Naia Laka, "Zortzitik infinitura" dokumentalaren zuzendaria: «Zinemiran sartzea lorpen itzela da, atal horrek euskal zinemagintzan duen pisua eta eragina kontutan hartuta»
Zortzitik infinitura Benito Ansola zinemagilearen ibilbidea jarraitzen duen lana da, Miren Agur Meabe idazlea bidelagun duela, baita euskal zinemaren eta euskarazko zinemaren historia ere. Naia Laka zuzendariarekin hitz egin du BASQUE. AUDIOVISUAL.-ek Zinemaldiaren 72. edizioko Zinemira sailean parte hartuko duen dokumental honi buruz.
Nola sortu zen dokumental hau filmatzeko ideia?
Benito Ansola abade lekeitiarrak bere bizitzan zinemarekin izan duen erlazioaren inguruko ikus-entzunezko bat sortzeko ideia beti izan dut bueltaka. Urteen joanean, proiektu hura gordea izanik, euskal zinemari buruzko euskarazko ikus-entzunezko bat sortzeko aukera suertatu zenean, Benitoren istorioa kontakizun horretarako hari perfektua zela ikusi genuen, eta hala sortu zen Zortzitik infinitura. Benitoren istorioa jarraituz, euskal eta euskarazko zinemak izan duten bilakaera kontatzen da lan honetan.
Izan al zen oztopo nabarmenik proiektuaren hasierako fasean?
Proiektu honen hasierako lanik zailena kontakizuna sostengatzen duten protagonistak hautatzea eta horien elkarrizketak gure grabaketa planera egokitzea izan zen. Egun zehatzak genituen elkarrizketak burutzeko, eta ez zen jarduera erraza izan protagonisten agendek gure grabaketa baldintzekin bat egitea.


