- 2030erako Haur Bermearen Euskadiko Estrategia berriak hamar erronka eta hamabi helburu orokor estrategiko ezartzen ditu
- Haur eta nerabeek euren bizi-proiektuak bultzatzeko eskubideak eta aukerak eskura izatea jorratzen du oinarrien dokumentuak
“Haurren eskubideak bermatzeko eta aukera-berdintasuna sustatzeko politika inbertsioa da, ez gastua”, balioetsi du Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak. Eusko Legebiltzarrean esan du, berak eskatuta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Batzordearen aurrean 2030erako Haur Bermearen Euskadiko Estrategia aurkezteko egin duen agerraldian.
Estrategia berriaren helburua da haurren eta nerabeen eskubideak defendatzen laguntzea adin nagusitasunera iritsi arte, eta eskubide horiek euren bizitzako lerro guztietan benetan erabil ditzaten sustatzea. “Bereziki azpimarratuz adingabe zaurgarrienak, haurren pobreziaren aurkako borrokaren eta aukera-berdintasuna sustatzearen bidez”, sailburuak berak adierazi duenez.
Estrategia oinarrien dokumentu bat da, eta 10 erronka eta izaera estrategikoko 12 helburu orokor ezartzen ditu, haur-bermearen berezko 4 ardatz eta 13 jarduera-eremurekin lotuta, Europako Haur Bermearen esparruan. Erronka eta helburu horiek sektore publikoaren ekintzarako orientabideak dira, familiekin eta komunitateekin, hirugarren sektore sozialarekin eta enpresekin lankidetzan.
Zehazki, jada lantzen hasita dagoen Familiei eta Haur eta Nerabeei Laguntzeko Erakunde arteko V. Plana 2030erako HBEE horrekin lotuko da, eta orientabide horiek kontuan hartuko ditu, bai eta estrategia lantzeko prozesuan helburu estrategiko bakoitzarekin lotuta identifikatu ziren gomendio eta jarduera sorta zabala ere, dokumentu horrek, oinarri-dokumentu gisa, ez baititu jasotzen.
Gainera, estrategia hau Europako Haur Bermearekin lerrokatzen da, eta modu berritzailean eragiten die funtsezko arloei, zenbaitetan kontuan hartzen ez direnei, esate baterako aisiari eta kulturari, baita haien parte-hartzeari ere, bai gizartean bai politikan.
Gaur arratsaldean legebiltzar-egoitzan egin duen agerraldian, Melgosak estrategia horren ikuspegiaren izaera hirukoitza ere nabarmendu du: inbertsiogilea, prebentiboa eta eskubide- eta aukera-berdintasuna bermatzekoa. Ikuspegi horrekin, helburua da pobreziaren belaunaldien arteko transmisioaren eta desabantailen zikloa haustea, eta, horretarako, ekintza premia-egoeran dauden adingabeengan eta haien familiengan fokalizatzea, bai eta lehen haurtzaroan eta esku-hartze goiztiarrean ere.
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak estrategia horrek dakartzan berrikuntza nagusiak ere nabarmendu ditu:
- Europako Haur Bermea izatea, arlo horretan EBk dituen ekimenak lerrokatzen dituena, eta plangintza- eta finantza-esparru bat ematen diena. Zehazki, EGIFen programa operatiboaren ehuneko bat (% 5 gutxienez) arlo horretara bideratzen da, eta hori gauzatzea gainerako finantzaketa eskuratzeko baldintza da.
- Paradigma inbertitzailea eta eskubideetan oinarritutako ikuspegi integral eta prebentiboa, Europako Haur Bermeak eta 2030 HBEEk partekatzen dutena, haur eta nerabeen euskal lege berrian aurreikusitakoarekin koherentzian.
- Haurrei eta nerabeei zuzendutako politiketan jartzen den enfasia, adingabeak eskubideen subjektu eta beren bizitzako protagonistatzat hartuta eta haien partaidetza bultzatuta. Politika horiek haurren eta nerabeen arloko erakundeekin partekatzen dira, eta barne hartzen dute haurren eta nerabeen politikak familien politiketatik bereiztea beharrezkoa dela, politika horiek artikulatzea eragotzi gabe.
- Eta jarraipen- eta ebaluazio-sistema bat garatzea, erakundeen arteko V. Planaren diseinuari, monitorizazioari eta ebaluazioari begira (aurretik eta ondoren) hedatu beharreko adierazleen matrize bat barne (helburuak ezarrita), horrela ebidentzian oinarritutako ebaluazioa eta politikak indartzeko.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)