Tabakalerak Donostiako ibai konexioetan oinarritutako soinu instalazioa aurkeztu du

  • Tabakalerak Donostiako ibai konexioetan oinarritutako soinu instalazioa aurkeztu du

Reni Hofmüller artista austriarrak, Scala egitasmoaren hamargarren proposamenean, entzuteko modu berri bat esperimentatzeko gonbitea egingo dio publikoari, Tabakalerako eskailera nagusian. Resonating Sculpture IX soinu-instalazioak fusionatzen ditu, batetik, Donostiako ibai-kartografia, ur-hornidurako sarea eta, azkenik, Tabakalera inguruneko espektro elektromagnetikoa. Hofmüller ezaguna da bere ikuspegi feministarengatik eta gizakiaren eta gizatiar ez denaren arteko elkarguneko azpiegiturekiko interesagatik; soinu-artearen pertzepzio konbentzionalei desafio egiten dien lana aurkezten digu.

90eko hamarkadan irrati piratetan izandako lehen esperientzietan oinarrituta, Reni Hofmüller artistak Donostia hiria zuzeneko soinua arakatzeko eszenatoki bilakatu du. Artistak diseinatutako eta eskuz egindako antena baten bidez, hiriko ibai-konexioak jasotzen ditu, Urumeatik Kantauri itsasora bitartekoak, eta gizatiarraren eta gizatiarra ez denaren arteko elkarmenpekotasun konplexua erakusten duen soinu-mapa bat saretzen du.

Honenbestez, Anna Ramos Radio Web MACBA lineako irrati-proiektuaren koordinatzaileak komisariatutako Resonating Sculpture IX piezak seinale elektromagnetikoen eta inguratzen gaituzten interferentzien bidezko entzuketa erakusten eta proposatzen du, urpeko grabazioez gain. Hiriko hainbat tokitan grabatuta (Urumea ibaia, Zurriola hondartza, Kontxako badia, Kalkutako Teresa plazatxoa…) eta baita zuzeneko seinalearekin ere, instalazioak esperientzia polifoniko bat eskaintzen du, inguruarekin dugun harremanari, azpiegiturei eta ukiezina denari buruz hausnartzeko.

Soinu proposamen berri honekin batera lau esku-hartze egingo dira, eraikinaren lehen solairuan. Horietako bik, planoetan oinarriturik, hiriko edateko uraren eta saneamenduaren sareak erakusten dituzte. Beste biek, antenaren material eroale berarekin eginak, giza DNAren egitura eta lurrak eta eguzkiak galaxian zehar espiralean egiten duten mugimendua islatzen dituzte.

Jarraitu irakurtzen


  • DataApirilak 19
  • Gaia Bestelakoak