Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak, ETSren bitartez, sorospeneko 48 totem eta 32 kamera instalatu ditu euskal trenbide-sareko geltokietan, nasa apartatuenetan edo bidaiariek gutxien erabiltzen dituztenetan, batez ere emakumeen segurtasuna hobetzeko. Aurrekontua 272.000 eurokoa izan da.
Sorospeneko puntuek, larrialdietarako ‘perretxiko’ motako sakagailu bat duen segurtasuneko totem bat dute. Sakatzean dei automatikoa egiten da ETSko aginte-postura, alarmako abisu akustikoa sortzen da geltokian bertan, totemaren goiko aldean instalatutako argi kliskatzaileak distira egiten du eta inguruko kamerak zuzenean emititzen hasten dira.
Trenbideko zirkulazio guztia kontrolatzen den ETSko aginte-postutik deiaren sinesgarritasuna egiaztatzen da eta, hala badagokio, SOS Deiak-era bideratzen da. Laguntza-puntua osatzeko, grabazioa duten zainketako 32 kamera jarri dira, trenbide-azpiegituretan instalatuta daudenekin batera, segurtasuna optimizatzeko.
Puntu kritikoko ‘perretxikoa’ sakatzen denean, laguntza behar duen pertsonarekin ahots bidez komunikatzen hasi eta berehala era automatikoan aginte-postuko kontrol-panelean irudi-leiho bat irekitzen da, totemera begira estrategikoki jarritako kameren bidez, zainketaz arduratzen den pertsonak ahalik eta eremu zabalena ikus dezan eta, horrela, erabiltzaileari baldintzarik onenetan arreta eman diezaion.
Totem horien presentziaren helburua da, alde batetik, disuasio-efektuaren ondorioz edozein eraso edo arrisku-egoera prebenitzea, eta, bestetik, larrialdien kudeaketan berme handiagoak ematea hala behar duen edozein pertsonari. Aia Orioko geltokian hainbat hilabetez egindako proba pilotuak emaitza onak eman ditu.
28 totem eta 20 kamera instalatuko diren Bizkaiko geltokiak hauek dira: Ariz, Berriz, Itxasbegi, Euba, Ermua, Derio, Forua, Zuhatzu, Bedia, Muxika, Institutua, Zamudio, Zugastieta, San Kristobal, Sangroiz eta Lurgorri. Bestalde, 20 sorospen gune eta 12 kamera instalatuko diren Gipuzkoako 12 geltokiak hauek dira: Errekalde, Aia Orio, Gaintxurizketa, Unibertsitatea, Arroa, Azitain, Toletxegain, Altza, Pasaia, San Lorentzo, Errotaberri eta Añorga.
Ekimen hori duela hiru urte hasi zen gauzatzen, Euskal Trenbide Sareko Berdintasun taldeak, bere IV. Berdintasun Planaren esparruan (gaur egun V.a onartu berri du), administratzen duen euskal trenbide sareko geltokien egoeraren diagnostikoa genero-ikuspegitik egiteko aukera planteatu zuenean. Emaitza ikusita, ETSko Zuzendaritzak proiektu horri garrantzia ematea eta euskal trenbide sareko geltokiak genero-ikuspegiarekin diseinatzeko irizpideak jasotzen dituen Liburu Zuria argitaratzea erabaki zuen.
Duela urtebete pasatxo argitaratutako gida horren helburua euskal trenbide azpiegituraren erabiltzaile guztiek espazioak eta zerbitzuak modu seguru eta erosoan erabili ahal izateko soluzioak ezartzea zen, haien adina, generoa edo gaitasuna edozein izanik ere. Are gehiago kontuan hartzen bada oro har garraio publikoari eta, bereziki, euskal trenbide garraioari buruzko estatistikak adierazgarriak direla. Emakumeak dira erabiltzaile nagusiak, baita Euskotrenen (euskal tren operadorea) zerbitzuetan ere, guztien % 63 baitira. Era berean, segurtasunik eza, bai espazio publikoetan, bai garraioan, nabarmenago hautematen dute emakumeek, eta horrek eragina du haien mugikortasunean.
Garraio Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak Matilde Ucelay saria eman dio Liburu Zuriaren ekimenari. Sariaren helburua garraio, azpiegitura, mugikortasun eta hirigintzan gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lan egin duten pertsonak edo erakundeak publikoki aintzatestea zen. Argitalpen horrek jasotzen zuen neurrietako bat ETSk kudeatzen dituen geltokietan ikuspen, isolamendu edo irisgarritasun faltagatik zailtasunak dituzten eta, beraz, herritarrengan segurtasun ezaren sentsazioa eragin dezaketen zenbait puntu identifikatzea zen. Horren ondorioz, urte anitzeko jarduera-plan bat diseinatu zen, dagokion zuzkidurarekin aurrekontuetan, antzemandako akatsak konpontzeko.