Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Zortzi proiektu eraldatzaile 2030. urtean Euskadi jasangarriagoa izateko (Gobernu Bilera 2023-3-21)

Argitalpen-data: 


      foto.jpg
  •  Hamarkada amaitu arte ingurumen-politikak gidatuko dituen 2030erako bosgarren Ingurumen Esparru Programa onartu da, euskal gizarteko hainbat eragile eta sektoreren parte-hartzea izan duen prozesu zabal baten ondoren
  • Dokumentuan bildutako 8 proiektu eraldatzaileek lurraldeko jarduera sozioekonomikoaren eremu ugari hartuko dituzte eraginpean, eta ingurumenaren zeharkakotasunaren ideia azpimarratuko dute
  • Lehendakariak zuzenduko du 2030erako Ingurumen Esparru Programa lantzeko taldeen bost koordinatzaileei eskainiko zaien harrera ofiziala 

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak 2030erako Euskadiko Ingurumen Esparru Programa (IEP 2030) osatzen duten 8 proiektu eraldatzaileak aurkeztu ditu gaur, Gobernu Kontseiluaren ondoren. Programa hori Euskadiko ingurumen-politika hamarkadaren amaierara arte gidatuko duen iparrorratza izango da. 8 proiektu horiek arazo globalak lantzen dituzte ingurumen-ikuspegitik, eta jardunbide jasangarriagoak sortzeko ekintza disruptiboak egitea aurreikusten dute. Halaber, administrazioa, enpresak eta herritarrak inplikatuko dituzte, baita hainbat sektore ere, hala nola merkataritza, hezkuntza, osasuna, finantzak eta lurraldearen antolamendua.

Tapiak adierazi duenez, “Ingurumen Esparru Programa berri honekin zehaztu ditugun proiektu eraldatzaileak asmo handikoak eta, asko, aitzindariak dira, Estatuan zein Europan. Jasangarritasun-egoera berri batera hurbildu nahi dugu, eta, horretarako, ezinbestekoa da lankidetza publiko-pribatua, era horretan baterako gidaritza eta ahalmenak gehitzeko aukera berma daitezen. Halaber, beharrezkoa da euskal herritar guztiak inplikatzea, haiek izan behar baitute gizarte-eredu jasangarriago baterako trantsizioaren benetako protagonistak.

Proiektu bakoitzak hainbat erreferentzia-mugarri ditu helburu espezifikoak eta jarduketa-esparru bakoitzean ebaluatu daitezkeenak lortzera bideratutako ekintza zehatzak konfiguratzeko. Zehaztutako 8 proiektu eraldatzaileek Eusko Jaurlaritzako sail askoren lan koordinatua bultzatzen dute. Honako hauek dira: 

1.- Produktu eta zerbitzu jasangarriak erosteko zentral bat bultzatzea. Asmoa da euskal administrazio osorako erosketa publiko berde eta berritzailearen eredu bat sustatzea, administrazioen hornidura-kate osoa helburu horretara bideratzea eta etorkizuneko ingurumen-erregulazioei aurrea hartzea.

2.-Lurraldearen kohesio jasangarria sustatzea. Lurraldearen funtzio-aniztasunari eusteko eta hura bultzatzeko lankidetza publiko-pribatuko sistema bat sortzean datza. Ildo horretan, paisaia-aniztasuna iraunaraztearen eta azpiegitura berdeen sorkuntzan aurrera egitearen alde egingo da, beste zenbait ekimenen artean.

3.-Osasunaren eta ingurumenaren behatoki bat eratzea. Osasunaren eta ingurumenaren arteko loturari buruz dagoen informazio eta jakintza guztia zentralizatzeko eta koherentzia emateko aukera emango duen eta horren inguruko erabakiak hobeto hartzea ahalbidetuko duen gune komun bat sortu nahi da.

4.-Balio-kateetan zirkulartasuna sustatzea. Asmoa da enpresei lehengaien erabileran eta bizi-zikloan ingurumen-aztarna murrizteko hartu beharreko erabakiak erraztea, eta, horretarako, tresna digitalen erabilera partekatzea eta balio-kate bereko enpresen artean datuak aztertzea.

5.-ETEei jasangarritasunerako trantsizioan laguntzea. Asmoa da helburu hori lortzeko ibilbide-orriak diseinatzen laguntzea. Ildo horretan, ETEen lehiakortasuna hobetuko da jasangarritasunaren bitartez, finantzaketa jasangarriari lotutako kontzeptuak txertatuko dira, eta lankidetza publiko-pribatua sustatuko da.

6.-Jasangarritasunaren zerbitzurako berrikuntza soziala sustatzea. Parte-hartze sozial aurreratuaren eredu bat bultzatuko da informazio integraleko sistema ireki eta gardenen bidez. Sistema horietan, Big Datak erabakiak modu efiziente eta bidezkoan hartzea ahalbidetuko du. Horretarako, jasangarritasunari buruzko eztabaida sozialerako prozesu aurreratuak aplikatuko dira, eta gizarte-erantzunkidetasuna erraztuko da gazteek funtsezko zeregina betetzen duten esparruetan.

7.- Herritarrak kontsumo jasangarrian ahalduntzea. Aldaketa bat bultzatu nahi da produktuak eta zerbitzuak eskuratzeko moduan, produkzio- eta kontsumo-eredu jasangarriago bat konfiguratzeko. Horretarako, zabalkundea sustatu nahi da, eta herritarrak merkatua ildo horretan eraldatzeko duten ahalmenaren inguruan kontzientziatu nahi dira.

8.-Finantza jasangarriak sustatzea. Proiektu honek planteatzen du ezinezkoa dela nahi dugun aldaketa lortzea hasieratik finantza-mundua inplikatzen ez bada. Asmo horrekin, inbertsio jasangarriak errazteko esparru baten ezarpenari buruzko Europako erregelamenduaren egokitze bizkorra bultzatuko da. 

Proiektu eraldatzaile horiek behar bezala bideratzeko, IEP 2030aren Idazkaritza Teknikoa sortuko da, eta 8 proiektuak koordinatuko dituzten eragileen arteko kanal ireki gisa funtzionatuko du, haien arteko interakzioa eta lankidetza bultzatzeko.

Bestalde, parte hartzeko bi forok eragile sozial eta sektorialen inplikazioa bermatuko dute. Haietako bat Jasangarritasunaren Foroa izango da, IEP 2030 programa lantzen parte hartu duten eragileez osatua eta urtean behin egingo dena, eta bestea, berriz, Herritarrek Parte Hartzeko Foroa, euskal gizarte osoari zabalkunde- eta eztabaida-prozesuak burutzea ahalbidetuko diona.     

Parte hartzeko prozesu zabala

8 proiektu horiek zehazteko, oso prozesu berritzailea egin da. Prozesu horrek izaera bereizgarria eman die proiektuei, hainbat jarduera-esparrutako adituen parte-hartze zabalean eta ekarpen garrantzitsuak egin dituzten herritarren inplikazioan oinarritu baita. Horri guztiari esker, Euskadiko gizarte-, ekonomia- eta enpresa-jardueraren esparru osoa biltzen duen diseinu integral bat egin ahal izan da.

2030erako Ingurumen Esparru Programa zehazteko prozesua bi fasetan egin da, eta 2023. urtearen hasieran amaitu da, dokumentuaren azken idazketarekin.

Lehen fasea 2022ko irailera arte egin zen. Egoerari buruzko azterketa batean oinarrituta, ingurumen-erronka batzuk ezarri ziren 2030erako. Erronka horiek parte-hartzean oinarritutako prozesu baten xede izan ziren, eta euskal gizartearen esparru guztietako adituek esku hartu zuten. Sei lantalde sortu ziren, programari lotutako erronka bakoitzeko bat: ingurumena beste politika batzuetan txertatzea; ingurumena eta osasuna; jasangarritasun lehiakorra; kontsumo-eredu kontzientea eta jasangarria; finantzaketa jasangarria; eta monitorizazio eta kudeaketa aurreratua. Taldeek ideia berritzaileak proposatu zituzten zehaztutako erronka bakoitzari lotutako proiektu eraldatzaileetarako.

Bigarren fasea 2022. urteko azken hilabeteetan egin zen, eta herritarren eskura jarri zen adituen taldeek egindako lanean oinarrituta landutako programaren zirriborroa, Irekia webgunean. Egindako ekarpenei esker, azken dokumentua aberastu duten ondorio batzuk atera ahal izan dira.

Herritarren ekarpenetatik ateratako ondorioen artean, honako hauek aipa daitezke: gero eta konplexuagoak diren ingurumen-erronkei aurre egiteko diziplina anitzeko taldeen alde egin beharra, big datak jasangarritasunari lotutako arloetan erabakiak hobeto hartzeko eskaintzen dituen ahalmenak baliatzea edo haurrak eta gazteak ingurumenaren inguruan sentsibilizatzeko eta parte hartzeko aukera azpimarratzea. 

Urkullu lehendakariaren harrera 

Gobernu Kontseiluan 2030erako Euskadiko V. Ingurumen Esparru Programa onartu ondoren, Urkullu lehendakariak harrera egin die gaur esparru hori zehaztu duten lantaldeak koordinatu dituzten 6 adituetako 5i. Esparru hori Euskadiko ingurumen-politiken iparrorratza izango da hamarkadaren amaierara arte, eta 2030. urterako lurralde jasangarriago bat lortzeko bidea ezarriko du.

Ekitaldian parte hartu duten koordinatzaileak honako hauek dira:

  1. Itziar Alkorta, UPV/EHUko Udako Ikastaroen zuzendaria eta Donostia Sustainability Forumeko koordinatzailea; ingurumena beste politika batzuetan txertatzeari buruzko lantaldeko buru izan da.
  2. Cristina Ortiz de Salido, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Osasun Programen arduraduna eta osasunari lotutako ingurumen-bektore berriak txertatzea landu duen taldeko koordinatzailea.
  3. Jorge Fernández, Orkestra - Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren Energia eta Ingurumen Lab-eko koordinatzailea eta jasangarritasun lehiakorrari buruzko lantaldea zuzendu duena.
  4. Garbiñe Manterola, BRTA – Basque Research & Technology Alliance-ko Transferentziako arduraduna eta finantzaketa jasangarriari buruzko lantaldeko koordinatzailea.
  5. Nerea Ortiz, BC3-Basque Centre for Climate Change-ko Eragiketen burua (zuzendariaren ordez, María José Sanz) monitorizazio eta kudeaketa aurreratuari lotutako alderdiak landu dituen taldeko ordezkaria.

Seigarren koordinatzailea Eneko Atxa, chefa eta Azurmendi Taldearen jabea, izan da, kontsumo kontziente eta jasangarria landu duen taldeko koordinazioaz arduratu dena.

Euskadik ibilbide luzea egin du ingurumenaren arloan, eta legegintza-tresna berriak garatzen ari da, hala nola etorkizuneko Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko EAEko Legea, izapidetzen ari dena, eta dagoeneko onartuta dauden plangintza-tresnak, hala nola Hondakinak Prebenitu eta Kudeatzeko Plana, Ekonomia Zirkularraren eta Bioekonomiaren Plana eta Erosketa Berdearen Programa.

2030erako Euskadiko bosgarren Ingurumen Esparru Programak garapen-eredu jasangarri eta bidezko baterantz aurrera egitea ahalbidetuko du. Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Itun Berdearen bitartez bultzatzen du eredu hori —European Green Deal izenekoaren ildotik—. Itun horren helburua da ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-alderdia palanka nagusiak diren industriarekin eta teknologiarekin orekatzea.

 Informazio gehiago