Pilotajean parte hartu ondoren, zer esan nahi du Farmazia Lagunkoiak zuretzat?
Farmazia Lagunkoia, niretzat, gizarte-zerbitzuen eta farmazien arteko komunikazio-protokolo bat ezartzeko modu bat izan da, orain arte ez baitzegoen halakorik. Gainera, adineko pertsonen gizarte-zentroarekin lan egitean, haien beharrak hurbilagotik ezagutzeko aukera izan dugu.
Proiektu hau 2023ko ekainean hasi zen, zein dira denbora honetan eman dituzuen urratsak?
Orain arte, bilerak komunikazio bat ezartzeko modu bat izan dira gizarte-zerbitzuen, osasun-zentroaren, adinekoen taldearen eta farmaziaren artean. Bertan, bakardade-arriskuan edo diagnostikatu gabeko dementzia-arriskuan egon zitezkeen adinekoen egoera hobetzeko ikusten genituen hainbat behar partekatu ditugu.
Zer ekintza garatu dituzue edo garatzea gustatuko litzaizueke identifikatutako beharrei erantzuteko?
Orain arte ez dugu ekimenik eraman aurrera, baina hurrengo ikasturteari begira hainbat hitzaldi eta jarduera ditugu programatuta, uda iristearekin batera herriko adineko jende asko bere jatorrizko herrira joaten baita.
Farmaziak leku egokiak dira arrisku-egoeran dauden pertsonak detektatzeko. Nola jokatu behar duzue kasua ematen bada?
Arrisku-egoeran dagoen pertsona bat detektatuz gero, lehenengo urratsa pertsona horren familiarekin harremanetan jartzea izango litzateke. Dulantzin, udalerri txikia denez, denon artean ezagutzen dugu elkar. Ezinezkoa bada, pazientea gizarte-zerbitzuetara bideratzen da, deitu behar duen telefono-zenbakia adieraziz, edo, are gehiago, bere baimenarekin, gu Udaleko gizarte-zerbitzuen arloarekin harremanetan jartzen gara.
Lankidetzan aritu al zarete tokiko elkarteekin edo beste eragile batzuekin, kalteberatasun-egoeran dauden pertsonak identifikatzeko eta haiei laguntzeko? Nolakoa izan da esperientzia hori?
Ez da horrelakorik gertatu.
Zein izan da udaleko gizarte-zerbitzuen eta osasun-zentroen rola proiektu honetan? Eta zure rola farmazialari gisa? Nola lagundu dute horiek guztiek proiektuaren helburuetan?
Gizarte-zerbitzuen arlotik azaldu digute zer laguntza dauden pertsona horientzat eta zer laguntza mota eskain dezaketen. Farmazia eta osasun-zentroa dira kasuen detektagailuak, baita adinekoen taldea ere. Haiek beren kezkak azaldu dizkigute, eta hainbat kasu detektatzeko ere jardun dezakete, askotan arriskuan dauden pertsonei laguntzen baitiete.
Proiektua beste udalerri batzuetara hedatzeko aukera kontuan hartuta, zer behar da, zure ustez, proiektu hau beste udalerri batzuetara eraman ahal izateko?
Oso proiektu interesgarria da gainerako udalerrietan aurrera eramateko, baina hirietan ezartzea zailagoa iruditzen zait. Funtsezkoa da pazienteak ezagutzea eta haien egunerokoa ikustea, kasu gehienak detektatu ahal izateko. Halaber, zerbitzuen arteko komunikazio ona funtsezkoa da.
Zure esperientzian oinarrituta, zer aholku edo gomendio emango zenieke Farmazia Lagunkoia bihurtzeko antzeko proiektu bat hasi nahi duten beste farmazia batzuei?
Pazienteak ezagutzea, haiekin hitz egitea eta, batez ere, haiei entzutea, medikuek izan ditzaketen arazoak ikusteko. Beren errutinei buruz galdetzea gehiago ezagutzeko modu bat izan daiteke.
Zeintzuk dira Farmazia Lagunkoian parte hartu ondoren jaso dituzun 3 ikaskuntza nagusiak?
1. Entzute aktiboaren garrantzia.
2. Nahi gabeko bakardadeak eta osasun mentalak duen garrantzia.
3. Gizarte-zerbitzuen, farmazien eta osasun-zentroaren arteko komunikazioa dituen onurak pazienteentzat.
Farmazia Lagunkoia informazio-saioa
Bihar, ekainak 19, 11:00etan, online informazio-saio bat egingo dugu Farmazia Lagunkoia proiektua ezagutarazteko.
Bat egin esteka honetan klik eginez.
Zure zain gaude!