuma Batua edo Argentinakoak.
Umore Azokaren edizio berri honen programazioaren eta xehetasunen aurkezpena gaur goizean egin da Leioako Jose Ramon Aketxe Plazan. Leioako alkate Iban Rodriguez Etxebarriak eman du nobedade guztien berri. Berarekin batera izan dira Kultura sailburuorde Andoni Iturbe eta Euskara, Kultura eta Kiroletako diputatu Leixuri Arrizabalaga.
Leioako alkatearen hitzetan, "25. urteurren hau hain programa indartsu eta anitzarekin ospatzea harro egoteko arrazoia da udalerri honentzat. Mende laurdena da Leioak artearen aldeko apustua egin zuela kalean, kultura herritarrengana hurbiltzea bere eguneroko ingurunean, eta espazio publikoa elkargune, adierazpen eta gozamen kolektibo bihurtzea".
Zentzu horretan, Iban Rodriguez Etxebarrik gaineratu du "Umore Azoka azoka baino askoz gehiago da. Kultura-aniztasunaren, inklusioaren eta gizarte-hausnarketaren aldeko apustu sendoa da. Edizio honetan bakeaz, irisgarritasunaz, autismoaz eta bizikidetzaz hitz egiten duten proposamenak ikusiko ditugu. Eta hori guztia artearen indarretik, emoziotik, umoretik eta baita salaketatik ere". Azkenik, Leioako alkateak gogorarazi duenez, "ilusioz betetako proiektu gisa hasi zena kultura-panoramaren erreferente handienetako bat bihurtu da, ez bakarrik Euskadin, baita Estatu osoan ere, urtero hazten ari den nazioarteko proiekzioarekin".
Bestalde, Kultura sailburuordeak "Umore Azoka arte eszenikoei lotutako proiektu estrategikotzat dugu Euskadirako. Bide horretan, aurten, Eusko Jaurlaritzak bere apustua indartu egin du. Alde batetik nazioartekotasuna indartzeko, beste aldetik azoka dugun heinean, profesionalen arteko topagunea izan dadin harremanak sendotzeko edo ate berriak zabaltzeko eta azkenik, Euskadiko biztanlegoari aukera emateko kultur eskaintza honetaz gozatzeko" azpimarratu du.
Azkenik, Leixuri Arrizabalagak azpimarratu du "Umore Azoka Leioak ezin hobeto osatzen du sektoreari ematen zaion laguntza, publikoaren gozamenarekin eta kultura-sustapenarekin. Erronka hori ez da batere erraza, are gutxiago udalerri batentzat. Baina hori posible da, urte hauetan guztietan azoka handi honetan parte hartu duzuenon lan handiari esker". Kultura diputatuak esan du "Bizkaiko Foru Aldunditik, zorionak Leioako Udalari, etorkizuneko ikuspegia izateagatik eta kulturaren aldeko apustu ausarta egiteagatik. Luxua da Bizkaia —eta kasu honetan Leioa— nazioarteko mapan kokatzea lortzen duten erakunde konprometituak izatea".
Umore Azoka 2025 azokaren aurkezpenean, gainera, Trapu Zaharra konpainiak erakusketa bat interpretatu du, aurten parte hartu duen konpainietako bat eta Umore Azokan esperientzia eta ibilbide handiena duena. Bere artistek Umore Azokaren garrantzia azpimarratu dute, sektoreko profesionalak harremanetan jartzeko eta kaleko artearen balioa ikusarazteko aukera ematen duen azoka delako.
Prentsaurrekoan, gainera, Dantzertiko ikasleak izan dira, Hortzmugaren eskutik 2025eko Umore Azokarako emanaldia prestatzen ari direnak.
ANIZTASUNA, SORMENA ETA OSO EDIZIO BEREZIA
Programak 100 ikuskizun baino gehiago izango ditu, 300 profesional baino gehiagorekin, publiko guztientzako proposamenekin eta askotariko formatuekin. Lan horietatik, 27 estreinaldi absolutu, 18 estreinaldi Euskadin eta 2 lan propio, edizio honetarako sortuak izango dira.
REVOLUCIÓN, Teatro Sobre Ruedasen proposamena, ekitaldi nagusietako bat izango da: irisgarritasuna eta inklusioa ardatz, desgaitasun funtzionala duten pertsonentzako pentsatua eta gainera, gurpil-aulkian aritzen den artista batekin. Bestetik, Visitans taldeak publikoaren parte-hartzea bultzatzen duen mascletá formatua ekarriko du, Valentziatik Leioara.
Dantzan ere berrikuntzak izango dira. Janire Etxabek ATXINE lanaren kaleko bertsioa estreinatuko du, oraingoan dantza bertikaletik esekira jauzia eginez, gorputzaren mugimendua hiriko espazioan bat eginez.
Gizarte-hausnarketa eta aldarrikapenerako gunea ere izango da aurtengo Umore Azokan. EIRENE, UNA CARPA BAJO EL CIELO (La Troupe Malabó) eta J.M. BRUTAL: EL HELADERO QUE PARÓ UNA GUERRA (La Pez) lanek bakea eta gerren kontrako diskurtsoa jorratuko dute. XPRECTO izeneko ikuskizunean, Zen del Sur taldeak autismoaren ikusgarritasuna bilatuko du, zirku eta musikaren bitartez.
Programak umorea eta zuzeneko musika ere izango ditu ardatz. Circ Vermut taldearen LA PARADETA ikuskizunak parte-hartze aktiboa eta amaiera harrigarria eskainiko ditu. Trapu Zaharrak, berriz, LA ÚLTIMA Y NOS VAMOS! izeneko obra berria estreinatuko du, betiko estilo umoretsuan.
Musikak protagonismo berezia hartuko du, hainbat ikuskizunetan zuzenean entzuteko aukera eskainiz. Mattalingo Alabak, Zen del Sur eta Teatro Sobre Ruedas taldeak izango dira horren erakusle.


