KIMUAK programaren 27. edizioara aurkeztutako 47 proposamenak aztertu eta gero, zazpi film labur hautatu ditu epaimahaiak 2024 urteko katalogoa osatzeko: ‘Dinosaurioak’ (Koldo Almandoz), ‘Errotatiba’ (Iratxe Fresneda), ‘Etorriko da (Eta zure begiak izango ditu)’ (Izibene Oñederra), ‘Exergo’ (Jorge Moneo Quintana), ‘Patrimonio’ (Aitor Abio), ‘Todo lo cubre la sal’ (Joana Moya Blanco) eta ‘Utländsk’ (Alba Lozano).
Etxepare Euskal Institutuaren eta Zineuskadiren bitartez egituratzen den programak euskal film laburren sustapena eta zabalkundea du xede. Urtero bezala, euskal film laburren hautaketa hau nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ekimen garrantzitsuenetara bidaliko dira gaurtik aurrera.
Aurtengo batzordea honako kideek osatu dute: Alaitz Arenzana, Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiko zuzendari artistikoak, Sra. Polaroiska talde artistikoko kide, irakasle eta proiektu artistikoen eta ikus-entzunezko lanen zuzendaria denak (besteak beste, Kimuak 2010 katalogoan hautatutako 'Exhibition 19' film laburrarena); Claudio Zilleruelo Acra, Black Canvas Zinema Garaikidearen Jaialdiaren sortzaile eta zuzendari artistikoak, ekoizlea Taller Tritón-en, programatzailea eta zinema independentearen zuzendaria; eta Xavi Herrerok, Ibizacinefest-Cinema Independent d "Eivissaren Nazioarteko Jaialdiaren zuzendari eta programatzaileak, zeinak “errealaren zinema” deritzonaren errealizadore eta ekoizle moduan diharduen.
KIMUAK 2024 katalogoak fikzioa, ez-fikzioa, entsegua, dokumentala eta animazioa jasotzen ditu. Filmetako bat euskara hutsean egina dago, beste bat euskaraz eta gaztelaniaz, eta hirugarren bat euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Bi osoki gaztelaniaz eginak daude, eta azken biek ez dute elkarrizketarik. Zazpi laburretatik lau emakumezkoek zuzendu dituzte, eta hiru egileen lehen edo bigarren filmak dira.
Informazio gehiago hemen
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)