Haurrentzako irakurketa klubek bigarren edizioa hasiko dute urritik aurrera Legazpiko Udal Liburutegian

Argitalpen-data: 

Informazioa

Haurrentzako irakurketa kluba irakurzaletasuna sustatzeko jarduera bat da. Irudimena eta sormena sustatzea du helburu eta talde-dinamiken bidez, baita lexikoa eta adierazpen-moduak hobetzea ere. Horrekin guztiarekin, haurra gehiago sozializatzen da, eta, ondorioz, inguruarekin hobeto komunikatzen da.

Bitartekari baten laguntzarekin mailaren arabera antolaturiko bi talde egongo dira. 2025/2026 ikasturtean LH4 eta LH5 mailetan ibiliko diren haurrentzat dago zuzendua eta beraien kabuz etor daitezen hobesten da.
Liburuekiko, irakurketarekiko, kulturarekiko, artearekiko eta istorioekiko grinak ardaztuko ditu saioak. Hain zuzen ere, grina hori bizirik mantentzea izango da helburua. Desaktibatuta dagoen kasuetan berriro pizteko bidea marraztuz.

Letren harietatik jolastuz eta liburuak, poemak, komikiak, aho-korapiloak eta eskulan-literarioak aitzakia hartuta, irakurmenari (eta zeharka idazmenari, ahozkotasunari eta literaturari) kili-kili egingo diogu.

Irakurketa (eta liburua bera) plazer iturri bezala ulertzeko jolas andana burutuko dituzte.

Saioen egitura

Saioek bibliografia bat dute oinarri. Liburu horiek liburutegiak banatuko ditu, haurrek saiorik saio liburu bat etxera eraman dezaten. Saioan zehar liburu hori aurkeztu eta irakurri dezaten bidea erraztuko zaie, eta hurrengo hilabeteko saiorako irakurrita ekarriko dute (horretan ahaleginduko gara behintzat).

Etxera eramateko liburu horiez gain, beste hainbat liburu (eta agian beste artefakturen bat ere) aurkeztuko zaie. Askotariko obrak ezagutzeko eta dastatzeko izango baita espazio hau.

Saioen iraupena eta egutegia

2025ko urritik 2026eko martxora bitartean egingo dira saioak. Hilean bat. Hauek dira aurreikusi diren datak (astelehenak):

urriak 6, azaroak 3, abenduak 1, urtarrilak 12, otsailak 9 eta martxoak 16. Saioen iraupena 40 minutukoa izango da eta lehenengo taldeak, 16:45ean hasi eta 17:25ean bukatuko du. Bigarren taldeak 17:30tan hasi eta 18:10ean bukatuko du.

Bitartekaria

Mireia Delgadoren gidaritzapean egingo dira saioak

Taldeen funtzionamendu egokia bermatzeko arauak

Saioetan parte hartzea doakoa da.

Justifikatu gabeko bi absentziaren aurrean, irakurketa taldea uztera gonbidatuko dugu haurra, beste batzuei parte hartzeko aukera emateko.

Haurrak garaiz iristea eta jasotzea eskatzen da. Gurasoek/tutoreek harremanetarako telefono-zenbaki bat eman beharko diote liburutegiari, abisuak eman ahal izateko.

Izen ematea

Liburutegian egingo da irailetik aurrera. Informazio gehiago telefono honetan eskuratu ahal izango da: 943737186.