Pedrosa sailburuak Euskadik palestinar komunitatearen hezkuntzarekin duen konpromisoa helarazi du

Argitalpen-data: 


      UNRWA_1.jpg

UNRWAk eskerrak eman dizkie Hezkuntza Sailari eta Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentziari, errefuxiatuei zuzendutako Lanbide Heziketako programagatik.

Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosa, UNRWA Palestinako Ekialde Hurbileko errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziako Ordezkari Nagusi ondoko Natalie Boucly-rekin bildu da gaur.

Eusko Jaurlaritzak UNRWArekin hartutako konpromisoari eusten dio. Hain zuzen ere, Hezkuntza Sailak eta eLankidetzak (Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia) Lanbide Heziketako programa bat jarri zuten abian errefuxiatuentzat. Ekimena, batez ere, Jordaniako bi ikastetxetara zuzenduta dago. Proiektuaren barne hartzen dira prestakuntza-zentroen eguneratze teknologikoa, prestakuntza-planak lan-merkatura egokitzea, zuzendaritza-taldeak, irakasleak eta ikasleak prestatzea, eta Nazio Batuen Agentziaren Lanbide Heziketako estrategia eguneratzea.

Bisitan, UNRWA Españako zuzendari exekutibo Raquel Martí Lezana eta UNRWAk Euskadin duen ordezkari Barbara Ruiz Balzola izan dira, baita Jon Labaka eta Nicolas Sagarzazu sailburuordeak ere; bertan, UNRWAko Ordezkari Nagusi Ondokoak hezkuntza arloan duen proiektuaren beste alderdi batzuen berri eman dio Pedrosa sailburuari.

Hezkuntza eskuratzeko aukera 500.000 ikasle baino gehiagorentzat

Palestinako errefuxiatuentzako Nazioen Agentzia Nazio Batuen sistemako agentziarik zaharrenetakoa da; 1949an sortu zen, gaur egun ia 6 milioi pertsona ordezkatzen dituen komunitate baten beharrei erantzuteko.

UNRWAk Palestinako lurralde okupatuan (Gaza eta Zisjordania, Jerusalem ekialdea barne), Libanon, Sirian eta Jordanian egiten du lan. Osasuneko eta gizarte-zerbitzuetako programez gain, eskualdeko hezkuntza-programa handienetako bat kudeatzen du zuzenean: 706 eskolaz osatutako sare bat du, eta egunero 500.000 ikasle inguruk ikasten dute bertan. Era berean, Lanbide Heziketako 8 ikastetxe ditu, eta ia 8.000 ikasle matrikulatu.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)