Eusko Jaurlaritzak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak elkarlanean jardungo dute epailetzako pertsonalarentzako preskuntza-ikastaroak antolatzen

Argitalpen-data: 

  • Programak aurreikusten du genero-indarkeriaren, digitalizazioaren eta etxebizitzaren arloetan prestakuntza-jarduerak egitea

 

Vitoria-Gasteiz, 2023/03/25

Eusko Jaurlaritzak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren bidez, eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak elkarlana sustatuko dute 2023an epailetzako pertsonalarentzako prestakuntza-jarduerak garatzeko. Horretarako, bi erakundeek aurreikusten dute Aste Santua baino lehen hitzarmen bat sinatzea, zenbait gairi buruzko prestakuntzara bideratua.

Ana Agirre Justiziako sailburuordearen iritziz, “akordioan jasotzen diren prestakuntza-jarduerak motibazio-eragiletzat jo behar dira; izan ere, herritarrei zerbitzu ematen dieten pertsonen ezagutzak eta trebetasunak bilatzea dute xede”.

Eusko Jaurlaritzak eta BJKNk EAEra bidalitako karrera judizialeko pertsonalarentzako prestakuntza-arloan duten elkarlana 1991n hasi zen.

Harrezkeroztik, bi erakundeek elkarlanean dihardute epailetzako pertsonalaren etengabeko prestakuntzan, eta, horretarako, ikastaroen urteko programazioa jasotzen zuten hitzarmenak sinatzen zituzten. 2023an, hitzarmen hori berritu egin da, sustapen handiagoa emateko elkarlaneko ildoei eta etengabeko prestakuntza sustatzeko.

Hori horrela, hainbat eta hainbat jardueraren artean, honako hau nabarmentzen da: Genero-indarkeriaren arloko profesionalen topaketa; Bilbon izango da, hurrengo apirilaren 27an eta 28an. Era berean, ekainaren 8an, Vitoria-Gasteizen, Digitalizazioaren inpaktua lanean ikastaroa izango da.

Ordenamendu zibilaren eremuan, bi lan-jardunaldi antolatzea aurreikusi da: Araudia eta legeria garraio-arloan, apirilaren 21ean, Bilbon, eta Etxebizitza-arloan eragindako arazoak krisi-sasoietan, urriaren 5ean, Bizkaiko hiriburuan.

Aurrekoekin batera, era berean, teknologiari eta algoritmoei, justizia errestauratiboari, berdintasunari, kontziliazioari eta komunikazioari buruzko prestakuntza-jarduerak programatu dira.

Azkenik, diziplinarteko arloan, azaroaren 9an eta 10ean, José María Lidón ETAk 2001ean erail zuen Bizkaiko Auzitegiko magistratuaren omenezko XVIII. Jardunaldiak izango dira.

Segimendu-batzorde mistoa

Hitzarmen berriak segimendu-batzorde mistoa sortzea aurreikusten du, eta hura lau pertsonak eratzea: bi, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa, eta beste biak, BJKNren ordezkari gisa. Batzorde hori izango da programako jarduerak koordinatzeko arduraduna, bai eta ikastaro bakoitzerako aurreikusitako plaza kopurua handitzeko aukera aztertzeko arduraduna ere; 35 profesionalentzako plaza aurreikusten da, hasiera batean.

Ikastaro bakoitzak zuzendaritza espezializatu bat izango du, eta hark hizlari guztien koordinazio zientifikoko lanak egingo ditu, bai eta saioen moderazio-lanak ere.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak zati berdinetan finantzatuko dituzte ikastaro guztiak; 40.000 euroko aurrekontua dute ikastaroek.

Informazio gehigarria