Juan Garzia: «Itzultzeko, munduko pertsonarik harroena eta umilena izan beharra dago aldi berean»
Legazpiar idazle eta itzultzaileak "Moby Dick" eleberri monumentala jarri du euskaraz. Horretarako, "euskaraz Melville izateko bezain harro" eta "testuaren zerbitzura buru-belarri jartzeko bezain umil" jardun da, bost urtez
"Zeroi zuri handi baten jazarpen setatsu galgarria": zazpi hitzetan laburtu du Moby Dick 577 orriko eleberri mamitsuaren gaia Juan Garzia Garmendia itzultzaileak (Legazpi, 1955), Herman Melvillek 1851n argitaratutako klasikoaren euskarazko bertsioaren (Balea Zuria -noski-, 2023) hitzaurre oparo, argigarri eta eskergarrian.
Nolanahi den, gai itxuraz xume horretatik abiatuta, ezin konta ahal interpretazio ekarri ditu Pequod ontziaren zeharkaldiak, Ismaelek kontatzen digun Ahab kapitainaren eta baleontziko eskifaia osoaren Moby Dicken jazarpen itsu eta galbidetsuak, artelan taxuzkoei (maisulanen mailara igo gintezke, hizpide dugun lanaren kasuan) dagokienez.
Moby Dicki buruz esana da, besteak beste, eleberri abisal hau dela "Ipar Amerikako historiako eleberririk onena" (Enrique Lago), ezein irakurle ez dela gai "Melvilleren mundu-ikuskera bere betean jasotzeko" (Anjel Lertxundi), ez dagoela "inola ere saiatzerik azken hondarreraino biltzen liburuaren baliabide eta efektuen oparotasuna" (Cesare Pavese), "Eleberri infinitua" dela (Jorge Luis Borges eta Edorta Jimenez) eta, artelanek zabaltzen dituzten bideen sakontasun eta ugaritasunaren erakusgarri, "ustiapen estraktiboko proiektu batean diharduen eta berarekin langile prekarioen talde bat daraman ekintzaile erotu baten istorioa" dela ere (Cesar Rendueles).
Orain, zorionez, euskaraz ere osatu ahalko du azkenean irakurleak bere Moby Dick, Juan Garziaren bost urteko itzulpen lanaren emaitza zehatz eta gustagarriari esker. Ez ahal du esango irakurleak, irakurkizunaren aurrean, "Aukeran nahiago ez", Melvilleren Bartleby izkribatzailea eleberriko protagonistak bezala, zeharkaldi nekez baina probetxugarriak eskatuko dion ahaleginaren beldur. Damutuko zaio, hala izatera.


