2025eko "Liburu Egunak" programak irakurketa Gasteizko herritarrengana hurbilduko du apirilaren 1etik 11ra bitartean hainbat ekintzaren bidez
Bertako idazleekin egindako topaketak, haurrentzako ikuskizuna, aldi bereko erakusketa eta esku-hartze artistikoa izango dira aurtengo programak bilduko dituen jarduerak
Udal Liburutegien Sareak 2025eko "Liburu Egunak" ekimena aurkeztu du; hau da, apirilaren 1etik 11ra bitartean Liburuaren Nazioarteko Egunarekin lotuta egingo diren jardueren programazio berezia.
"Programa honek Vitoria-Gasteiz letren eta literaturaren erdigune bihurtu nahi du apirilean eta, horretarako, aurten ere ospe handiko idazleen parte-hartzea izango dugu. Aurten, gainera, bertakoa nabarmendu nahi izan dugu eta Gasteizko egileak aukeratu ditugu. Saio horiek osatzeko, Haurren Liburuaren Eguna ospatzeko txikiei zuzendutako literatura-ikuskizuna eta disko-liburu baten aurkezpena egingo dira. Horri guztiari amaiera bikaina emateko, gainera, literatura eta musika uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko da", laburbildu du Sonia Díaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak aurkezpen-prentsaurrekoan.
2025 honetarako hitzorduak honako 6 hauek dira:
- Apirilaren 1ean, "Entrialgo se fija" Mauro Entrialgorekin (gaztelaniaz): Azucena Monge gasteiztarrak, eleberri grafikoan eta komikigintzan adituak, Mauro Entrialgo elkarrizketatuko du bere ibilbide historiestistiko luzean oinarrituta. Bere pertsonaiarik ezagunenak Herminio Bolaextra, Ángel Sefija edo Tyrex dira.
- Apirilaren 2an, "Hetero" Uxue Alberdirekin (euskaraz): Aitziber Pérez de Karkamo arabar komunikatzaileak elkarrizketatuko du idazlea bere azken liburuari buruz (Durangoko Azokan harrera bikaina izan zuen).
- Apirilaren 3an, Pantzart konpainiaren "Boli bili boli" (euskaraz): haurrentzako ikuskizuna, paperezko txotxongiloekin, abestiekin eta Juan Kruz Igerabideren poemekin (2-6 urte).
- Apirilaren 9an, "Vitoria-Gasteiz, una ciudad para contarla" Kreliaren eskutik (gaztelaniaz): Gasteizi buruzko 23 kontakizun biltzen dituen liburuaren aurkezpena. Bertan, zuzeneko musika, irakurketak, antzerkia eta irudiak ere izango dira.
- Apirilaren 10ean, "Tierra sin hombres", María Peraltarekin (gaztelaniaz): Inma Chacónen liburuarekin Irakurketa Errazerako egin duten egokitzapena aurkeztuko dute. APDEMArekin lankidetzan.
Apirilaren 11n, ‘Frankestein agurgarria’ Ana Galarraga & Pettiren eskutik (euskaraz): disko-liburu hau aurkezteaz gain, errezitaldi musikatua eskainiko dute. Bertan, gai hauen inguruan eztabaidatzeko tartea izango da: Non daude zientziaren mugak? Nor da aurreikusi gabeko ondorioen erantzulea? Zerk bultzatzen du gizakiaren gaiztakeriara? Nor da munstroa?
Jarduera guztiak Goiuri jauregian egingo dira 19:00etan (apirilaren 3ko haurrentzako ikuskizuna izan ezik) eta 18:30etatik aurrera aretoaren sarreran jarriko den liburu-saltokira sartzeko aukera egongo da. Gainera, jardueraren ondoren, liburuak sinatzeko ekitaldia egingo da bertan. Haurrentzako ikuskizunaren kasuan, emanaldia 18:00etan hasiko da, eta ez da beharrezkoa aurrez sarrera hartzea.


