"Dantza KM0" ekimenak izen handiko profesionalak bilduko ditu Gasteizen: Jorge Moro, Aiara Iturrioz, Celia Dávila eta Urko Fernández
Gasteizko lau dantzari bilduko dira Felix Petite Antzokian abenduaren 28ko 19:00etan egingo duten galan
Sarrerak dagoeneko eskuragarri daude entradium plataformaren bidez
Abenduaren 28an, 19:00etan, egingo da ‘Dantza KM0’ dantza-jaiaren lehen edizioa. Hitzordu horren helburu nagusia da “made in Araba” tokiko talentua eta dantza ikusgai jartzea eta balioa ematea, baina, aldi berean, artisten eta publikoaren arteko topagune bihurtzen eta Arabaren eta dantzaren arteko kontakizuna sortzen ere lagundu nahi du.
Horretarako, proiektuari esker, beren ibilbidea jaioterritik urrun garatzen ari diren eta dantzaren munduan izen handia duten gazte profesional gasteiztarrak elkartuko dira. Haien jaioterriarekin, senideekin, lagunekin eta Gasteizko publikoarekin berriro elkartzeko unea izango da. “Ekimen honen bidez, tokiko talentuan eragin eta tokiko artistei ematen zaien laguntza handitu nahi dugu, sortu den tokiaren eta kontsumitzen den lekuaren arteko distantzia gutxituz”, adierazi du ekimena antolatu duen dantza-konpainiak, Proyecto Larruak.
Bestalde, Kultura eta Hezkuntza zinegotziak,Sonia Díaz de Corcuerak, honako hau gehitu du: “’Dantza KM0′ Udalaren helburuekin bat datorren proiektua da: Gasteizko talentuari balioa ematen dio eta ikusgai jartzen du, lehen mailako dantza herritarrei gerturatzen die eta hiriari aisialdiko proposamena eskaintzen dio. Gainera, hori guztia Proyecto Larrua konpainiaren eskutik egingo dugu. Konpainia horrek hiri honekiko duen konpromisoa agerian utzi izan du tokiko talentua sortzen eta Gasteizen gara dadin espazioa ematen modu aktiboan lagunduta”.
Jaia 60 minutuko iraupena izango duten dantza-ikuskizunen gauak osatuko du. Felix Petite Antzokian egingo da eta era askotako ikuskizunak bilduko ditu. Hala, ekitaldi dinamikoa, freskoa, berritzailea eta tokiko talentuarekin konprometitutakoa eskainiko dute: bakar-saioak, bariazioak, duetoak eta beste proposamen batzuk. Zehatzago esanda, Gasteizen jaiotako lau dantzarirekin gozatzeko aukera izango da. Gehienek prestakuntza Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioan hasi zuten eta orain haien ibilbide profesionalak gure mugez harago jarraitzen du: Jorge Moro, Aiara Iturrioz, Celia Dávila eta Urko Fernández.
Jorge Morok mundu mailako estreinaldiko dantza garaikide- solo bat antzeztuko du gala honetan. Bere prestakuntza Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioan hasi zuen. 2013an, Frankfurt am Main Musika eta Arte Eszenikoen Unibertsitatera joan zen eta han Marc Spradling-ek, Nora Kimball-ek eta Andrea Tallis-ek emandako eskolak jaso zituen. Ikasten ari zela, katalogoa garatu zuen William Forsythe, Regina van Berkel, Ivan Pérez… eta beste hainbatentzat 2016an, hasiera batean Hesseko Estatu Balletaren gonbidapena jaso zuen eta gero, 2017/2018 denboraldirako, modu iraunkorrean kontratatu zuten. Ordutik, nazioarteko panoramako koreografo garrantzitsuenentzat egin du dantza: Hofesh Schecter, Sharon Eyal, Damian Jalet…
Bestalde, Aiara Iturriozek Stuttgar dantza taldeko dantza-kidearekin, Moacir Oliveirarekin, dantzatuko du dantza klasikoko pieza. Dantzari horrek 2003an hasi zuen balleteko prestakuntza Jose Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioan. 2010ean, Sturttgartera joan zen John Cranko Schulen bere prestakuntzarekin aurrera jarraitzeko. 2012an graduatu zen han. Akademian egin zuen azken urtean, Sturttgarteko Balleteko hainbat ekoizpen-lanetan egin zuen dantza, balleteko corps delakoan. Arrakasta lortu zuen hainbat lehiaketatan: 2007an, lehen saria eskuratu zuen “Dantzari Gazteentzako Bilboko Nazioarteko Jaialdian” eta 2010ean ere lehen saria eskuratu zuen “Torrelavegako Dantzako Nazioarteko Lehiaketan”. 2012/2013an, Stuttgarteko Balletean ikastun gisa sartu zen eta, hurrengo denboraldian taldeko kide bihurtu zen.
Celia Davilak Dantza Konpainia Nazionaleko dantza-kidearekin, David Lozanorekin, ballet emanaldia eskainiko du. 1997an jaio zen eta dantzarekin lehen harremana lau urterekin izan zuen. Zazpi urte zituela, Uruñuela Udal Dantza Kontserbatorioan hasi zen. Prestakuntza hainbat bekarekin osatu du: Canneseko École Supérieure de Danse eskolan, Rosella Hightower-en, L’Académie Princesse Gracen, Monakon, edo School of Boston Balleten. 2016an Madrilera joan zen Escuela de Ballet Carmina Ocaña y Pablo Savoye eskolan bere prestakuntzarekin aurrera jarraitzeko. Hainbat sari eskuratu ditu Estatuko eta nazioarteko lehiaketetan: Riba-roja de Túriako Nazioarteko Lehiaketan, Bartzelona Hiriko Lehiaketan, Torrelavegako Lehiaketan edo Bilboko Gazteen Sarietan. 2018an, dantzari gonbidatua izan zen Antonio Ruiz dantza-konpainian, Picasso lanean Olgaren rola eginez. 2019ko uztailean, On Kixote emanaldian hartu zuen parte Dantza Konpainia Nazionalean, eta urte bereko irailean, bertako kide bihurtu zen Joaquín De Luz zuzendari artistikoa zela.
Urko Fernandezek dantza garaikideko proposamen bat ekarri du “Dantza KM0” galara. Gimnasia artistikoan hasi zen 10 urterekin eta jarraian dantza klasikoan, jazzean eta hip-hopean trebatu zen. 180º Dantza Eskolan Dantza Garaikideko/Modernoko lanbide-heziketa jaso zuen eta ahots-teknikako eskolak jaso zituen Oscar Martínez Gilekin. Bere ibilbide profesionalak aurrerapauso nabarmena eman zuen 2016an Larumbe Dantzarekin eta 2017an, aldiz, Landestheater Linz-eko (Austria) dantza-konpainian sartu zen. Bi urte geroago, Alemaniako Theater Nordhausen-era joan zen 2021eko udara arte. Denbora-tarte hartan, dantza garaikideko nazioarteko koreografoekin lan egin zuen. Gainera, musikal eta opera hauetako kidea ere izan zen: ‘Un americano en Paris’, ‘Cabaret’, ‘Aida’ eta ‘El conde de Luxemburgo’. 2022ko hasieran, Estatura itzuli zen ‘Mamma Mia!’ musikalean parte hartzera, orain ‘Chicago’n parte hartzen ari da. Proiektua Psikologia graduko ikasketekin bateratu du.
Profesional horien emanaldiei Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioko 5. eta 6. mailako ikasleena gehituko zaie, Gasteizen dantzaren prestatzaile eta defendatzaile gisa egindako lanagatik omenaldi gisa gonbidatu baitzaie.
Horixe izango da proiektu honen lehen edizioa, baina etorkizunean ere aurrera jarraitzea eta, hala, urtez urte dantzarien belaunaldi berriei ikusgarritasuna eman nahi die, dantzarien lana ikusgai jarriz eta egindako lanaren kontakizuna sortuz.
Jai horretarako sarrerak dagoeneko eros daitezke entradium plataformaren bidez.
Proyecto Larrua
Proyecto Larrua orain zortzi urte sortu zen dantza garaikideko konpainia profesionalak Araban finkatzearen alde egindako apustuaren baitan. Bere helburua zen jarduera honetarako oinarriak zerotik hasita finkatzea: sorkuntza artistikoa, dantza-prestakuntza eta bitartekaritza. Horrek guztiak helburu hauek zituen: dantza garaikidea gerturatzea, elikatzea, erakustea eta herritarrekin partekatzea. Gasteizen oinarritutako beste dantza-konpainiarik ez zegoen garaian, konpainia honek bidea ireki zuen etorkizunean beste konpainia eta profesional batzuek beren jarduera artistikoa garatzeko hiritik atera behar izan ez zezaten
Proyecto Larrua Jordi Vilasecak eta Aritz Lópezek zuzentzen dute. Koreografiari eta dramaturgiari dagokienez, konpainiak fisikalitatea eta emozioa bateratzeko moduari eta hori gero eszenifikatzeko moduari buruzko ikuspegi pertsonala du. Hala, ikuslearen imajinario komuneko elementuak erabiltzen ditu horiek gero moldatzeko. Ikuspegi pertosnal horren ondorioz sortu dira haien katalogoa osatzen duten eta Euskal Herrian, Estatuan, Europan, Erdialdeko Amerikan eta Asian agertokietara eraman dituzten lan koreografikoak. Besteak beste, jaialdi hauetan egon dira ikusgai: Madrid en Danza, Cadiz en Danza, Mes de Danza de Sevilla, Dferia, Festival de Artes Escénicas de Costa Rica, Fest´arts, eta Koreako New Dance International Festival.
Konpainia honek hiriguneetarako eta gune ez-konbentzionaletarako lanak sortzeko interes berezia du publikoak sortzen dituen testuinguru berriak eta haiekin sortzen den harremana direla eta. Lan horietako batzuek aitortza jaso dute MasDanza jaialdian edo Leioako Umore Azokan adibidez. Azken horretan, adibidez, hazten ari den konpainia onenari emandako saria jaso zuen. Gainera, hainbat erakundek enkarguz egindako sorkuntza-lanak ere egin ditu. Horietako bat izan da, adibidez, UNESCO.
Konpainiaren nortasun-ezaugarrietako bat dira antzerkirako egiten dituen ekoizpen-lanak. Dantzak soinu-espazioarekin, argiztapenarekin eta eszenografiarekin bat egiten du bere unibertso propioa sortzeko. Lotura horren ondorioz sortu zen Otsoa lana, adibidez, 5 Max saritarako hautagaia izandakoa, Baserri, 3 Max saritarako hautagaia eta Ojo de Buey. Lan horiek, gainera, hainbat zirkuitutan egon izan dira ikusgai: Red Sarea, Platea, A Cielo Abierto, Red de Navarra eta Madrilgo Komunitateko katalogoa.
Baina larruaren helburua ez da soilik koreografikoki lan egitea; izan ere, beste arlo batzuk ere landu nahi ditu eta horietako bat da prestakuntzarena. Horren guztiaren emaitza da LarruaLab programa, Gasteizen egiten den dantza garaikideko mintegia eta hiriari ikusgarritasuna ematea helburu duena.


