Azkuna Zentroak "Allora & Calzadilla: Klima" erakusketa hartuko du

  • Azkuna Zentroak

  • Erakusketak ikusgai jarriko du nazioarteko arte garaikidearen erreferente diren Allora & Calzadilla artista bisualen bikote kolaboratiboaren lan berria
  • Jennifer Allorak eta Guillermo Calzadillak eskultura, performancea, bideoa, audioa eta fotografia uztartzen dituen lan esperimentala ondu dute
  • Erakusketa honetarako proposatutako instalazioek, eskulturek, ikus-entzunezkoek eta soinu-performanceek erronka egiten diete publiko-komunitateei beren esanahia aurkitzeko

Ekainaren 20an, Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbao, Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak Allora & Calzadilla: KLIMA aurkeztuko du. Erakusketak ikusgai jarriko du nazioarteko arte garaikidearen erreferente diren Allora & Calzadilla [Jennifer Allora (1974, AEB) eta Guillermo Calzadilla (1971, Kuba)] artista bisualen bikote kolaboratiboaren lan berria. 

Bi hamarkadatan, Jennifer Allorak eta Guillermo Calzadillak eskultura, performancea, bideoa, audioa eta fotografia uztartzen dituen lan esperimentala ondu dute, eta mundu osoko museoetan egon da ikusgai. Ikerketara bideratutako praktika konplexu batetik abiatuta, Puerto Ricon bizi den bikote honek modu kritikoan aztertzen ditu gertaera kulturalaren, historikoaren eta geopolitikoaren arteko elkarguneak eta konplizitateak.

Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaoko zuzendari Fernando Pérez da erakusketaren komisarioa. Honako hau bikote artistikoak Bilbon egindako lehen bakarkako erakusketa da, eta jarraipena ematen dio Zentroaren erakusketa-ildoari, klimaren eta ingurumenaren larrialdia jarri nahi baitu agerian artearen bidez, eta gizarteari proposatu nahi baitio bere ekintzen hausnarketa kritikoa egiteko eta portaera jasangarriagoa izateko.

Erakusketaren titulua den KLIMA kontzeptua greziarren garaietatik dator, eta bizimoduak eguzkirantz bideratzeari egiten dio erreferentzia. Azken data irekirik duen asmo handiko kronologia honetako lan guztiek horixe jorratzen dute, izaki bizidun guztiek hartzen duten eguzkirako norabidea. Erakusketako artelan bakoitzak klima bakan bat eratzen du, eta denek batera azken 4.000 milioi urteak hartzen dituen elkargune kosmikoari ematen diote forma.

Erakusketa honetan, nabarmentzekoa da, batetik, Allora & Calzadilla artisten jardun diziplinartekoa eta kolaboratiboa eta, bestetik, obra osoan dauden gaiak: denbora geologikoa eta Lurreko bizitzaren bilakaeraren historia, izaera postkoloniala, ingurumen-justizia eta zor klimatikoa, geopolitika eta energia-iturriak.

Erakusketa honetarako proposatutako instalazioek, eskulturek, ikus-entzunezkoek eta soinu-performanceek erronka egiten diete publiko-komunitateei beren esanahia aurkitzeko, irakurketa literal, metaforiko, erakusle eta politiko bat eginez, baina, aldi berean, haietan parte hartzera bultzatzen dituzte, sentsibilitate estetikoa areagotzen duen esperientzia gisa hartuta.

Informazio gehiago


  • DataMaiatzak 28
  • Gaia Ikusizko arteak