Ja! Jaialdiak 15. edizioko egitaraua aurkeztu du: aurten, Kafkaren umorea omenduko du, haren mendeurrena dela eta
- Zadie Smith, Carlos Areces, Juan Villoro eta Bernardo Atxaga izango dira protagonistetako batzuk. Horrez gain, gorte kafkiar alaia osatzen duten egile ospetsuak ere bertaratuko dira, hala nola Manuel Vilas, Ignacio Echevarría, Monika Zgustova, Rodrigo Cortés eta Juan Tallón, eta Kafkaren unibertsoari buruz hitz egingo dute, idazle alemanaren biografia idatzi duen Reiner Stach buru dutela
- Kafka Kaleidoskopioa erakusketak idazle txekiar apartaren bizitza eta obra erakutsiko ditu, nazioko eta nazioarteko hogeita hamar egileren ikuspegitik. Urriaren 2an, Bizkaia Aretoa-UPV/EHUn, inauguratuko da
- Umorezko Literatura eta Artearen Nazioarteko XV. Jaialdia urriaren 10etik 20ra egingo da Bilbon
Ja! Jaialdiak bat egingo du modernismoaren idazle garrantzitsuenetako bat izan zen Franz Kafkaren (Praga, 1883 - Kierling, Austria, 1924) heriotzaren mendeurrenaren ospakizunekin. Azken urteotan, Kafkarenganako eta haren lanen misterioekiko mirespena desagertu ez ezik, areagotu ere egin dira. Alemanez idazten zuen egile handi hark ondare berdingabea eta guztiz originala utzi zigun. Unibertso txiki bezain zabala sortu zuen, eta literatura unibertsalaren idazle nagusietako bat da, zalantzarik gabe.
Kafkaren estilo paregabe horretan, ezohizko umorea ere aurkitzen dugu. Jaialdiko antolatzaileen ustez, arrandiarik gabe dena asmatu zuen egilearen ikuspegi berezia egokia eta interesgarria zen umorezko literaturan espezializatutako ekitaldi baterako. Jaialdiko zuzendariek, Juan Basek eta Carolina Ontiverok, Kafka hautatu zuten 2024ko edizioko gai nagusitzat. Hala, bide batez, Kafkaren lana existentziaren ikuspegi ilunekin eta etsigarriekin lotzeko joera erauzten lagundu nahi izan dute, haren literaturan umoreak duen garrantzia baztertzearen ondorioz gertatu ohi den akatsa baita hori.
Kafkaz haratago (horrelakorik posible balitz), Ja! jaialdiaren antolatzaileak pozez zoratzen daude Zadie Smith-ek azkenean jaialdira etortzeko gonbidapena onartu duelako, urte luzez saiatu eta gero. Bestalde, jaialdiko zuzendariek nabarmendu dute hamabosgarren edizio honetan hainbat egile estimatu itzuliko direla. Horien artean daude Juan Villoro eta Bernardo Atxaga, eta Carlos Areces ere bai, aurtengo elkarrizketatzaile nagusia izango dena.
Kafkari eskainitako edizio batean Reiner Stach-ek ezin zuen hutsik egin, eta, izan ere, hark idatzi zuen Kafkaren behin betiko biografia: Kafka (Acantilado). Bi mila orrialde baino gehiago ditu, eta hamar urte behar izan zituen lana osatzeko.
Espezialista alemana izango da gorte kafkiar alaia osatzen duten egile ospetsuen zerrendaren buru. Manuel Vilas, Ignacio Echevarría, Monika Zgustova, Rodrigo Cortés, Juan Tallón, Bárbara Mingo, Cecilia Dreymüller eta Andrés Ibáñez idazle
txekiarraren miresleak eta adituak dira, eta Kafkaren bizitzaren eta obraren alderdi desberdinak izango dituzte hizpide, haren unibertso berezia omentzen duen edizio honetan. Kafkaren berebiziko umorea, mundu onirikoari buruzko
interesa, animalia hizlariak eta haren garaiko zinema izango dituzte hizpide. Halaber, Milena Jesenskári saio berezia eskainiko zaio. Emakume berezi eta guztiz aparta zen, eta Kafkaren gutunen hartzaile ezagunenetako bat.
Ja! jaialdiaren antolatzaileek, egitarau esanguratsua bezain originala sortzeko ahaleginean, aitortu dute bereziki harro daudela egile txekiarra eta arte modernoa lotzeko gai izan direlako, «kafkiar» terminora jo beharrik gabe, eta Kafka zientziarekin erlazionatzea lortu dutelako (aurkakotasunez bada ere, egile txekiarra ez baitzen zientziarekin fio). Hala, 2024ko edizioan, Naukasekin arituko dira berriz ere, zientzia, eszeptizismoa eta umorea zabaltzeko. Juan Ignacio Pérezek, UPV/EHUren Katedra Zientifikoko zuzendaria eta iazko udaberritik Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua denak, Kafkaren zenbait zaletasun naturista bitxi kontatuko dizkigu, eta idazle txekiarrak beraren garaiko metodo zientifikoekin zuen harremanean sakonduko du.
Jaialdian ohiko bihurtu den sekzioetako bat ere ez da faltako: gonbidatu batek, oraingo honetan Manuel Gutiérrez Aragón zinemagile eta idazleak, bere umorezko hamar sekuentziarik gustukoenak aukeratuko ditu. Alabaina, ez da zinemazaleei zuzendutako saio bakarra izango. Izan ere, Eduardo Torres-Dulceren eta Juan Basen arteko solasaldian, Kafkak bere garaian ikus izan zitzakeen sekuentzia batzuk erreproduzituko dira.
Horrez gain, edizio honetako protagonista nagusiari eskainitako erakusketa azpimarratu behar da: Kafka Kaleidoskopioa erakusketak egile txekiar bikainaren bizitza eta obra erakutsiko ditu, nazioko eta nazioarteko hogeita hamar artisten ikuspegitik. Horien artean, azpimarratzekoak dira Robert Crumb, Miquel Barceló, Paco Roca, Max, Ana Juan, Fernando Vicente, Tom Gauld, Luis Scafati, Peter Kuper eta Renáta Fu?íková. Lan eta material originalak (baita egileek propio egindako obra ezezagunak ere), erreprodukzioak eta ikusentzunezkoak eta kafkiar unibertsoan inspiratutako objektuak jasoko ditu.
UPV/EHUren Bizkaia Aretoko Axular eta Etxepare ataletan eta eranskinetan (250 metro karratu inguru) egongo da ikusgai, urrian zehar, eta sarrera doakoa izango da.
Nobedade gisa, edizio honetako ekitaldi guztietako sarrera irekia eta doakoa da, edukiera bete arte, eta ez da gonbidapenik behar. Hamabosgarren edizioa urriaren 10etik 20ra egingo da Bilbon. Aurreko deialdiko agertoki nagusiak errepikatuko dira. Lehen astean, BBK Sala (Kale Nagusia, 19) izango da egoitza nagusia, jaialdia 2010ean hasi zenetik ohiko eszenatoki dena. Bigarren zatia Euskal Herriko Unibertsitatearen paraninfo den UPV/EHUren Bizkaia Aretoa-UPV/EHUn (Abandoibarra etorbidea, 3) egingo da. Urriaren 2tik 29ra, Bizkaia Aretoko Etxepare eta Axular erakusketa-geletan Kafka Kaleidoskopioa egongo da ikusgai.


