Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Ebru Baybarak Basque Culinary World Prize 2023 saria jaso du

Argitalpen-data: 

  • Ebru Baybara sukaldari turkiarra Basque Culinary World Prize 2023ren irabazle izendatu dute, gastronomiaren bidez kultura-integrazioan laguntzeagatik, gizarte-garapenaren eta biodibertsitatearen aldeko apustua eginez, eta hainbat ekimenetan parte hartuz, hala nola eskualdeko migrazio-krisian, lurzoruen suspertzean, klima-aldaketari aurre egiteko, eta laguntza humanitarioan
  • Saria emateko ekitaldian, besteak beste, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Vicente Atxa Basque Culinary Centerreko presidenteak eta Joan Roca Basque Culinary World Prizeko epaimahaiko presidenteak hartu dute parte
  • BCWPren epaimahaiak hautatu du irabazlea. Munduan eragin handiena duten sukaldarietako batzuek osatu dute epaimahaia. Guztiak Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseiluaren ordezkari dira
  • Edizio honetan, BCWPk beste bi chefen lana aintzatetsi du, eta aipamen bereziak eman dizkie Nicole Pisaniri (Erresuma Batua) eta Heidi Bjerkani (Norvegia), jasangarritasunari eta gastronomia-hezkuntzari buruz egin dituzten proposamen iradokitzaileengatik

      
Basque Culinary World Prize 2023 sariaren entrega-ekitaldia izan da Tabakalerako Prisman. Ebru Baybara chef turkiarrak jasoko du saria, gastronomiatik abiatuta Mardin-en (Siriarekiko mugatik gertu) integrazio kulturalean laguntzeagatik, eta gizarte-garapenaren eta biodibertsitatearen aldeko apustua egiteagatik. Bi hamarkadatan, hainbat ekimenetan parte hartu du: eskualdeko migrazio-krisiari aurre egitetik hasi, eta lurzoruak klima-aldaketaren aurrean suspertzera, edo tragedien ondorengo laguntza humanitarioa eskaintzera, hala nola 2023ko otsailean Turkian izandako lurrikararen ondoren.

Basque Culinary World Prize sari bakarra da, eta mundu mailakoa, eta Eusko Jaurlaritzak (Euskadi-Basque Country estrategiaren esparruan) eta Basque Culinary Centerrek (gastronomian aitzindaria den erakunde akademikoa) ematen dute. Sariak askotariko arloetan (esaterako, berrikuntza, teknologia, hezkuntza, ingurumena, osasuna, elikagaien industria, eta garapen sozial eta ekonomikoa) nabarmentzen du ekimen eraldatzaileak abian dituzten chefen lana.

Euskadiko agintarien eta elikaduraren sektoreko pertsona ospetsuen aurrean, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak eman dio 100.000 euroan zenbatetsitako saria Ebru Baybarari. Saria emateko ekitaldiaren aurretik, hauek ere hitz egin dute: Joan Roca, Basque Culinary World Prize saria emateaz arduratzen den epaimahaiaren presidentea; eta Vicente Atxa, Basque Culinary Centerren Patronatuaren presidentea.

Baybarak bat egin du kulturen arteko integraziorako eta lan-munduan sartzeko espazioak finkatzen laguntzen duten ekimenekin, batez ere errefuxiatuei eta lekualdatuei zuzendutakoen kasuan, eta zeharkako konpromiso bat hartu du bere gain, eskualde asaldatu batean ulermena eta bizikidetza hobetzeko.

Otsailaren hasieran Siria eta Turkia astindu zituen lurrikara tragikoak munduaren arreta erakarri zuen; bederatzi hilabete geroago, orotariko laguntza premiazkoa da oraindik. Ebru Baybara Demirrentzat, abian zuen lanaren jarraipena izan da laguntza humanitarioan parte hartzea, eta milaka pertsonari hondamendiaren erdian janari beroa ematea, “Gönül Mutfa""” deritzonaren bitartez. Bi hamarkada baino gehiagoan, chefak bere inguruan eragina sortzeko moduak dibertsifikatu ditu, nazioarteko erakundeekin, tokiko gobernuekin, erakunde publiko-pribatuekin eta tokiko kooperatibekin lan eginez. Turismo asko baina jatetxe gutxi zituen Mardin hiriak, eta han sukaldaritza turismoarekin eta garapenarekin lotzen hasi zen, eta bertako emakumeak beren sukaldeak (etxe historikoetan) irekitzera bultzatu zituen, atzerritarrak elikatzeko; horrela, lan-aukerak sortu zituen, eta eskaintza turistikoa sustatu.

Geroago, ACNUR eta FAO erakundeek sustatutako sukaldaritzako prestakuntza-programekin bat egin zuen, eta errefuxiatuei lan-aukerak irekitzen saiatu ziren. Gaur egun, From Soil to Plate nekazaritza-garapenerako kooperatiba sustatzen du. Haren bitartez, eskualdeko boluntarioek bertako eta antzinako aleen (hala nola sorgül-a) ekoizpena eta kontsumoa hobetzeko lan egiten dute (xaboiak, marmeladak eta eskulanak egiteaz eta online merkaturatzeaz gain). Diyarbak"rreko nekazari-merkatuetarako hondakin biodegradagarriak kudeatzen ere laguntzen du, baztertutako fruta eta barazkiak nekazaritzako ongarriak ekoizteko aprobetxatzeko helburuarekin.

Basque Culinary World Prizeren 100 mila euroko diru-zuzkidura baliagarria izango da jendearentzat, ingurumenarentzat eta gizartearentzat onuragarriak diren chefaren ekimenei laguntzeko. Ebru Baybara irabazlearen hitzetan, "Basque Culinary World Prize 2023 Gastronomiaren Nobel saria irabaztea ohore deskribaezina da. Gastronomia arloko aditu garrantzitsuek "sukaldaritzaren indar natural" gisa onartu izateak esanahi izugarria du. Sari hau jasotzea, chef gisa, eta baita emakume turkiar gisa ere Atatürk-ek zehaztutatko bidea jarraituz, gure Errepublikaren mendeurrenean, esanahi handia du niretzat eta nire herriarentzat. Sukaldeak oztopo fisikoak gainditzen ditu, eta garrantzitsua da lurretik platerera doazen jaki, prozesu eta pertsona inplikatu guztiak ezagutzea. Hortaz ohartu nintzen Basque Culinary World Prize 2017an ezagutu nuenean. Sari hau bidaia horretan lagundu zidatenean beren bizitza aldatu zuten emakumeei dedikatzen diet; baita  Turkiako etorkizuneko gastromoei, geografia leku ederrena dela iradokitzeko; eta nire familiari eta filosofia bera duten lagun guztiei".

Ebru Baybara munduan eragin handiena duten chefetako batzuek aukeratu dute. Chef horiek Basque Culinary Centerren Nazioarteko Kontseiluaren ordezkari dira. Joan Roca (Espainia-El Celler de Can Roca) izan da epaimahaiaren presidentea, eta beste chef ospetsu batzuek ere parte hartu dute, hala nola hauek: Yoshihiro Narisawa (Japonia), Michel Bras (Frantzia), Gastón Acurio (Peru), Manu Buffara (Brasil), Dominique Crenn (AEB), Trine Hahnemann (Danimarka), Elena Reygadas (Mexiko), Pia León (Peru), Josh Niland (Australia), Narda Lepes (Argentina) eta ThiTid Tassanakajohn (Ton) (Thailandia).

Ekimen eraldatzaile bat

Basque Culinary World Prize saria 2016an eman zen lehen aldiz, gastronomiak nola eralda dezakeen erakusten duten lekukotzak biltzeko. Sariak bikaintasunerako bokazioa duten gizon eta emakume ekintzaileen lana nabarmentzen du; berritzaileak eta sortzaileak dira, saiatuak, baina, batez ere, gizartearekin konprometituta daude.

1.200 izendapen eta 42 herrialdetako 800 izendatu baino gehiago aztertu ditu prentsak “Gastronomiaren Nobela” izena eman dion eta nazioarteko prestigiodun akademikoek eta adituek —tartean sukaldari garaikiderik onenetako batzuek— babesten duten sari honek.

Gastronomia hainbat arloren motor bihur daitekeela —gizarteratzearena, jasangarritasunarena eta hezkuntzarena, besteak beste— erakusten duten mundu osoko chefak izendatzen hilabete baino gehiago jardun zuten industriako eta sektoreko profesionalek eta erakundeek. Basque Culinary Centerrek, berriz, lantalde bat jarri zuen abian, hainbat profil bilatzeko eta egiaztatzeko prozesu sakon bat egin zezan.

Ekainaren 7an, Basque Culinary World Prizek iragarri zuen Ebru Baybara izan zela Basque Culinary World Prize 2023 sariaren irabazlea, eta bi aipamen berezi ere egin zituen. Horrela, berriz ere agerian utzi zuen gaur egungo erronkak ikusgai jarri nahi dituela, eta bikaintasunerako bokazioa duten chef ekintzaileen profilak identifikatu: chef berritzaileak, sortzaileak eta saiatuak, beren komunitatearekin konprometituak eta gastronomiaren fenomeno iradokitzaile eta kutsakorraren adibide direnak.

Horregatik, Ebru Baybararen lanaz gainera, epaimahaiak beste bi chefen lana aintzatetsi du, eta aipamen bereziak egin dizkie Nicole Pisaniri (Erresuma Batua), ikastetxeetako haurren elikadura ulertzeko modua goitik behera aldatzeagatik eta lehen hezkuntzako eskoletako catering-zerbitzu kolektiboa berritzeagatik, haurren gorputza eta burua elikatzeko; eta Heidi Bjerkani (Norvegia), ekonomia zirkularrean oinarritutako sukaldaritza-eredu ugari ezartzeagatik, gizarte-errealitatearekin konprometitutako gastronomia, ekoizle txikiak, gizarte-ekintzaileak eta hezitzaileak bilduz.

Urtero, Basque Culinary World Prizek, irabazlearen eta aipamen berezien bidez, mezu bat bidaltzen du, jende guztia konturatu dadin zenbat arlotan lagundu dezaketen sukaldariek. Aurten, elikagaien segurtasuna izan da hizpide, baita immigrazioarekin lotutako gizarteratzea eta talentuaren dibertsifikazioa ere, besteak beste.

Editoreentzako oharrak

  1. Basque Culinary World Prize saria Eusko Jaurlaritzak eta Basque Culinary Centerrek ematen dute, Euskadi Basque Country estrategia integralaren barruan. Estrategia hori herrialde-marka bat da, eta, haren indarguneak eta berezitasunak abiapuntutzat hartuta, bikaintasunaren erreferentzia gisa kokatzen ari da lurraldea, bizi-kalitatearen eta gizarte-kohesioaren eredu gisa, eta lurralde berritzaile eta lehiakor gisa
  2. Basque Culinary Center erakunde akademiko aitzindaria da mundu mailan, unibertsitateko hezkuntza ematen baitu, eta gastronomiaren potentziala garatzen hezkuntzari, ikerketari, berrikuntzari eta ekintzailetzari lotuta. 2009an sortu zen, Donostian, eta, orduz geroztik, sektorea profesionalizatzen laguntzen duen diziplinarteko espazio bat sortzera bideratu ditu ahaleginak. Sortu zenetik, erakundeak ekimen eta proiektu ugariren bidez garatu du gastronomiaz duen 360°-ko ikuspegia. Aurten, izandako lorpenak eta erakundearen balioetan oinarritutako etorkizuneko erronkak ospatuko dira: grina, bikaintasuna, berrikuntza eta gizarte-konpromisoa.
  3. 2023ko martxoa eta maiatza bitartean izan zuten aukera ekimen eraldatzaileak dituzten chefak izendatzeko gastronomiaren sektoreko profesionalek, erakundeek eta adituek; gainera, barnean ere izendapenak bilatzeko eta egiaztatzeko prozesu bat jarri zen abian.
  4. 2022ko edizioaren irabazlea Fatmata Binta izan zen, Afrikako tribu nomada handienaren sukaldaritza-kulturan dagoen potentzialaren inguruan egiten duen dibulgazio- eta garapen-lanagatik; 2021ean, Xanty Elíasek irabazi zuen Basque Culinary World Prize, haurren elikadura-hezkuntzan eragiteagatik, “Haurrek etorkizuna jaten dute” ekimenaren bidez; 2020an, José Andrés chefak eskuratu zuen saria, World Central Kitchen-en bidez COVID-19ak sortutako krisiari erantzun sendo, global eta iradokitzailea emateagatik; 2019an, Anthony Myint saritu zuten, gastronomia klima-aldaketari aurre egiteko motor gisa erabiltzeagatik; 2018an, Jock Zonfrillo chef eskoziarrak jaso zuen, Australiako jatorrizko herrien elikadura-oroimena babesteagatik, eta antzinako kultura hori aurkitzeko eta aldarrikatzeko lanari ekiteagatik; 2017an, Leonor Espinosa chef kolonbiarrari eman zioten saria, Funleoren bitartez Kolonbiako herrien antzinako jakintza aldarrikatzeagatik. Lehenengo urtean, María Fernanda di Giacobbe (2016) chef venezuelarrari eta hezkuntzan, ekintzailetzan, ikerketan eta garapenean oinarritutako haren ekimenari eman zioten BCWP saria. Ekimenak kakaoa du ardatz, Venezuelako nortasunaren, kulturaren eta aberastasun ekonomikoaren iturri gisa.
  5. Informazio gehiago: basqueculinaryworldprize.com
  6. Hementxe dituzue irabazlearen eta haren lanaren argazkiak eta bideoak, argitaratzeko erabilgarri:

Informazio gehigarria