Ekonomia, Lan eta Enplegu sailak 40.000 euroko dirulaguntza onartu du Konfekoopentzat (Gobernu Bilera 2024-12-17)

Argitalpen-data: 


      Argazkia.jpg
  • Kooperatiben mundu osoko zita handiena den Indiako Kooperatiba Konferentzia Globalean parte hartzearen gastuak ordaintzea da helburua

Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak 40.000 euroko zuzeneko dirulaguntza onartu du Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioarentzat, azaroaren 25etik 29ra New Delhin (Indian) egindako Kooperatiba Konferentzia Globalean parte hartzeak eragindako gastuak ordaintzeko.

Bi urtean behin egiten den mundu osoko kooperatiben zita handiena da, eta mila kooperatibista baino gehiago biltzen ditu. Izan ere, aurtengo edizioa bultzada berria izan da euskal kooperatibismoarentzat: Euskadiko gizarte-ekonomiako enpresa-ehunaren mundu-mailako lidergoa berretsi da.

Era berean, jakitera eman da urtarrilaren 16an inauguratuko dela Donostiako Miramar jauregian NBEk sustatutako Kooperatiben Nazioarteko Urtea. Orobat, abangoardiako hub-aren egoitza izango da Gipuzkoako hiriburua. Huba gizarte-ekonomia sustatzeko eta bultzatzeko pentsatutako proiektu estrategiko bat da, sektoreari lotutako mundu osoko pertsona ospetsuek osatutako nazioarteko aholku-batzorde bat izango duena.

Konfekoop, ordezkaritza-organo gorena

Konfekoop Euskadiko mugimendu kooperatiboaren interesak biltzen, ordezkatzen eta defendatzen dituen erakundea da. 1996an sortua, Konfekoop euskal kooperatiben ordezkaritza-organo gorena da erakunde publikoen, erakunde pribatuen eta, oro har, gizartearen aurrean. Helburu nagusia du eredu kooperatiboa sustatzea, ekonomia soziala indartzea eta Euskadiren garapen sozioekonomikoari laguntzea.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)