Bizkaiak "Gida Bira, gure museoak bertsotan" ekimenarekin ospatuko du Euskararen Eguna
- Ekimenak Bizkaiko Foru Jauregia, museo eta aretoetako ondarea eta bertsogintza bilduko ditu, bisitariei esperientzia kultural berezi eta erakargarri bat eskaintzeko helburuarekin. Bisita gidatuak eskainiko dira bertsolarien parte hartzearekin azaroaren 29an eta 30ean eta abenduaren 1ean eta 3an honako espazioetan: Arrantzaleen Museoa, Arkeologia Museoa, Euskararen Etxea, La Encartada Fabrika-Museoa, Euskal Herria Museoa, Txakolin Museoa-Txakolingunea, Santimamiñe, Ondare Aretoa eta Bizkaiko Foru Jauregia. Hala, bertsolariek haien ekarpen oparoa egingo diote gidarien diskurtsoari, bisitarien gozamenerako
Abenduren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, Bizkaiko Foru Aldundiak proposatutako "Gida Bira" ekimena bueltatuko da, Euskararen Etxeak antolatuta, Bizkaiko foru museo eta aretoen parte hartzearekin.
Euskarak munduari begiratzeko aparteko modu bat eskaintzen du, Gida Birarekin begirada hori bertsolarien bidez islatzen da Bizkaiko Foru Jauregian eta foru museo eta aretoetan, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko asmoz.
"Gida Bira" Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako ekimenaren edizio berria aurkeztu dute Leixuri Arrizabalagak Euskera, Kultura eta Kirol diputatuak eta Iurdana Acasusok Euskararen Etxeko zuzendariak, Bizkaiko foru museo eta aretoko zuzendariekin batera.
Leixuri Arrizabalagak azaldu duenez "Gida Biraz baliatuz, ondare materiala ezagutuko dugu ondare immaterialaren bidez. Hau da: Bizkaiko 10 museo eta areto berrezagutu ahal izango ditugu, 16 bertsolarik parte hartzen duten bisita gidatuetan." Arrizabalagak gaineratu duenez, "Bizkaiko Foru Aldundiak ahalegina egiten du gure hizkuntzaren erabilera sustatzeko eta eremu guztietan indartzeko. Kasurako, aisialdian egiten ditugun jardueretan; Gida Birak bat egiten du erronka honekin."
Ekimena azaroan 29an eta 30ean eta abenduaren 1ean eta 3an egingo da Aldundiko hamar espazio ezberdinetan eta 16 bertsolarik parte hartuko dute.


