Orri-markatzaile berriak egin dizkigu Lorena Martinez ilustratzaileak

Argitalpen-data: 

Liburutegi guztietan aurkitzen ditugun (edo aurkitu beharko genituzkeen) elementu komunetan pentsatzen dugunean, beti adibide berberak etortzen zaizkigu burura: liburuak, mahaiak, aulkiak, ordenagailuak... baina bada beste gauza bat: orri-markatzaileak!
Kartoizko paper zati luzanga eta sarritan gutxietsia ia liburutegi guztietan dago, eta liburutegiek hainbat erabilera ematen diote.

Esan behar da Erdi Arotik existitzen direla, nahiz eta erabilera hedatua ez hasi XVIII. mendearen amaierara arte, eta XX. mendean gizarteak erabat onartutako produktu bihurtu zen.

Legazpiko orri-markatzailea  kartoi meheko objetua da, liburu baten irakurketa aldi baterako geldirik geratzen den puntu zehatza markatzeko erabiltzen da. Urtero egiten dugu berria eta aprobetxatzen dugu bertan egutegia eta liburutegiko ordutegia jartzeko.

Lorena Martinez ilustratzaileak marraztu eta diseinatu du aurtengoa. Ilustrazioa gainera, sare sozialetako orrien goiburu (X, facebook) gisa erabiliko dugu, baita liburutegiko blogaren goiburu lez ere.

Zatoz liburutegira zurearen bila!