Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok bere gain hartu du autonomia-erkidegoen ordezkaritza Europar Batasuneko kontsumitzaileak babesteko eta informatzeko lantaldean

Argitalpen-data: 


      HURTADO_ESCUDERO_MEDIALDEA.jpeg

Euskadik Espainiako autonomia-erkidegoen bozeramailetza izango du kontsumoaren arloan, Espainiak Europako Kontseiluaren lehendakaritza hartzen duen Europako seihilekoan 

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak bilera bat izan du gaur Madrilen Rafael Escudero Kontsumoko idazkari nagusiarekin eta Bibiana Medialdea zuzendari nagusiarekin, kontsumitzaileen defentsarekin lotutako gaiak jorratzeko. Besteak beste, Kontsumo Ministerioaren eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuaren arteko koordinazioa aztertu da, baita Espainiak EBko Kontseiluaren lehendakaritza hartzen duen Europako seihilekoan kontsumoaren arloan jorratuko den agenda ere.

Bilera hori bereziki garrantzitsua da; izan ere, Euskadik, Espainiaren lehendakaritzaren Europako Seihilekoarekin batera, autonomia-erkidegoek EBko Kontseiluaren aurrean duten ordezkaritza jasotzen du.

Seihileko honetan koordinatuko diren gaien artean, honako hauek nabarmentzen dira: kontsumitzaileen ahalduntzearekin lotutako alderdiak, jardunbide desleialen aurkako babesa areagotzea eta informazio hobea emateko mekanismoak.

Bestalde, ondasunen konponketa sustatzeko neurrietan aurrera egingo da. Helburua hondakinen ekoizpena eta baliabideen gehiegizko kontsumoa murriztea da, Europako Itun Berdearen ildotik.

Horiek dira aldi honetan jorratuko diren kontsumo-gaietako batzuk. Euskadik, EBko Kontseiluaren aurrean Autonomia Erkidegoen ordezkaria den aldetik, etengabeko elkarrizketa izango du Espainiako Gobernuarekin eta gainerako erkidegoekin, ekintza komunak garatzeko.

Informazio gehigarria