Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleek "Irla mortu bat" programa antolatu dute apirilaren 9tik 14ra, Tabakaleran

  • Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleek

Elías Querejeta Zine Eskolako Komisariotzako ikasleek "Irla mortu bat. Zinema programa bizigarri bat" programa publikoa antolatu dute Tabakaleran, Donostian, apirilaren 9tik 14ra. Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren eta EQZEren artean antolatutako ziklo honek bederatzi film jasoko ditu zinema aretoan egingo diren sei saioetan, eta aste osoan zabalik egongo diren bi instalazio, zentroko ikasleek ekoitziak.

Irla mortu batera iristeak zerikusia du berriro hastearekin, aukera berriak esploratzearekin. Zer espero dugu kontinentetik urrun? Bakardadearen larritasuna? Askapenaren desira? Ziklo honetako filmek galdera horiek eta beste batzuk egiten dituzte, eta ikusleak gonbidatzen dituzte pentsatzera nola bizi leku batean, nola planteatu elkarrekin bizitzea, nola irten isolamendutik elkar aurkitzeko.

Apichatpong Weerasethakulen Blissfully Yours filmak (2002) abiatuko du programa apirilaren 9an, asteartean. 35 mm-tan proiektatuko da, jatorrizko hizkuntzan, euskarazko eta ingelesezko azpidatziekin. Hilaren 10ean, Operai, contadini emango dute, Danièle Huillet y Jean-Marie Straubena (2001). 11n, bi saio bikoitz egongo dira. Lehenik, Maximilian Bungartenen The Age of Innocence (2022) eta Luis Esguerra EQZEko bosgarren promozioko ikaslearen Tú me hiciste ver el cielo (2023). Ondoren, Helena Girón eta Samuel M. Delgadoren Bloom (2023) eta Sílvia das Fadasen A casa, a verdadeira e a seguinte, ainda está por fazer (2018). Bigarren saioan Das Fadas bera egongo da, eta, filma aurkezteaz gain, proiektatu ere egingo du, 16 mm-tan. Hilaren 12an, azken bi saioak egingo dira. Lehenengoan, Miryam Charlesen Vole, vole tristesse (2015) eta Rhayne Vermetteren Ste. Anne (2021) erakutsiko dituzte. Eta itxierako emanaldian, Sharon Lockharten Eventide (2022).

Jarraitu irakurtzen


  • DataMartxoak 27
  • Gaia Ikus-entzunezkoa