"Karmele" filma grabatzen ari da Asier Altuna, Jone Laspiur eta Eneko Sagardoy aktoreekin


  • Asier Altuna da Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian inspiratutako fikziozko film luze honen gidoigile eta zuzendaria

Asier Altuna zinemagilea (Amama, Aupa Etxebeste!) pelikula luze berria filmatzen ari da egunotan, KARMELE, Txintxua Films SL eta Esnatzeko Ordua Films AIE-k ekoiztutakoa. Grabaketak maiatza bukaera arte iraungo du, Euskal Herri osoko lokalizazioetan.

Jone Laspiur (Ane −Goya saria−; Maixabel; Akelarre) eta Eneko Sagardoy (Irati; Patria; Handia −Goya saria−) dira bi protagonistak, lehen aldiz elkarlanean, Karmele eta Txomin bikoteari bizia ematen. Haiekin batera daude Nagore Aranburu (Querer, Irati) eta Javier Barandiaran (Maixabel), Karmeleren gurasoen paperean.

Asier Altuna zuzendariaren hitzetan: "KARMELE askatasun faltaren aurrean agertzen den pertseberantzia, borroka eta duintasunari buruzko pelikula bat da. Era berean, kultura, musika eta artea zeharkatzen dituen bidaia bat ere bada. Beti erakarri izan naute hainbat belaunaldiren elkarbizitza erakusten duten historia familiarrak. Karmele ezagutarazi nahi dut, gazte-gaztetatik muturreko egoerei aurre egin behar izan dien emakumea, jarrera ausart eta konprometitua duena, bere ideiekiko kontsekuentea, eta ideia horiek erabakitasunez defendatzen dituena".

Sinopsia

Karmele (Jone Laspiur) erizain euskaldun bat da, hogeita hamarreko hamarkada amaieran Frantzian erbesteratuta dagoena. Han, Txomin ezagutzen du (Eneko Sagardoy), tronpetista birtuoso bat. Bikoteak maitasun eta konpromiso politikoko istorio bat biziko du Paris, Caracas eta Euskal Herria artean. Elkarrekin familia bat osatuko dute, elkarrenganako konplizitate osoarekin, harik eta bi aukeraren artean erabaki behar duten momentua heltzen den arte: familia edo ideiekiko fideltasuna.

KARMELE euskarazko proiektu bat da, Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren benetako istorioan oinarritutakoa, eta Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian inspiratuta dago. Uribe nazioartean oihartzun handienetakoa duen euskal idazle garaikidea da. Nobela zortzi hizkuntzatara itzulita dago, eta Kritikaren Sari Nazionala (Euskarazko narratiba) eta Euskaltzaindiaren urteko liburu onenaren saria irabazi zituen.

Proiektu honi lau urtetik gorako lana eskaini dio Asier Altunak, Marian Fernández Pascal (Intimidad; Oreina; Amama) ekoizle eragile eta Txintxua Films ekoiztetxearen arduradunarekin batera. Zinemagileak idatzi eta zuzendu du filma, eta bere ohiko lantaldea du ondoan, euskal zinemagintzako profesional aitortuenetako batzuek osatzen dutena. Ander Sistiaga da (La trinchera infinita; Handia −Goya saria−) produkzio zuzendaria. Javier Agirre (La trinchera infinita; Handia −Goya saria−; Amama’), argazki zuzendaria. Zaloa Ziluaga (Volver, Cuando dejes de quererme), arte zuzendaria.

Alazne Ameztoy (Maixabel; La trinchera infinita −Goya saria−) arduratzen da soinuaz. Nerea Torrijos (20.000 especies de abejas; Irati; Akelarre −Goya saria−) da jantziteria zuzendaria. Lola López eta Itziar Arrieta (El orfanato −Goya saria biek−), makillaje eta ileapainketa buruak. Laurent Dufreche (La trinchera infinita; Handia −Goya saria−), muntatzailea. Aitor Etxebarria (El cuerpo en llamas; Intimidad), musikaren konposatzailea. Félix Bergés (La sociedad de la nieve eta Un monstruo viene a verme −Goya sariak bietan−; Dantza) da VFX burua eta Jon Serrano (Handia eta Akelarre −Goya sariak bietan−; 20.000 especies de abejas; Irati), efektu berezien arduraduna. María Rodrigo (Nina, Cristóbal Balenciaga) da casting zuzendaria eta Michel Gaztambide izan da gidoiaren aholkularia.

KARMELE-k honako hauetan parte hartu du: Donostiako Zinemaldiko Europa-Latinoamerika VIII. Koprodukzio Foroan eta Spanish Screenings Financing & Tech ekimenean, Santo Domingoko Dominican Global Film Festivaleko Industry-n, Buenos Aireseko Ventana Sur Market-eko Proyecta sailean, eta Canneseko Jaialdiko Best Seller to Box Office Co-production pitching session-ean. Pelikulan Gastibeltza Filmak-ek kolaboratu du; laguntza eman diote Nouvelle-Aquitaine Eskualdeak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak; eta EiTB eta RTVEk parte hartu dute. Estreinaldia 2025erako aurreikusten da.


  • DataApirilak 22
  • Gaia Ikus-entzunezkoa