Euskal zinemen susperraldia areagotu egin da 2023an: ikusleak % 34 hazi dira, eta diru-sarrerak % 40
- Euskadiko aretoen diru-bilketa % 40 igo da 2023an, eta ikusle kopurua, % 34. Datu horiek Espainiako batez bestekoa baino nabarmen hobeak dira
- Pandemiaren aurreko egoerarekin alderatuta, 2019arekin hain zuzen, euskal zinemak 28,1 milioi euro biltzetik 23,7 milioi euro biltzera igaro dira, eta 4,7 milioi ikusletik 3,6 milioi ikusle izatera
- 2023an Euskadin aurkeztu diren 10 film arrakastatsuenak Barbie; Avatar: el sentido del agua; Super Mario Bros. La película; Oppenheimer; Campeonex; Ocho Apellidos Marroquís; Irati; Elemental; Napoleon eta Fast & Furious X izan dira, hurrenkera horretan
2022arekin alderatuz, 2023an, EAEko zinemen diru-bilketa % 40 hazi da, eta ikusleen kopurua, berriz, % 34. Beraz, aretoen susperraldia sendotu egin da pandemiaren urte gogorren ostean. 2019ko zifra bikainekin konparatuz, euskal zinemak 28,1 milioi euro biltzetik 23,7 milioi euro biltzera pasatu dira, eta 4,7 milioi ikusle izatetik 3,6 milioi ikusle izatera.
Comscore-k emandako datuetatik abiatuta, 2019a batez besteko urtetzat hartzen badugu (2015-2019 aldiko joerari eusten baitzion), 2020an 3,3 milioi ikusle galdu ziren pandemia baino lehen aretoetara joaten zirenekin alderatuta. 2021ean 2,7 milioi ikusle gehiago galdu ziren, eta 2022an beste 2 milioi. Guztira, 2019tik 2022ra metatutako zifraren arabera, 8 milioi ikusleren galera izan da Euskadin.
Zorionez, 2023an joera hori lehengoratzen hasi da. Berreskuratze honetan berebiziko garrantzia izan dute Irati eta 20.000 especies de abejas bezalako euskal filmen estreinaldiek, eta Upon Entry eta Las buenas compañías bezalako beste batzuen emaitza onek, aurreikuspenak aise gainditu baitituzte.
Film arrakastatsuenak Euskadin
2023an Euskadin arrakasta gehien izan duten 10 filmak honakoak dira, hurrenkera honetan: Barbie; Avatar: el sentido del agua; Super Mario Bros. La película; Oppenheimer; Campeonex; Ocho Apellidos Marroquís; Irati; Elemental; Napoleon eta Fast & Furious X.
Hain zuzen ere, uztailean estreinatutako Barbie filmak 1,3 milioi euro eta 210.000 ikusle bildu zituen euskal aretoetan; eta 2022aren amaieran estreinatutako Avatar: El Sentido del Agua lanak 1,14 milioi euro eta 157.000 ikusle lortu zituen. Hirugarren ikusiena, Super Mario Bros. La película, apirilean estreinatu zen eta 1,11 milioi euro eta 176.000 ikusle erregistratu zituen.
Euskal film ikusiena Irati izan zen. Otsailean egin zuen estreinaldia, eta zerrenda orokorreko zazpigarren postuan dago, 549.000 euroko diru-bilketarekin eta 90.000 ikuslerekin.


