Euskal Dantzarien Biltzarra, euskal dantzak eta Euskal Herriko folklorea zaintzen eta hedatzen 60ko hamarkadatik
Euskal Dantzarien Biltzarraren historia, funtzionamendua eta lan-ildo nagusiak hobeto ezagutu nahian, juntakideekin hitz egin dugu, eta adierazi digute zaila gertatzen ari dela gazteak —batez ere mutilak— folklorearen eta dantza tradizionalaren mundura erakartzea eta, beraz, une honetan erronka nagusia belaunaldien arteko erreleborik eza konpontzea dela.
Zer da Euskal Dantzarien Biltzarra? Noiz eta nola sortu zen? Zertarako?
XX. mendearen erdialdean Euskal Herriko dantza-taldeak bilduko zituen elkarte baten ideia sortu zen. Konbultsio handiko urteak ziren, bai politikan, bai gizartean, batez ere Hegoaldean, diktadura frankistak euskal kulturaren aldeko era guztietako ekimenak zapaltzen baitzituen.
Hainbat saioren ondoren, azkenean elkartea Ipar Euskal Herrian legeztatzea erabaki zen, Frantziako legediak horrelako erakunde baten funtzionamendurako askatasun-berme gehiago eskaintzen baitzuen. 1965eko martxoaren 11n erregistratu zen elkartea, ESKUAL DANTZARIEN BILTZARRA izenarekin. Bertan, Iparraldeko zein Hegoaldeko euskal kulturarekin zerikusia zuten pertsonek parte hartu zuten.
Lau urte geroago, 1969ko azaroaren 29an, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearen bitartekotza aprobetxatuz, elkartea Hegoaldean legeztatu ahal izan zen EUSKAL DANTZARIEN BILTZARRA izenarekin. Beraz, mugaren bi aldeetan funtzionatzen hasi zen.
Ordutik gaur egun arte, EDBk lan nekaezina egin du euskal dantzak eta Euskal Herriko folklorea zaintzen eta hedatzen. Horretarako jarduera ugari antolatu ditu: prestakuntza-ikastaroak, talde eta dantzarien arteko topaketak eta dantzekin zerikusia duten materialen argitalpena (musika-disko eta CDak, dantzei buruzko bideoak eta DVDak, liburuak eta aldizkariak). Jarduera horien artean nabarmentzekoak dira Euskal Herriko Dantzari Eguna, ikastaro-plana, "Dantzariak" aldizkariaren urteroko argitalpena, Durangoko Azokan parte hartzea eta euskal diasporako dantza-taldeekin dugun harremana.
Nola dago egituratuta? Nola egiten du lan?
Lege- eta administrazio-kontuengatik, hainbat egitura izan ditu denboran zehar EDBk, baina, gaur egun, Elkarteen Elkartea da (lehen "ordezkaritzak" zirenak): Arabako Dantzarien Biltzarra, Bizkaiko Dantzarien Biltzarra, Gipuzkoako Dantzarien Biltzarra, Iparraldeko Dantzarien Biltzarra eta Nafarroako Dantzarien Biltzarra.
Elkarte horietako bakoitzak bere antolaketa, funtzionamendua eta araudia ditu, eta erabat autonomoak dira. Bost elkarte horiek ("ordezkaritzak" ere deitzen diegu) EDBko bazkideak dira; beraz, EDBk 5 bazkide baino ez ditu.
EDBren Zuzendaritza Batzordea 6 karguk osatzen dute: lehendakariak, lehendakariordeak, idazkariak, diruzainak eta bi bokalek; kide horietako bakoitza "ordezkaritza" bakoitzak izendatzen du, lehendakaritza izan ezik, ordezkaritza horietatik autonomoa baita. Eta, gainera, Elkartearen lanak koordinatzeaz arduratzen den pertsona bat daukagu.
Batzordea hilean behin biltzen da, Biltzarra urtean behin, gutxienez, eta, aldizka, dantza-taldeen batzar bat egiten dugu (nahiz eta ez diren EDBko bazkideak), azken finean, EDBri eusten diotenak eta haien helburuak posible egiten dituztenak direlako.
Zein dira gaur egun Euskal Dantzarien Biltzarraren lan-ildo nagusiak?
EDBren jarduera-ildo nagusiak urtez urte errepikatzen dira: batetik, ordezkaritzen bidez, ikastaroak antolatzen ditu taldeek gure dantzak ikas ditzaten eta beren errepertorioa zabal dezaten, jantzi-tailerrak egiten dira, dantzaren didaktika irakasten da... Horrekin batera, gure dantzen bideoak eta "Dantzariak" aldizkaria argitaratzen dira, eta mundu digitalean presente dago. Gainera, Euskal Herriko Dantzari Eguna antolatzen du.
Horretaz aparte, beste jarduera-mota batzuetan ere parte hartzen du EDBk urtero eta, ahal duen neurrian, programa horien antolakuntzan laguntzen du: Gazteen Dantza Topaketa, Gaztemundu, Dantza Tradizionalaren Babesa...
Euskal dantzen zabalkundean lan handia egiten du Euskal Dantzarien Biltzarrak, Euskal Herrian ez ezik, baita diasporan ere, hainbat kanalen bitartez. Horietako bat jada aipatu dugun "Dantzariak" aldizkaria da (aurreneko urteetan "Dantzari" izenarekin argitaratu zena). Zer-nolako bilakaera izan du urte hauetan? Zer jasotzen duzue bertan?
Formatua eta aurkezpena alde batera utzita, funtsezko edukiak berdinak dira: dantza-taldeen albisteak, ekitaldiak, EDBren jarduerak, gure dantzarekin zerikusia duten gaiei buruzko artikuluak, etnologiako artikuluak, gure dantzen historia eta garapena, partiturak...
"Dantzari"/"Dantzariak" aldizkariaren ale guztiak zuen webgunean irakur daitezke. Baina, horrez gain, "Gure dantzak" atalean, lurralde bakoitzeko dantzen zerrenda eta haietako batzuen bideoak ere ikus daitezke. Iaz, gainera, argitalpen-lerro bat jarri zenuten martxan, eta Josu Larrinagaren liburu batekin eman zenioten hasiera. Zer helbururekin? Zer gehiago darabilzue buruan difusio-lanari dagokionez?
Denboran zehar hainbat ekintza burutu dira EDBren helburu nagusiarekin bat eginez: Euskal Herriko folklorea eta bertako dantzak mantentzea eta sustatzea. Horren adibide garbia da bi urtez etnologia-lanak egiteko eman zen beka.
Ildo editoriala "kanpora ateratzeko" modu bat da, gure folklorearen eta, zehazki, gure dantzaren ezagutza zabaltzen duten lanak argitaratuz. Helburu horrekin, Josu Larrinagaren "Historia de la danza tradicional, maestros de danza y sus legados del Antiguo Régimen a la abolición de los fueros" liburua argitaratu genuen. Aurten ildo horretan jarraitzen dugu, eta urte amaierarako Juan Inaxio Iztuetak egindako lanari buruzko liburu bat argitaratzea espero dugu.
Halere, Euskal Dantzarien Biltzarrak bultzatzen dituen proiektuen artean ezagunena, beharbada, Euskal Herriko Dantzari Eguna da (nahiz eta mota horretako ekitaldiak lurralde eta eskualde mailan ere egiten diren). Aurten, urriaren 5ean egingo da, Karrantzan. Zertarako balio dute horrelako ospakizunek?
Mota honetako ekitaldiek EDBren eta bere ordezkaritzen existentzia ezagutarazteko balio dute, lurralde bakoitzeko dantza batzuk hainbat taldek elkarrekin gauzatuz. Dantza-taldeek gure folklorea ezagutzeko eta modu koordinatuan gauzatzeko egiten duten lana erakusten da. Gainera, dantza-taldeentzat oso garrantzitsua den zerbait lortzen da: taldeen eta haien kideen arteko elkarbizitza, haien arazoen elkar ezagutza, funtzionamendua, antolaketa... Azken batean, Euskal Herriko Dantzari Eguna (EHDE) da EDB guztien kohesio-unea, dantzariak, taldeak, ordezkaritzak eta erakundea egun batez elkarrekin bizi baitira eta jabetzen baitira elementu horien guztien existentzia dela gure dantza tradizionalaren iraupenaren bermea, gure herriaren, Euskal Herriaren existentziarako oinarrizko eta ezinbesteko faktorea.
Ezin ahaztu Gazteen Dantza Topaketa ere. Iaz egin zenuten aurrenekoz, Araian. Aurten, Areatzan izan da (ekainaren 21etik 23ra). Gauza berriek liluratuta bizi garen gizarte honetan, zer leku daukate, zuen ustez, dantza tradizionalek? Nola erakarri daitezke gazteak dantzaren mundura? Dantza-taldeetan belaunaldien arteko erreleboa falta da?
Aurtengo Gazteen Dantza Topaketaren antolaketa iazkoaren antzekoa izan da funtsean. Hala ere, iaz parte hartu zuten dantzarien balorazioen ondoren, aldaketa batzuk egin ditugu.
Dantza tradizionalak, folklore-mota guztiek bezala, erakusten digu nolakoa izan zen, nola funtzionatzen zuen, nola bizi zen Euskal Herria iraganean, gaur egun jende zaharrak partzialki ezagutzen duena baina gazteriarentzat erabat ezezaguna dena. Horrela, dantza tradizionalak gure iraganaren eta gure gaurkotasunaren arteko lotura egiten du, iragan hori izan genuela ahaztea eragotziz; eta hori ezagutzeak, aztertzeak, orainarekin alderatzeak, begien bistatik ez galtzeak eragiten du herri bat izatea, aurrera eta aurrera egiten duena, baina atzo jaio ez dena.
Zaila da gazteak folklorearen eta dantza tradizionalaren mundura erakartzea, are zailagoa mutilen kasuan, dantzan ez baitago lehiakortasunik, eta hori da gaur egun saritzen dena. Dantza tradizionalean ez da bilatzen lehena izatea, garaikurrak irabaztea, podiumera igotzea: izatea eta egotea besterik ez da helburua, gure ondare kulturala bilatzea, ikastea, ezagutzea eta ezagutaraztea -taldeen emanaldietan-.
Belaunaldien arteko erreleboa falta da, baina tristeena da ia kultur jarduera eta adierazpen guztietan falta dela, ez soilik dantza tradizionalean. Eta arazo horri aurre egin ahal izateko, EDBk Gazteen Dantza Topaketa egiten du, gaur egun dantza-taldeetan ari direnen esperientziatik, gainerako gazteak gure kulturarekin eta folklorearekin ez konprometitzera eramaten dituzten arrazoiak ezagutzeko eta konpontzen saiatzeko.
Aurrekoarekin lotuta, zein dira euskal dantzen esparruan dauden kezka eta erronka nagusiak? Eta Euskal Dantzarien Biltzarrarenak, sei hamarkadako ibilbidearen ondoren?
Kezka nagusia gure dantza tradizionalak zaintzea da. Dantza tradizionaltzat hartzen dira gure herrietan denboran zehar izan dituzten aldaketa logikoekin kontserbatu direnak. Horretara bideratuta dago EDBren jardun guztia, dagoeneko aipatu duguna: ikastaroak, tailerrak, hitzaldiak, taldeen emanaldiak "duintzeko" laguntza (jantzietan, materialean...). EDBren helburua ez da dantza modernoa, nahiz eta dantza tradizionalean oinarrituta edo inspiratuta egon; argi dago ez dugula baztertzen; aitzitik, oso ondo iruditzen zaigu dantza-mota hori sortzen eta ezagutzen dela ikustea, baina ez da gure helburua. EDBren lanean sartzen dira tradizional bihurtzeko bokazioa duten dantza sortu berriak. Beti daude gauzak egiteko gure dantza tradizionalaren egoera hobetzeko; ahal bada belaunaldien arteko erreleborik eza konpontzea da gure apustua da une honetan, eta, horregatik, egin dugu, bigarrenez, Gazteen Dantza Topaketa, dantzari gazteek beraiek proposatutako ideiekin arazo horri konponbideak ematen saiatzeko.
(2024ko ekainaren 25ean argitaratutako Berezia)


