Donostia Zinemaldiko 'Klasikoak' sailak "The Piano", "Sha Fu", "Tatuaje", "Surcos" eta "Un rêve plus long que la nuit" programatuko ditu
- Montxo Armendárizen Tasio zaharberrituak inauguratuko du saila larunbatean –hilaren 21ean–, Victoria Eugenia Antzokian
Donostia Zinemaldiko 'Klasikoak' sailak lan hauen bertsio zaharberrituak hartuko ditu: Montxo Armendárizen Tasio, saila inauguratuko duena; Bigas Lunaren Tatuaje, primera aventura de Pepe Carvalho / Tatuaje, the First Adventure of Pepe Carvalho; Jane Campionen The Piano; Tseng Chuang-Hsiangen Sha Fu / The Woman of Wrath; José Antonio Nieves Conderen Surcos / Furrows, eta Niki de Saint Phalleren Un rêve plus long que la nuit.
Atzerabegirakoez gain, Donostia Zinemaldiak zinema unibertsalaren historiako klasiko zahar eta modernoak berreskuratzen ditu 2018az geroztik, nortasun-zeinu gisa. Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan –Zinemaldian bertan estreinatu eta 40 urtera–, Tasio (Montxo Armendáriz, 1984) filmak –Euskadiko Filmategiak zaharberritutako bertsio batean–, Klasikoak saila inauguratuko du Victoria Eugenia Antzokian hilaren 21ean (larunbata), zinema klasikoko jaialdi ospetsuenetan hautatua izan ondoren: Cannesko zinema-jaialdiko Cannes Classics, Boloniako Cinema Ritrovato eta Lyongo Lumière jaialdia (urrian proiektatuko dute han).


