Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak Lugaritz-Easo saihesbideko trenbidearen gainegituraren eta Morlanseko konexio-obraren lanak esleitu dizkio Comsa eta Construcciones Amenabar enpresek osatutako aldi baterako enpresa-elkarteari, 15.357.466 euroren truke. Lanak urtearen amaieran hasiko dira, eta 20 hilabeteko epea izango dute amaitzeko.
Obrek plaka gaineko trenbide bikoitzean, tunel barruan, 4,5 km inguruko trenbidearen gainegitura hartzen dute barne. Morlanseko konexioa egiteko, tren-zerbitzuarekin jarraitu behar da, eta, beraz, trenbide-desbideratze bat egin behar da euste-pantailen babesean, Morlanseko konexiorako tunel faltsua eraiki ahal izateko. Tunel faltsu horrek etorkizuneko merkantzien saihesbiderako irteera izango du.
Kontratuak trenbideko aparatuak eta trenbidearen armamentua osatzen duten materialak barne hartzen ditu, bai behin-behineko egoeretakoak, bai behin betiko egoerakoak. Trenbidearen behin-behineko egoerei dagokien elektrifikazioa ere jasotzen du, eta, horrez gain, Morlanseko konexioa eraikitzeko obretan trenbide bakarra erabiltzeko aukera emango duen trenbide-aparatua eta bretelle bat gehitzen ditu.
Bestalde, ETSk lizitaziora atera du Morlanseko errekastoa berritzeko obra. 8,6 milioi euroko hasierako aurrekontua du (BEZik gabe) eta 20 hilabeteko egikaritze epea aurreikusten zaio. Morlanseko errekastoaren trazadurak bi aldaketa izan ditu, Donostia-Hendaia trenbidean dituen interferentziak direla eta. Oraingo aldaketaren arrazoia izango da etorkizunean Lugaritz eta Easo arteko topoaren linea berria zerbitzuan sartzen denean materialen zirkulazioa xurgatu beharko duen merkantzien saihesbide berria eraikiko dela.
Berritu beharreko errekasto tartea 555 metro inguru da luze, Morlans Ibilbidearen eta Pedro Manuel Collado kaleen artean. Proiektatutako sekzioa, trazadura osoan, 2,6x2,75 metroko kaxoia eta 500 mm-ko diametroko hodi beltz paraleloa da, topoaren azpitik igarotzean izan ezik, tarte horretan sekzioa 4,20x1,70 m-ra aldatu beharko baita.
Lugaritz eta Easo arteko Topoaren tartea edo igarobidea Lugaritzeko geltokiaren irteeratik 100 metro eskasera hasten den lurpeko 4,5 km-ko trenbide-saihesbidea da. Tarte horrek egungo Lugaritz-Amara tunelarekin lotzeko obra jasoko du. Donostiako erdigunea zeharkatu ondoren, Morlansen lurpean doan tartean egungo trenbidearekin bat egingo du berriro. Tarte nagusia trenbide bikoitzeko tunelean doa, eta aire zabalean azken tartea baino ez da egingo. Tarte horretan, tunel faltsu batek Morlansen dagoen trenbidearekin lotuko du saihesbide berria. Proiektuak hiru geltoki berri ditu: Bentaberri, Kontxa eta Easo.