lisabö: ĞAhalik eta kontsekuenteen izaten saiatzen gara, baina ezeren bandera izaten saiatu gabeğ
- Post rock lakar, poetiko eta trinkoko taldeak "Lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte" diskoko birako azken kontzertua egingo du gaur Gasteizen, Jimmy Jazz aretoan. Karlos Osinaga "Txap" taldekidearekin hitz egin du EITB.EUSek horren aitzakian
Kito. Bukatu da lisabö taldeak 2018an Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen (bIDEhUTS) diskoa argitaratuta abiatu zuen zikloa, Lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte (bIDEhUTS, 2023) bilogiako bigarren diskoaren lorratzean egindako birako azken kontzertuak gaur, ostiralarekin, itxiko duena.
Arabako hiriburuko Jimmy Jazz aretoan dago jarrita zita (21:00, + Inoren Ero Ni). Orduan jarriko du martxan Irungo taldeak, denbora batez azkenekoz, bere eraiste bola sonikoa; lisabözale prestuak tarte batean atzenengo aldiz jasoko du gaur, ostiralarekin, agertoki gaineko seikotearen laztan zaratatsu eta latz baina indargarria.
Karlos Osinaga Txap taldeko gitarrista eta abeslariarekin hitz egin du EITB.EUSek emanaldi horren atarian, taldea honaino ekarri duen bideaz eta soinu erauntsia finitu eta, entzulearen gogoan gertatzen den bezala, inarrosaldiaren osteko haize leunak dena beste modu batera kokatutakoan etorriko denaz.
Nola joan da diskoaren aurkezpen bira, Tolosan 2023ko abenduan abiatu zenutenetik?
Bira bati ekiten diozun bakoitzean, edozein talderi gertatuko zaion bezala, zalantza eta galdera ugari jartzen dira mahai gainean: nola funtzionatuko duen, publikoaren eta antolatzaileen aldetik interesa egongo al den oraindik...
Zorionez, lehen aurkezpen kontzertuak egin ondoren, oso pozik hartu genuen jendearen harrera ona. Askotan, disko bat aurkezten duzunean, sormen prozesutik kontzertuak eman arte badago denbora epe bat, batzuetan luzea izaten dena. Tarte horietan, zaila izaten da feedbackik eza. Galdu egiten zara, eta iparra galtzeko arriskua egoten da. Orduan, kontzertuek sentsazio horiek sinkronizatzeko balio izaten dute, eta horrela, kasu honetan, ezin hobea izan zen hasiera.
Hortik aurrera, ezagutzen ditugun hainbat lekutan errepikatzeko aukera izan dugu, baita oraindik bisitatu ez ditugun batzuk ezagutzekoa ere: ohiko lagun jendea ikusi, jendea ezagutu... Sari hori asko baloratzen dugu beti.
Bira nekagarria izan da, hainbat arrazoi direla medio, baina, zorionez, egin nahi genuena osatu ahal izan dugu, gutxi gorabehera.


