Ekonomia eta Ogasun Saila

EGEFek, Euskadiko mugikortasun elektrikoaren erreferentea den Gasteizko BEI kofinantzatuko du

Loly de Juan, Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegitura zuzendariak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Ramiro González Arabako ahaldun nagusiak Gasteizko Autobus Elektriko Adimendunaren (EIB) Elektromugikortasunerako Zentroaren erabateko eraginkortasuna egiaztatu ahal izan zuten duela gutxi, Zadorra etorbideko haztegi zaharrean dagoen Tuvisaren azpiegitura horretara egindako bisitan. Erabiltzaile gehien (3,1 milioi baino gehiago 2022an) duen garraio publikoko lineari zerbitzua ematen dioten azken belaunaldiko 13 ibilgailu % 100 elektrikoak errendimendu osoz ari dira lanean. Ibilgailuen karga- eta mantentze-lanak mugikortasun elektrikoaren arloan Euskadiko erreferente diren instalazioetan egiten dira.

Gasteizko BEI ezartzeko, hainbat jarduketa egin behar izan dira hiriko espazio publikoan (3,5 metroko zabalerako errei erreserbatua, biribilguneen gurutzaketa erdiko espazioetatik...), geltoki berrietan instalazio tekniko eta elektrikoak dituzten markesinak eraiki behar izan dira (txartelak saltzeko eta baliogabetzeko makinak, autobusen karga elektrikorako hornidura eta azpiegitura azkarra), komunikazioak eta seinaleak instalatu behar izan dira, eta diseinu abangoardista eta puntako teknologia duten eta guztiz elektrikoak diren autobusak erosi behar izan dira (12 metroko sei unitate eta 18 metroko zazpi).

Gainera, Bus Elektriko Adimendunaren sistemaren zerbitzuaren eraginkortasuna bermatzeko, Tuvisako Elektromugikortasuneko Zentroko instalazio berrietan karga geldoko instalazioak (Kargako Unitate Funtzionala) eraiki behar izan dira. Instalazio horiek 16.000 m2 inguru hartzen dituzte gaur egun (aurreikusitako 52.000 m2-tik). Azalera hori, eta autobus % 100 elektrikoak kargatzeko eta aparkatzeko eremuaren (karga geldoko 14 puntu), mantentze-lanetarako erabilera anitzeko espazioaren, garbiketa-tunelaren eta langileak egoteko gunearen artean dago banatuta.

Gasteizko BEI ezartzeko proiektua finantzatu duten administrazioen artean egin den erakundeen arteko lankidetzaren adibide ona da: Eusko Jaurlaritzak, finantzaketaren % 65a ematen du; Arabako Foru Aldundiak, % 17,5a; eta Gasteizko Udalak, beste horrenbeste finantzatu du. Jarduketa horrek, gainera, Europar Batasunaren kofinantzaketa du Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020 aldirako EGEF Programaren barruan, ekonomiaren susperraldi berde, digital eta erresilientea lortzeko REACT-UE laguntza-tresnaren baliabideen bitartez.

Proiektu horrek erakusten du, halaber, Euskadi hiriko garraio publikoaren sistemak modernizatzeko lanean ari dela, kalitate handiagokoak, irisgarriagoak, atseginagoak, modernoagoak, eraginkorragoak, jasangarriak (emisiorik gabeak) eta pertsona guztientzat erabilgarriagoak izan daitezen. Europak balioztatzen eta sustatzen duen proiektu-eredua da. Helburua ahalik eta ibilgailu kutsatzaile gehien desagerraraztea eta alternatiba berdeen, mugikortasun aktiboaren eta intermodalitatearen aldeko apustua egitea da, Klimaren Aldaketaren Euskal Estrategiarekin, Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Planarekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) bat etorriz.

Euskadi liderra da jasangarritasunean, eta mugikortasun jasangarrian ere liderra izan nahi du. Era berean, erreferentea da automobilgintzan, eta, beraz, sektore horren elektrifikazio-proiektuak funtsezkoak dira lurraldearen etorkizun ekonomikorako. Horiek automobilgintzaren eraldaketa eskatzen dute. Beste proiektu oso garrantzitsu batzuk ere horretan oinarritzen ari dira.