Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak Adolfo Arejitaren "Esaera goikoaz behera irauliak" aurkeztu dute

  • Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak Adolfo Arejitaren

  • Ehun errefrau edo esaera zahar bildu dira liburuan, XVI. mende amaierako lehen bildumetatik hasi eta oraintsura arteko bildumetakoak; gainera, egileak esaera zahar horiei hamaikatxo azalpen eta hausnarketa erantsi dizkie
  • Argitalpena Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak duten lankidetza-hitzarmenaren barruan kokatzen da

Eider Inunciaga Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak eta Jabier Kaltzakorta euskaltzain osoak Esaera goikoaz behera irauliak liburua aurkeztu dute gaur goizean Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan, Adolfo Arejita egilea bertan dela.

Ikerketa-lan honetan euskarazko ehun esaera zahar edo atsotitz jaso dira, eta aurkezpena Durangoko Azokaren 59. edizioaren atarian aurkeztu dute. Gainera, ehun esaera horiekin batera, haiei buruzko iruzkinak jaso dira. Hala, Adolfo Arejitak gogoeta egiten du horiei buruz, eta azalpen interesgarriak gehitu dizkio esaera zahar bakoitzari. Horretarako, egileak XVI. mendearen amaierako Euskadiko lehen bildumetatik hasi - Esteban Garibairen Refranes y sentencias (1596)- eta oraintsura arteko bildumetako atsotitzak aztertu ditu.

Euskarako, Arreta eta Herritarren Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietarako Saileko zinegotzi Eider Inunciagak ikerketaren garrantzia nabarmendu du, eta hau adierazi: "Opari bat da euskal literaturarentzat. Eta etxeko liburutegietarako ere bai, Olentzero laster etorriko dela kontuan hartuta. Euskaltzaindiak eta Bilboko Udalak duten lotura estua da. Bilboko bazter guztietan euskararen erabilera bultzatzea, sustatzea, hedatzea eta normalizatzea da hitzarmenaren helburua; badira bi hamarkada, helburu horri heldu geniola xede beraren alde: hizkuntza biziberritzea eta euskal kultura zabaltzea".

Euskaltzaindiaren egoitzan gaur egin den agerpenean, Jabier Kaltzakorta euskaltzain osoak ikerlanaren onurak azpimarratu ditu: "Liburu-egileak jaso dituen esaerak —batez ere Bizkaikoak—, irakurleak orri hauetan baino ez ditu irakurriko. Errefrau-erramoldeetatik harago, egileak hitzak berak ere gogoetagai ditu. Hala, euskal klasikoen testuetan ez ezik, umetatik ikasitako euskaran zein urteetan zehar handik eta hemendik entzundako berbetan murgildu da. Era horretara hainbat ñabardura eman ditu hitzen gainean".

Jarraitu irakurtzen


  • DataAzaroak 27
  • Gaia Literatura