Australiako Gobernuaren ordezkaritza batek Euskadi bisitatuko du Eusko Jaurlaritzaren itzulpen sistema ezagutzeko

Argitalpen-data: 


      Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala
  • Australiako Osasun Sailak Eusko Jaurlaritzaren IZO zerbitzua hartu du adibidetzat, osasun-zentroetan eta beste zerbitzu batzuetan idatzizko itzulpen-sistema hobetzeko
  • Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak hartuko du ordezkaritza abenduaren 11n, astelehena, Gasteizen.

Abenduaren 11tik 15era, Australiako Gobernuko bi ordezkarik eta herrialde bereko The Royal Melbourne Institute of Technology Unibertsitateko bi irakaslek osatutako ordezkaritza batek Euskadi bisitatuko du, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren IZO sistema ezagutzeko. IZO Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala da eta administrazioko euskararen eta euskararen itzulpengintzaz eta interpretazioaz arduratzen da.

Australiako Gobernuko Osasun Sailak hainbat zerbitzu publikotan eta, bereziki, osasun-zentrotan herritarrekin komunikatzeko duen idatzizko itzulpen sisteman atzemandako gabezien barruan kokatzen da bidaia hau. Australia atzerriko jatorriko biztanleen % 50eko herrialdea da, eta 400 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira bertan. Testuinguru horretan, pandemiak agerian utzi zituen ingelesa menderatzen ez duten pertsonen arazoak Gobernuaren komunikazioak ulertzeko orduan.

Detekzio horren ondoren, Australiako Osasun Sailak hainbat itzulpen sistemei buruzko interesa agertu zuen, eta interes berezia agertu zuen Eusko Jaurlaritzaren Itzultzaile Sistema Ofizialaren metodoan. Australiako ordezkaritzak bidaia honetan dituen helburu nagusiak honako hauek dira, besteak beste: sistema etengabe hobetzeko mekanismoak, banku terminologikoak, hizkuntza-laguntza edo barne-itzulpena.

Horrela, bisitan zehar, IVAPeko eta IZOko arduradunen eskutik, Australiako ordezkaritzak hizkuntza politikak, itzulpen metodoa, langileak hautatzeko prozesuak, itzulpen tresna digitalak edo IZO sistemaren kalitate kontrolak ezagutzeko aukera izango du, baita euskararen jatorria eta euskarak administrazioan duen egoera ere. Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Olatz Garamendik astelehenean, abenduaren 11n, harrera egingo dio australiar ordezkaritzari Gasteizen eta bilera izango du haiekin.

IZO, Itzultzaile Zerbitzu Ofiziala

IZOren helburua da Eusko Jaurlaritzaren administrazioak euskaratik eta euskararako dituen itzulpen eta interpretazio alorrean dituen beharrak asetzea, eta sektore publikoari zerbitzu hori eskaintzea, kalitatez eta euskararen erabilera sustatuko duten baldintzetan, bai eta euskarazko terminologia juridiko-administratiboa finkatzea eta zabaltzea eta administrazioan euskarazko testugintzarako tresnak eta baliabideak ere. Hori guztia, administrazioan euskararen erabilera bultzatzeko, euskararen erabilera normalizazioa xede.

Informazio gehigarria