Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ETEKIN Ekonomia Topaketen bigarren saioan enpresen eraldaketarako funtsak aztertuko dira

Argitalpen-data: 


      Etekin_Logoa.png
  • Topaketa urriaren 23an izango da Gasteizko Europa Jauregian, goizeko 9:00etan, eta izen ematea irekita dago: https://labur.eus/5Ym4q
  • Amaia Jugok eta Javier Zarraonandiak gaiari buruz dituzten ezagutzak eta ikuspegiak partekatuko dituzte bertaratutakoekin.
  • Ekimena Eusko Jaurlaritzak, Finantzen Euskal Institutuak, Bankoa ABANCAk, CaixaBank-ek, Kutxabank-ek, LABORAL Kutxak eta Rural Kutxak antolatu dute elkarlanean.

ETEKIN zikloaren lehen topaketa Donostian egin ostean, Gasteizko Europa Jauregiak hartuko du bigarren saioa, urriaren 23an, ‘Enpresen eraldaketarako giltzak, hazkunde tresnak (funtsak)’ lelopean. Honetan, Amaia Jugok, Artizarra Fundazioaren zuzendariak, eta Javier Zarraonandiak, Albia Capitaleko Garapen Korporatiboko zuzendariak, gai honi buruz dituzten ezagutzak eta ikuspegiak partekatuko dituzte. Ondoren, gosaria eskainiko da bertaratutako guztien artean iritzi trukaketa sustatzeko eta sare profesionalak indartzeko.

ETEKIN Ekonomia Topaketen bigarren saio honen koordinazioan FEI Finantzen Euskal Institutua eta Rural Kutxa egon dira. "Etengabe aldatzen ari den mundu honetan, enpresek ere eraldaketarako prest egon behar dute. Horretarako, beharrezkoa iruditzen zaigu honetan adituak diren pertsonen iritzia, gakoak, giltzak, oinarriak eta etorkizuneko ikuspegia izatea. Enpresari balio erantsia txertatzeko ezagutza behar da eta topaketa honekin etorkizuna nola kudeatu ikusiko dugu”, adierazi du Iñigo Calafellek, Rural Kutxako erakunde-arduradunak.

Javier Arnaezek, FEIren zuzendari nagusiak, Euskadin finantza-ekosistemaren garapena sustatzea eta, horrela, finantzaketa-tresnak eta -iturriak zabaltzea eta dibertsifikatzea ahalbidetzea lehentasunezkoa dela adierazi du: “Partaidetzak hartuz finantzatzeko funtsen bidez inbertsio-jarduera garatzea funtsezko elementua da. Inbertsiorako ingurune egokia bultzatzeak eta sustatzeak hainbat inpaktu positibo eragiten ditu euskal finantza-ekosisteman, eta horrek eskualdearen garapen ekonomikoan eragiten du. Hala nola, kapitala erakartzea, proiektu berritzaile eta iraunkorretarako finantzaketarako sarbidea ahalbidetzea erkidegoaren behar eta lehentasunekin bat etorriz, enplegua sortzea eta tokiko enpresak haztea”.

ETEKIN topaketak

Funtsei eskainitako saioa euskaraz izango da (aldibereko itzulpen zerbitzua erabiltzeko aukerarekin), eta elkarrizketa formatua izango du, Esti Cosano kazetaria moderatzaile lanetan dagoela. Topaketa online jarraitzeko aukera egongo da irekia.euskadi.eus atarian EITBren streaming zerbitzuari esker.

ETEKIN, Eusko Jaurlaritzak, Finantzen Euskal Institutuak, Bankoa ABANCAk, CaixaBank-ek, Kutxabank-ek, LABORAL Kutxak eta Rural Kutxak elkarlanean antolatutako Ekonomia Topaketak dira. Helburua, gaurkotasunezko ekonomia eta finantza gaiak euskaraz lantzeko bilgune bat sortzea da. Urteko azken topaketa Bilboko Itsasmuseumean izango da, azaroaren 20an, eta trantsizio energetikoaren gaia jorratuko da bertan.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)