El lago, La casa vacía, Hurrengo geltokia, Amaraun eta Hitaz orhoit ikuskizunak eskainiko ditu Euskadiko Dantza Zirkuituak asteburu honetan
2023ko azaroaren 29a. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Sarearen bidez antolatzen duen Dantzaren XIX. Zirkuituak 7 ikuskizun aurkeztuko ditu asteburu honetan –abenduaren 1etik 3ra bitarte– Zigoitian, Amorebieta-Etxanon, Basaurin, Durangon, Elorrion, Galdakaon eta Getxon.
Askotariko ikuskizunak, ikusleek mugimenduz, musikaz eta gogoeta interesgarriz betetako uneak bizi ditzaten. Hona hemen datozen egunetako agenda:
Abenduak 1, ostirala
El Lago - LaMov
Obra horretan, Errusiako balletaren paradigma hori berrikusiko du Víctor Jiménezek, ohiko ezaugarri dituen etengabeko ikerkuntza eta erritmoaren, mugimenduaren eta argi-arkitekturen esperimentazioa erabiliz, eta LaMoven hizkuntza transgresorea paregabe bihurtu duen sentsibilitate liluragarria erakutsiz.
Ezinbestean tragediarekin lotutako ezinezko maitasun baten ohiko kontakizunetik urrun, beltxarga zurien ustezko geldiune bat bailitzan ageri da gizartea irudimeneko aintzira honetan, baina beltxarga beltza itxurakeriez biluztu da, errebeldia-ekintza horren bidez egiara eta askatasunera iristeko asmoz.
Berriz ere, originaltasun handiko ikuskizuna dakarkigu Jiménezek, eta dantzariek gainditu egin dituzte muga fisiko, plastiko eta interpretaziokoak. Horren guztiaren emaitza, ikusleen eta kritikaren harrera bikaina.
Zuzendaritza artistikoa eta koreografia: Víctor Jiménez
Lekua: Zornotza aretoa, Urbano Larruzea zk.g., Amorebieta-Etxano
Ordua:20:00
Amaraun - Lanku
Musika, kantua eta dantza uztartzen dituen ikuskizuna da AMAraun, amatasunari buruzko hausnarketa-lana. (Ama) izateko edo ez izateko erabakiak ematen dio hasiera performanceari, eta amatasunaren zenbait esperientzia aurkezteko aukera ematen du horrek, ezagutzen ditugun ereduen eta nahiko genituzkeen ereduen arteko trantsizioan. Era guztietako amatasunen errekonozimendua eta horiekiko enpatia, eta figura horrek gizartean duen rolari buruzko hausnarketa.
Sorkuntza: Oihana Iguaran, Amaiur Luluaga.
Lekua: Social Antzokia, Nagusia 2, Basauri.
Ordua: 20:00
La casa vacía - Proyecto Larrua
La casa vacía hil berri den artista baten eta haren bikotekidearen historia da. Biek artearekin, maitasunarekin, ahanzturarekin, bakardadearekin, memoriarekin, hauskortasunarekin eta hutsarekin duten harremana. Haien bizitzaren kontakizuna, haien historia, sendatu eta ahaztu ahal izateko.
La casa vacíak dantza, antzerkia eta dokumentala uztartzen ditu, eta eszenak zatikatuta datoz, collage batean bezala. «Bizitzaren, irudien eta oroitzapenen collagea». Antzezleak collage horren parte dira, hainbat egoeratan. Batzuetan, aktiboki hartzen dute parte oroitzapen horien barruan, eta, beste batzuetan, oroitzapenen lekuko eta ikusle dira.
Pieza honetan, dantza garaikidea eta antzerkia bizikide dira, artista plastiko ezagun baten bizitzan mapa edo ibilbide bat markatzen duen dokumentala filmatzen den bitartean, eta antzezleak historia horietan murgiltzen dira, hainbat modutara.
Koreografia:Jordi Vilaseca
Dramaturgia:Jordi Vilaseca & Pedro Casas
Lekua:Arriola Antzokia, Elizburu 3, Elorrio
Ordua:20:00
Abenduak 2, larunbata
Hurrengo Geltokia - Aukeran Dantza Konpainia
Bizitza, bidaia gisa ulertuta, eta maletak, norbanakoaren eta barruan dituen probabilitateen metafora, guztiontzat berdintsuak diren indarrak eta gaitasunak dituen bizi-prozesuaren kohesio-elementuak dira. Bidaiari bakoitzak bere ekipajearen zama darama gainean. Eta, bidaiaren azken zatian, oroitzapenen adinean, bakardadeak horrenbeste izen dituen tarte horretan, husteko zorian daude maletak, higatuta. Luzea da iragandako denbora, eta oraina desegiten ari da, trakets. Erlojuek gure izate iragankorra erretratatzen dute. Geltokia erbestearen hasiera da: geraleku bat zorionean, eternitateari uko egitea.
Lekua: Zigoitiko Kultura Etxea, Bengolarra, Zigoitia.
Ordua: 19:00
Lasala 10 urte - LASALA
LASALAk, Judith Argomanizek zuzendutako dantza garaikideko konpainiak, 10 urte bete ditu. 2013an sortu zenetik, konpainiak ikertzen dihardu etengabe lengoaia fisiko bat eta egungo estetika bat sortzeko, taldearen kezkak islatzeko asmoarekin. Ibilbide bizia eta aberasgarria izan du, inolaz ere, eta, horri esker, lengoaia koreografiko sendoa lortu du, konpainiaren zigilu ukaezina. Bere lanen bidez ikus daiteke LASALAren bilakaera. Ikuskizun honetan, taldearen piezarik enblematikoenez gozatuko dugu, eta hasieratik gaur egunera arteko bidaia bat izango da publikoarentzat.
Konpainiak aintzatetsia ikusi du bere lana bai Euskadin, bai Espainiako estatuan eta bai Europan eta beste herrialde batzuetan, hala nola Taiwanen eta Kanadan, horietaraino iritsi baitira LASALAren proiektu koreografikoaren uhinak.
Zuzendaritza artistikoa: Judith Argomaniz
Lekua: Social Antzokia, Nagusia 2, Basauri.
Ordua: 20:00
Abenduak 3, igandea
Hitaz Orhoit - Kresala Dantza Taldea
Hitaz Orhoitbasakeriaren eta zentzugabekeriaren biktima ikusezinen oroimenez sortutako obra da, gogoan hartuta emakumeak direla biktima horietan gehienak. Pieza subliminala, errautsetatik berpizten den arimaren babes espiritualeko mantu gisa hartu dituena argia eta haren aztarna. Idatzi gabeko alegorien mundu bat da Hitaz Orhoit, eta haren barnean bertikalki murgiltzean –horixe da haren sortzeko modua–, negatiboa dena sorkuntza-ekintzaren aszesi dual eta katarsi positibo bihurtzen da, izugarrikeria burugabe horren basakeria ez ahazteko.
Obra honetan, dantza gisa hartu du keinua Kresala Dantza Taldeak, ekintza enpatiko hori barneratuz, hitzik gabeko gorputz-hizkuntza baten gainean artikulatutako trama bat zifratuz, eta, hemen, antzeztea «izatea» da, eta, beraz, «egotea» esan nahi du —ez «itxurak egitea»–, «ikusi, entzun eta isildu» kode zahar eta zaharkituarekin alderatuta. Azken batean, zentzumenetatik hautemateko antzezpen koreografikoa da, dantzariak airean marrazten baitu bere itzala, mugimenduaren sentsualitatearen eta keinuaren emozioaren artean, eta dantza da obraren protagonista bakarra, bene-benetako protagonista.
Zuzendaritza artistikoa: Faustino Aranzabal, Idoia Ibarzabal.
Lekua: Muxikebarri - Getxoko Arte, Kultura eta Kongresuen Zentroa, Basagoiti etorbidea 77, Getxo
Ordua: 19:00
El Lago - LaMov
Obra horretan, Errusiako balletaren paradigma hori berrikusiko du Víctor Jiménezek, ohiko ezaugarri dituen etengabeko ikerkuntza eta erritmoaren, mugimenduaren eta argi-arkitekturen esperimentazioa erabiliz, eta LaMoven hizkuntza transgresorea paregabe bihurtu duen sentsibilitate liluragarria erakutsiz.
Ezinbestean tragediarekin lotutako ezinezko maitasun baten ohiko kontakizunetik urrun, beltxarga zurien ustezko geldiune bat bailitzan ageri da gizartea irudimeneko aintzira honetan, baina beltxarga beltza itxurakeriez biluztu da, errebeldia-ekintza horren bidez egiara eta askatasunera iristeko asmoz.
Berriz ere, originaltasun handiko ikuskizuna dakarkigu Jiménezek, eta dantzariek gainditu egin dituzte muga fisiko, plastiko eta interpretaziokoak. Horren guztiaren emaitza, ikusleen eta kritikaren harrera bikaina.
Lekua: San Agustin Kulturgunea, San Agustinalde 12, Durango.
Ordua:19:00






